argia.eus
INPRIMATU
Sendotasuna eta duintasuna mantendu

Juan Mari Arregi 2012ko irailaren 25

Gehienek ohar hau irakurtzen dutenerako, Hego Euskal Herrian sindikatu abertzaleek deituriko eta hainbat kolektibok eta alderdi politikok babesturiko hilaren 26ko greba orokorra bukatuta egongo da. Bosgarren greba orokorra da, Espainiako Gobernuaren eta EAEko nahiz Nafarroako gobernuen politika ekonomikoaren kontra. Politika horrek murrizketa ugari ekarri ditu gizartean, lan arloan eta osasungintzan. Grebaren jarraipenaren datuetatik harago,  ezertarako ez duela balio izan pentsa dezakegu, epe motzean gobernuek kudeatutako eraso kapitalista basatia geldiaraztea ez delako lortu. Gainera, horiek ere arduratuko dira euren fronte mediatikoaren bidez kontua manipulatu eta porrot eta asperdura sentsazioa sortzen.

Horregatik, komeni da bistatik ez galtzea zein diren kapitalismo horren helburuak –etekinak eta boterea pilatzen segitzea langileen eta herri sektoreen kontura–, eta zein, eraso basatiari planto eginez eszenatokiz aldatu nahi dugunonak. Sendotasuna, eta batez ere, duintasuna mantentzen segi beharko dugu. Euskal Herriko eta munduko langile mugimenduaren historiak porrot batzuk izan ditu, baina baita garaipenak ere, azken hamarkadetan greba eta borroken bidez lortutako ongizate estatua kasu, hain justu orain desegin nahi dutena. Jakin dezala kapitalismo basatiak aurrean izango gaituela. Ez gaitu kikilduko, duintasuna mantentzen badakigulako, politika burujabe eta solidarioen alde eginez. Bai baitaude.