Ereñotzuarrak (Hernani, 1973) bost urte beteko ditu urtarrilean Euskal Herriko Bertsozale Elkarteko koordinatzaile. Belaunaldi aldaketa asentatuta, elkartearen egungo argazkia eskaini digu.
Euskal Herriko Bertsozale Elkarteko koordinatzaile zara. Aurretik ez zenituen Elkartearen barrunbeak ezagutzen. Zerk deitu zizun arreta Elkartean hasi zinenean?
Gehien harritu ninduena izan zen autoantolaketa horretan zer garbi zeuden landu beharreko ildo nagusiak: transmisioa, sustapena eta ikerkuntza. Eta bakoitzaren papera zein garbi zegoen eta elkarren artean duten lotura.
Elkarteak bertsolaritza geroratzea, zaintzea eta etorkizuna bermatzea du helburu eta horretarako hiru alor horietan aritzen da. Transmisioan ekosistema osoa birsortu behar du, ez bertsolariak bakarrik, bertsozaleak, antolatzaileak, gai-jartzaileak... denak behar ditu ekosistema osatzeko, eta horretarako lan bat egin behar da transmisioan. Gero egin behar da beste lan bat sustapenean, bertsolaritza zabaltzeko, hedatzeko, plazatan, medioetan, eta hirugarrenik ikertu egin behar da, ezagutzan sakontzeko eta hobetzeko helburuarekin. Oso garbi zegoen bakoitzean nola lan egin behar den, dena lotu eta kate bat osatzeko.
Eta gainera hori islatzen da herrialdeetan. Herrialde bakoitzean oso egoera diferentea bizi du bertsolaritzak baina baita euskarak ere orokorrean, eta herrialde bakoitzaren egoera herrialde bakoitzak daki. Hiru ardatz horietan herrialde bakoitzak non eragin behar duen edo non jarri indar handiagoa, bakoitzak erabakitzen du.
Eta hartu nuen beste sorpresa on bat izan zen bertsolariek proiektuarekiko duten inplikazioa, askotan beren proiektu pertsonalaren gainetik. Eta bertsolari-bertsozale binomio hori nola uztartzen den Elkartean. Bertsolaritzan sortzaileak eta hartzaileak daude eta bertsolaritza zaindu behar bada, biek jokatzen dute paper garrantzitsua. Hor bada anekdota bitxi bat, Bertsolari Elkartea izenarekin sortu zela, eta berehalaxe Bertsozale Elkartea izatera pasa zela, bien beharra handia dagoelako.
Bost urte daramatzazu Elkarteko koordinatzaile. Honezkero kokatuta, zer momentutan zaude?
Zaudetik baino gaudetik erantzungo nuke galdera hori. Ni etorri nintzenean Elkartea bazegoen aldaketa fase batean. Koordinazio orokorra, urte askoan Koldo Tapia eta Jexux Muruaren artean eraman zutena, hurrengo belaunaldiari pasa zitzaion, baina aldaketa bera eman zen ia sail guztietan. Elkarteak apustu egin zuen sail bakoitzean eragile propioak jartzeko eta jende berri asko sartu ginen garai beretsuan. Elkartearen antolamenduan aldaketa izan zen, ardurak gehiago banatu ziren, kudeaketa eta eragiletza zabaldu egin ziren...
Elkartearen handitasun horretan denbora dezente behar duzu kokatzeko, ikasteko... eta nik uste orain bagaudela momentu batean lantalde osoa, lehendik jarritako oinarri sendo horiei segita gure ikuspuntutik lan egiteko moduan. Eta gidaritza sendo bat emateko lantalde osoak batuta.
Elkarteak bere antolamenduan lan profesionala eta borondatezkoa uztartzen ditu. Zer aberastasun eta zailtasun ditu horrek?
