argia.eus
INPRIMATU
Lilia Brik eta zapatistak
  • Oier Guillan: Elkartasun basatia

    Susa, 2013
Igor Estankona 2013ko maiatzaren 08a
Ufa, Oierrek hain gogor heltzen dio liburuari non malkoak eta amorrua nahastu baitzaizkidan odolean ia. Esan gabe doa lehen poema hori, kantu bat ia, sentikor eta biribila da; Benitoren antzera kokatzen gaitu munduan, Otamendiren gisara definitzen du nazio bat, gure Liberia, urruntzen ari dena.

Baina bere erara hunkitu gaitu oraingoan Guillanek, ez inoren diskurtsoarekin. Bera izateari utzi gabe eta prosaikokeriak aparte utziz aritu da buru-belarri. Entzun dut Oierren hankapean oholtza karraska –“salbatzeko modua izan daiteke Teatroa”– eta entzun dut musika bafleetatik –Baldin bada, Beti mugan, Silvio...– eta liburuak utzi nau lehengo antzera, baina askoz hobeto: “Maitatuak izatea merezi duten gauza guztiak/ maitatu nituen nik./ Desagertu egin naiz haietan./ Baina oraindik gorria da nire sudurra”.

Eskuen sustraiak
(Susa, 2009) baino aberatsagoa, kontraesan handiagokoa, gordinagoa da Elkartasun basatia. Titulutik bertatik hasita indar itsuei bide ematen die idazle askoz poetago batek, azkenean forma hartu balu legez ahalegin estetiko eta politikoaren nahaste zail horrek. Epika fin bat eta galtzailearen apologia astun ez den bat erabiliz lortzen du hori. Zelanbait, berdetzen eta itzultzen ari dira abandonatu genituen ametsak, antzaldaturik eder: “Eta onartu oraingo hauek direla garai onenak”. Optimismo hori da konpromisoa.

Eta denborak protagonismo itzela dauka. Batzuetan erraz ezagutu daiteke poetaren gaztaroa eta errepasatu 70eko hamarkadan jaiotakoen nahi eta ezina. Beste batzuetan inspirazio eta bulkada bat-batekoa da eta ez dauka nostalgia gramo bat ere. Astiro-arin, urrun-gertu, atzo-orain konbinatuz lortzen du argazki bat bizitzarena sano erreala, erdi ameslaria erdi desengainatua: “Ez gara inork idatzitako/ biografia baten jabe,/ baizik eta abailaren egarri diren/ hankarte guztien adin berekoak,/ inork gutxik ulertuko dituen lanak egiteko/ lanak hartzen ditugunean/ militantziaren zirku gorabeheratsu honetan”.

Elkartasun basatiak moralarekin du zerikusia. Antiheroiaren moralaz dihardu, demagun. Dena dela, duindu egin du Guillanek etika hori, polemikatik atera du, adjektiboak bilatu dizkio. Poesia munduaren ikuskera baten zerbitzura jarri ordez, mundua bihurtu du poesia-zelai. Horregatik irakurri arren urte batzuk barru, nago jazoeren gainetik iraungo duela bere musikak, danbor hotsaren durunduak.