Arreta handiz osatutako liburua plazaratu du Bizkaiko Urtxintxa eskolak: Titiriteroen ipuinak. Arretaz ez ezik, gogoz, ilusioz, eta ekarpena egiteko borondatez, Ane Olabarriren koordinazioari esker ondua. Zeintzuk dira izenburuak aipatzen dituen titiritero horiek? Idazketan, kantuan, bertsotan nahiz zinemagintzan trebe direlako, euskal kulturan aski ezagunak diren zortzi lagun: Miren Amuriza, Jasone Osoro, Mireia Delgado, Josu Martinez, Juankar Lopez Mugartza, Uxue Alberdi, Gotzon Barandiaran eta Pako Aristi. Zortzi ipuin-sortzaile beraz, Nagore Txintxurreta ilustratzailearen margo koloretsuak bidaide dituztela.
Ez da aro jakin bati zuzendutako idatzi multzoa, ez da ipuinaren itxuran datorren lezio sorta, ez eta alderdi ludiko hutsean konformatu nahi lukeen liburua ere. Izatez, denen batura du lanak, sortze beretik. Dibertitzeko, haurren eta helduen arteko harremana indartzeko eta halaber balioak sendotzeko erabili ahal izango litzatekeen tresna jarri nahi zigun Urtxintxa eskolak eskura; parekidetasuna, bizikidetza, kulturartekotasuna eta elkarlana goratzen dituen jostailua; gurasoek, hezitzaileek, irakasleek, baita adin guztietako haurrek ere, pozarren hartuko luketen produktua. Gainera, brailea eta zeinu hizkuntza kontuan hartuz, gormutuak eta itsuak ere bere baitara ekarriko lituzkeena. Hauxe da mega helburu horren emaitza: tapaki gogorreko liburua, barruan CDa eta DVDa ere badakartzana, QR ikurren bidez zortzi ipuinok eskuko telefonoan jarraitzeko bidea zabaltzen diguna.
Ipuin bakoitzak, bestalde, transmititu nahi dituen balioak lantzeko proposamena dakar amaieran. Ariketatxoak dira batik bat, gaiari heltzeko puntu lagungarriak, gogoetarako, hizketarako edo jolaserako aitzakiak.
Uxue Alberdi Estibalizek –esan nahi baita Denboraren titiriteroak–, ezertarako betarik gabe bizitzeak sortzen dion kezka ekarri du Pianoaren soinua ipuinera. Ipuineko protagonista, Lur, denboraren bila abiatuko da, gurasoei oparitu nahi baitie hain eskas duten hori. Horretarako, denbora soberan izan dezaketen inguruko pertsonengana joko du, eta bakoitzari zerbait emango die oparitzen dizkioten minutuen truke. Oro har denok daramagun bizimodu presatuan umeei sortzen zaien egoera da ipuin honetan aztergaia. Alberdiren hitzak hartuta, “haurrak nolabait oztopo baitira gizon-emakume okupatuen bizitzan”. Gure jendarteko drama handienetako bat iruditzen zaio egileari, eta guztiz zentzugabea, gainera: “bizitzeko denborarik ez dugu, lan egin behar baitugu noizbait bizi ahal izateko. Haurrei pagatu arazten zaien prezioa ikaragarria da”.
Agerikoa da, bestalde, liburu honen bidez adin txikikoen irudimenari egiten zaion gorazarrea. Umeek edozer arazo konpon baitezakete beren asmamenaz. Kasu honetan, baita gurasoen denbora-falta ere.
Igual que amb l'ajuda dels artistes hem viscut la florida d'Euskal Herria, també en aquesta ocasió, amb el seu impuls, continuem fent el camí junts, donant el suport necessari als presos polítics, exiliats i deportats bascos
El lector ja sap que l'Associació Harrera neix... [+]
EMEADEDEI + MAHL KOBAT QUAN:
2 de febrer.
ON: Gaztetxe de Zuia, en Murgia.
----------------------------------------------------
El 20 de setembre del passat any vam tenir coneixement per primera vegada del col·lectiu musical en el perfil de la xarxa social que acabaven de... [+]
Otsailaren 13a Torturaren Kontrako eguna izanki, Euskal Herriko Torturaren Sareak gutun publiko bat igorri du. Poliziek torturatu euskal jendeen lekukotasunak bildu, eta aitortza egiteko xedea du sare berri horrek Euskal Herri osoan. Torturatuak izan diren 5.000 pertsonei... [+]