Elkartea honaino iritsi bada borondatezko lanari esker izan da eta bere garaian pisu ikaragarria izan du borondatezko lanak. Gaur egun ere badu: erabakiguneetan, bai zuzendaritzan eta bai sail bakoitzeko batzordeetan, borondatezko jendea dago. Langileak dinamizatu eta eragin egiten du, baina azkenean erabakia borondatezko kideena da. Elkartea zenbat eta handiago izan, orduan eta zailago da hori bermatzea, borondatezko jendearentzat erritmoa jarraitzea eta dimentsioaz jabetzea gero eta zailago da. Hori bada kezkatzen gaituen gaia eta arreta behar duena, oreka mantendu behar dugu. Baina gaur egun ere lan mordo bat borondatez egiten da. Xenpelar Dokumentazio Zentroan, esaterako, bilketa zati bat Elkartearen sarearen bidez egiten da (Hitzetik Hortzera programaren eta bertsoa.com-en bidez astero lau saio grabatzen dira), baina gero bertso eskoletatik-eta, grabazio mordoa iristen da, bilketa ia osoa borondatez egiten da. Joanito Dorronsorok doinutegia egin zuen, 3.000 doinutik gora katalogatu zituen, borondatez. Horrela lan asko egiten dira oraindik ere, eta aurrera begira ere horrek izan beharko du oinarria. Hori da Elkartearen muina.
Langileen artean ere oso barneratuta dago borondatezko lanaren beharra.
Xenpelar Dokumentazio Zentroaren funtzioa, bertsolaritza biltzeaz gainera, bildutakoa gizartearen esku jarri eta erabilera bultzatzea da. Nahikoa erabiltzen da hor dagoen altxorra?
Xenpelar beste klabeetako bat da Elkartean, betez bete asmatu zen horren aldeko apustua eginda. 1991n sortu zuen Elkarteak, eta apustu argia egin zuen, Elkartea finantzazio gabe geratu zenean ere erabaki zelako Xenpelarri eustea, eta beste gauza asko beste era batera landu behar izan ziren. Egun ere Elkartearentzat erabat beharrezkoa da, bai transmisiorako materiala sortzeko, sustapenean Hitzetik Hortzerarako eta bertsoa.com-erako, eta ikerketarako zer esanik ez.
Dokumentazio Zentro baten lanak hiru fase ditu: bilketa, antolaketa/katalogazioa, eta gizarteratzea. Esan bezala, bilketa modu berezi batean egiten da, oso aurrekontu murritzarekin sare osoaren bidez egiten dugu bilketa lana. Katalogatzen eta antolatzen bost dokumentalista ari dira une honetan. Baina benetan balioa erabilerak du, ez dugu inongo jabetza helbururekin biltzen, gizartearentzat biltzen ari gara. Erabiltzen da, etengabe ari da jendea ikerketa txikiak egiten, edo bertsolariak beraiek materiala hartzen... baina gizarteratzeari eman nahi diogu bultzada. Pauso handia eman zen 2010ean, Xenpelarren dagoen katalogo ia osoa dago interneten kontsultagai (bdb.bertsozale.com). Baina iruditzen zaigu Xenpelar ez dela behar adina erabiltzen eta lan handia dugu gizarteratzen. Pauso bat ematean falta zaigu.
Bertsolaritza behar beste ikertu da? Mintzola fundazioak horretan lagunduko du?
Elkartearen barruan hirugarren hanka, ikerkuntzarena, beti egon da mugatuagoa, ikerketak eskatzen dituen baliabideak era askotakoak baitira; behar dituzu ikerlariak, baliabide fisiko eta tekniko egokiak, finantziazioa... Mintzola bidez antolatu nahi izan dugu hori eta 2008an eratu zen fundazioa. Bertsolaritzaren institutu baten beharretik eta Elkartearentzat eta Xenpelar DZrentzat egoitza baten beharretik abiatu zen Mintzola proiektua. Baina administraziotik eskatu zitzaigun pauso bat harago ematea, ahozkotasunera. Joxerra Gartziak proiektua egin zuen, oinarri honekin: ahozko premiei erantzuteko tradizioen behatoki dinamikoa izatea. Baina bi arazo izan ditugu Mintzolan: Batetik, proiektuaren interpretazio desberdinak, eta bestetik eman zaion egitura.
