Euskal Herritarren Burujabetza liburuko azala
Euskal Herriaren bilakaera politikoan funtsezkoa izan den garaia eta gaia aztertu ditu Joseba Agirreazkuenaga EHUko katedradunak, urte luzez: foruen eta autogobernuaren inguruan XIX. mendean eman ziren eztabaidak. Honako liburua eta iaz Nevadako Unibertsitateak argitaraturiko The Making of the Basque Question, ikerketa horren emaitzak dira.
Liburua “Konstituzio” kontzeptuaren argipen batekin hasten da. Euskal Herrian kontzeptu horrek esanahi politikoa bereganatuko du XVIII. mendean, herriaren borondatea historian zehar gorpuztutako legedian interpreta daiteke beraz, foruetan alegia. Erresuma Batuak ere halako arauketa bat zuen, Parlamentuak hartutako erabakien bildumak osatzen zuen bertoko konstituzioa. Aitzitik, XVIII. mende amaieran erro ezberdineko konstituzioak sortuko dira, lehenik Frantzian eta ondoren Espainian. Ordura artekoa gillotinatu eta nazio berria birfundatzera zetozen konstituzioak ziren, estatu uniformearen oinarri. Euskal lurraldeetako Batzar Nagusien eta Espainiako legebiltzarraren arteko talka begi-bistakoa da. Ikuskera ezberdin horiek hurrengo hamarkadetan sortutako eztabaidak eta uztartze nahiak aztertu ditu Agirreazkuenagak, eta diotsu, 1839tik aurrera auzi hura “euskal arazo” gisa ulertu zela.
Elite politikoaren gehiengo handi batek foruen alde jardun zuen, bakoitzak bere erpinetik, izan liberal zein karlista. Foruak izan ziren, nolabait esanda, euskal nazionalitatearen abaroa. 1876an foruak ezabatu zirenean, “abertzaletasun bikoitzak”, hots espainiar zein euskaldun izatea, zentzua galdu zuen.
Hasierako pasarte honek ondo laburbiltzen du Agirreazkuenagaren saiakeraren helburu nagusietako bat: “Gure gizartean iraganak bere grabitazio indarra erakusten du. Azken batean, erakundeak kate begiz loturik daude. Ez dira denboratik at dauden elementu isolatuak. Horregatik, ezinbestekoa dugu euskal erakundeen kate begiak zeintzuk izan diren ezagutzea”