Damutzen ez direnak
Itxaso Araque Barriuso
Elkar, 2013
Damutzen ez direnak du izena Itxaso Araque idazle gaztearen eleberriak. Liburua osatzen duten 248 orrialdeak arin eta plazerez irakurtzen dira, hainbat arrazoi tarteko. Hiru pertsonaia, hiru eszenatoki, hiru istorio eta hiru narratzaile.
Stuart, Andreas eta Naroa dira hemen biltzen diren hiru istorioen protagonistak. Hiru gazte, baliteke, 30 urte inguruko belaunaldiaren erakusle, Europako beste horrenbeste hiritan sakabanaturik: Berlin, Milan eta Londres. Kosmopolitismoa agerikoa denez gero, hiri handi masifikatuetan ematen diren problematikak ere ez dira falta: arrakasta eta handinahiaren arriskuak, gizarte hierarkia gordina eta estatus sozialaren garrantzia, boterearen ustelkeria, indibidualismo bortitza, “benetazko” erlazioen zailtasuna.
Sistema, eta hein handi batean gure bizitza, gidatzen duten balore horiek guztiek nolabaiteko printzipio pertsonalen bazterketa dakartenean sortzen da barne eztabaida: bizitzan gustatzen ez zaizkigun gauza asko egin behar ditugu. Ezin dugu beti gogoak agintzen diguna egin. Nahi edo ez, dirua behar dugu bizirauteko (191. orr). Termino psikoanalitikoei heltzearren, ni-a eta beste ni-aren arteko tentsio hura iruditu zait protagonisten istorioak, bakoitza bere adierazpen pertsonalean, elkartzen dituen eleberriaren konstanteetariko bat.
Umetan nahi dugun guztia lor dezakegula esaten digute eta ametsak sortzera bultzatzen gaituzte (192. orr). Arrakastatsu izatera bultzatzen duen diskurtso baten menpe bizi gara eta, arrazoi asko eta desberdinengatik, gure desioei entzungor egiteko ohitura geureganatzen dugu. Momentu batean, baina, konturatu zara bidean utzi duzuna faltan botatzen duzula (185. orr), eta aurrera egin ezinean sentitzen dira pertsonaiak. Inflexio puntu horretan, iragana eta orainaren artean harrapaturik, gaztaroko ametsak berbideratu nahian aurkituko dira, orain arte egindakoaz damutze edo ez damutze puntu batean.
Irakurlea pertsonaien ibilbide horren lekuko bilakatzen da; beren beldurrak eta zalantzak kanpoko munduarekin eztabaidan ikusten ditugunean, gu ere partaide garen gizarte baten kontzientzia, beste behin, bereganatzen dugu.
Horra Itxaso Araque Barriusoren liburuari heltzeagatik ez damutzeko arrazoiak.
Larunbatean pertsona talde batek Tolosaldeako Kontseilu Sozialistako kide bati eraso egin ziola salatu dute. Azaldu dutenez, "faxistei aurre" egin zien propaganda jartzen ari zirela, eta piperbeltz espraiarekin zipriztindu zuten.
Haurdunaldian diren emazte bakartuentzat, harrera-leku bat proposatuko du La Maison des Sept Vallées elkarteak Donibane Lohizunen. Pariseko bikote jabe pribatu baten gogoan sortu zen xedea. Donibane Lohizunen, 2021ean Iturria izeneko etxea erosi eta, bazter bastizetan... [+]