Ahozkotasuna jarri zen erdigunean, baina ahozkotasuna mundu zabal bat da. Heldu daiteke edozein puntutatik, eta heltzen den edozein puntu da interesgarria. Gartziaren txostenetik abiatuta, interpretazio diferenteak egin dira, eta gure ikuspegitik zentratu egin behar da hori gehiago. Bestela, denak dauka kabida, eta hori gertatu da, oso proiektu interesgarriak abiatu dira, oso ongi ari direnak funtzionatzen, baina gure iritziz ez zen hau lekua, behar eta proiektu horiei erantzuteko bazeuden beste erakunde batzuk, eta erakunde horietara bideratu behar lirateke proiektu hauek.
Elkartean egin duguna izan da berriz ere Gartziaren txostenetik abiatu, eta HUHEZIn Sorguneak landu duen “Euskal Kulturgintzaren estrategia bideratzeko oinarriak” hartu, eta Mintzola proiektuari beste buelta bat eman diogu. Ahozko kultur sorkuntzan zentratu dugu proiektua. Iruditzen zaigu hor zentratu behar duela Mintzolak eta horren barruan izan behar duela bertsolaritzaren ikertegi bat, Elkartearen ikerketa proiektua garatzeko, eta gainera proposatzen dugu ahozko kultur adierazpen desberdinen arteko elkargune bat ere izatea, elkarren esperientziak transmititu, elkar ezagutu, elkarrekin proiektuak sortu, eta beste generoei ere autoantolaketan laguntzeko. Nahiz eta bakoitzak bere bidea Mintzolatik kanpo egin behar duen. Euskalgintzan eta kulturgintzan ekarpen izugarria egin daiteke ahozko kultur sorkuntzaren ikerketa bidez.
Mintzola egituratu zen fundazio batean, baina patronoak izendatzeko garaian, irizpide ekonomikoek pisu gehiago izan zuten, proiektuak berak baino, proiektuan eragin nabarmena izan dezakeen desoreka sortuz. Herri honetan eta egitura hauek sortzerakoan dena dirutan baloratzen dugu. Eta nola baloratzen da kultur proiektu bat ekonomikoki? Elkarteak jartzen duen proiektu kulturala eta giza sarea nola kuantifikatzen da?
Esan bezala ikerketarako behar diren osagai ezberdinak bildu gara Fundazioan, baliabideak (GFA, Kutxa, Eusko Jaurlaritza), egoitza (Villabonako Udala), ikerlariak (EHU) eta kultur proiektua eta ondarea (EHBE, XDZ dokumentazio zentroarekin).
Mintzola Fundazioa proiektu kultural batean oinarritzen bada, ikuspegi horretatik eratu behar da patronatua ere. Horregatik, Mintzolaren egiturari ere beste buelta bat eman nahian ari gara eta proiektuaren gidaritza aldarrikatzen dugu.
Bertso eskolak autonomoak dira, baina nola lotzen da hauen lana Bertsozale Elkartearekin?
Funtsean Bertsozale Elkartearen proiektu osoa da transmisio proiektu bat, bertsolaritza geroratzea delako helburu. Eta pieza klabeena, esango nuke nik, bertso eskolak dira. Baina aldi berean komentzituta gaude bertso eskolek ahalik eta beregainenak izan behar dutela. Hori da helburua, ahalik eta bertso eskola gehien sortzea, ekosistema berak sortzen duelako: Bertso eskola horretan bertsolari bat aterako da igual oso ona dena eta saioz saio ariko dena, beste batzuk izango dira bertsotan aritze hutsarekin gozatzen dutenak, eta antolatuko dituzte herri horretan saioak, sortuko dira gai-jartzaileak, epaileak,... bertso eskolak dauden herrian bertso mugimendua bermatuta dago.
Garbi dugu bertso eskolak autonomoak direla, baina ez zeuden herri batzuetan Elkarteak berak sortu ditu, eta bertso eskolekin elkarlan handia dago: Elkartea materiala sortzen ari da bertso eskoletarako, eta Elkarteak bertso eskolen laguntzarik gabe bere proiektuak ez lituzke aurrera aterako, adibide nabarmena txapelketa da.
