Nazioarteko urak, 1942. Ejertzito britainiarrak Essexeko kostaldetik hamahiru kilometrora dagoen hondarpe baten gainean HM Fort Roughs itsas gotorlekua jarri zuen. Bi dorreen gaineko plataformak 550 metro koadroko azalera besterik ez zuen, baina Bigarren Mundu Gerrak iraun bitartean itsas armadako 150 kideko taldeak okupatu zuen. 1956an utzi zuten plataforma azken soldaduek.
1976ko irailaren 2an, armada britainiarreko komandante ohi Paddy Roy Bates-ek Roughs Tower plataforma hartu, bere burua Sealandeko printze izendatu eta zementu zatiaren subiranotasuna aldarrikatu zuen. Hurrengo urtean, britainiar itsas armadako ontzi bat “errege familia” Sealandetik botatzen saiatu zen, baina printzerriko biztanleek tiroz erantzuten zuten. Royren seme Charles –gaur egun Sealandako Charles I.a printzea– epaitegietara eraman zuten, baina auzia bertan behera utzi zuen Chelmsfordeko auzitegiak, erasoa britainiar uretatik kanpo gertatu zela argudiatuz.
1978an, Bates kanpoan zela, Alexander G. Achenbach “lehen ministroak”, sealandar talde baten babesaz, gotorlekua indarrez hartu zuen. Batesek kontraerasoa prestatu zuen: helikoptero bat lortu, printzerria berreskuratu eta errebeldeak “gerrako presotzat” jo zituen. Gehienak gatazka amaitzean askatu zituzten, baina Gernot Pütz alemaniar abokatua traidoretzat jo eta preso atxiki zuten. Londresko enbaxadako alemaniar diplomatiko batek bitartekari lanak egin behar izan zituen Pütz askatzeko. Achenbachek eta haren jarraitzaileek erbestaldian Sealandeko legezko gobernuko kideak zirela aldarrikatzen jarraitu zuten arren, printzearen begietan hura beste garaipen handi bat izan zen Sealandeko historia loriatsuan.
90eko hamarkadan, esperpentoa biribiltzeko, espainiar guardia zibil ohi bat sartu zen herrialde ñimiñoaren ibilbide labur eta mamitsuan. Francisco R.T.-k Sealandeko enbaxada muntatu zuen Madrilgo Serrano kale garestian, eta bere burua erregeoerde izendatu. Laguntzaile talde bat osatu zuen, kargu diplomatikoak eman zizkien, beren autoei matrikula diplomatiko faltsuak jarri, benetako enbaxadetako festetan gonbidapenik gabe azaltzen zen... Eta milaka pasaporte saldu zituen 9.000 eta 55.000 dolar bitarteko prezioan, baita noblezia tituluak ere. 1997an, sarea desegin eta arduradunak atxilotu zituztenean, Sealandek 160.000 biztanle zituen, pasaporte kopuruan oinarrituta behintzat.
2007an printzerria salgai jarri zuten 750.000 milioi euroren truke, Espainiako Inmonaranja agentziaren bidez. Espainiar “enbaxadarekin” izandako eskarmentua ez zen nahiko izan, nonbait.
Erosleren bat azaldu bitartean, gaur egun, printzerriak noblezia tituluak eta hainbat merchandising produktu eskaintzen ditu plataformaren albo batean letra handiz iragartzen den www.sealandgov.org webgunean.
Beste detektibe triste baten telesail bat ikusi berri dut. Eskoziako irla urrun batean gertatzen dira trama guztiak. Badakizue nola funtzionatzen duten fikzio horiek: hildako asko, jende arrunta baina ez hainbeste, eta paisaia berde iluna. Oraingo honetan duela urte pila bat... [+]
Japonia, VIII. mendea. Nara Aro betean furoshiki terminoa erabiltzen hasi ziren, baina Edo Arora arte (XVII-XIX. mendeak) ez zen hedatu. Furoshiki objektuak ohialetan biltzeko artea da, baina bere etimologiak garbi uzten du bere jatorria: furo hitzak bainua esan nahi du eta... [+]
Duela 3.300 urteko egiptoar momia batean Yersinia pestis-en arrastoak topatu berri dituzte, hau da, VI. mendean Justinianoren izurria eta XIV. mendean Izurri Beltza eragin zuen bakterioarenak.
Adituek orain arte uste zuten garai hartan izurria soilik Eurasian hedatu zela,... [+]
Groenlàndia, finals del segle X. Els primers exploradors i colons nòrdics van arribar a l'illa. Però per al segle XV aquests assentaments estaven abandonats i van quedar els inuitas originals. Però en 1721, el missioner Hans Egede va organitzar una expedició i els colons van... [+]
Tafallan, nekazal giroko etxe batean sortu zen 1951. urtean. “Neolitikoan bezala bizi ginen, animaliez eta soroez inguratuta”. Nerabe zelarik, 'Luzuriaga’ lantegian hasi zen lanean. Bertan, hogei urtez aritu zen. Lantegian ekintzaile sindikala izan zen;... [+]