Bazkideak: 2.240
Erakundeak: 6 elkarte proiektu bateratuan:
- Euskal Herriko Bertsozale Elkartea
- Arabako Bertsozale Elkartea
- Bizkaiko Bertsozale Elkartea
- Bertsularien Lagunak Elkartea
(Lapurdi, Baxe Nafarroa, Zuberoa)
- Gipuzkoako Bertsozale Elkartea
- Nafarroako Bertsozale Elkartea
+ Sei Elkarteen partaidetza duen Lanku Bertso Zerbitzuak
+ Xenpelar Dokumentazio Zentroa (XDZ)
Lantaldea:
- Kontratupean: 74 langile ari dira sei elkarte, Lanku, Hitzetik Hortzera (Lankuren baitan), XDZ (EHBEren baitan), Bertsoa.com. Hauetatik 33 koordinatzaile, eragile eta teknikariak dira eta 41 hezkuntza arautuko irakasleak.
- Borondatez: 96 bolondres ari dira zuzendaritzetan, batzordeetan eta lantaldeetan. Hauez gain, proiektu konkretuetan parte hartzen dute beste askok.
Azken aldian, asteburuetan, Internet ez dabil ondo. Hasieran, zaila zen webguneei ezarritako blokeoen zergatia ulertzea; orain, badakigu Espainiako La Ligak agindu zituela, futbola modu ilegalean emititzea saihesteko. La Ligaren blokeoak euskal domeinuei eragiten dien... [+]
Bilbon eginiko aurkezpenean iragarri dute ekitaldia, euskarari "arnas berri bat emateko eta behar duen indarraldia gorpuzten hasteko" lehen urratsa izango dela nabarmenduta. Euskaltzale guztiei, baina, oro har, "justizia sozialean eta gizarte kohesioan aurre... [+]
Aljeriatik datoz Mohamed eta Said [izenak asmatuak dira], herri beretik. “Txiki-txikitatik ezagutzen dugu elkar, eskolatik”. Ibilbide ezberdinak egin arren, egun, elkarrekin bizi dira Donostian, kale egoeran. Manteoko etxoletan bizi ziren, joan den astean Poliziak... [+]
Olatz Salvador
Noiz: martxoaren 15ean.
Non: Deustuko jaietan.
------------------------------------------------
Martxoak beti du deustuarrontzat kolore berezia; urtero ospatzen ditugu jaiak, San Jose egunaren bueltan. Bi asteburu bete festa, eta urtetik urtera Deustuko... [+]
Euskal Herrian Euskarazek manifestazioa deitu du apirilaren 6rako, 11n EHEko bi kide epaituko dituztelako. Hiriburuetatik autobusak antolatzen ari dira. Bi helburu bete nahi dituzte, batetik, epaituak izango diren bi kideei babesa erakustea, eta bestetik, euskararentzat justizia... [+]
Pazienteek Donostiara joan behar dute arreta jasotzeko. Osasun Bidasoa plataforma herritarrak salatu du itxierak “are gehiago hondatuko” duela eskualdeko osasun publikoa.
EH Bilduk galdera sorta bat erregistratu zuen Eusko Legebiltzarrean Donostiako Metroaren igarobideko lanen gainkostua argitzeko. Informazio hori atzo jakinarazi zuen Susana Garcia Chueca Mugikortasun sailburu sozialistak.
Kirola eta oroimena uztartuko dituzte, bigarrenez, mendi-martxa baten bitartez. Ez da lehiakorra izanen, helburua beste bat delako. La Fuga izeneko mendi martxak 1938ko sarraskia gogorarazi nahi du. Ezkabako gotorlekuan hasi eta Urepelen amaituko da. Maiatzaren 17an eginen dute.
Seaska Sarean inklusio egoeran dauden 165 ikasleei laguntza bermatzeko hasi dute kanpaina, antolaketa propioa eratuta. Frantziako Hezkuntza Ministerioaren jarrera salatu dute kanpaina aurkezteko prentsaurrekoan, behar bereziak dituzten haurren inklusiorako baliabide... [+]
Martxoaren 19an amaitu zen proiektua aurkezteko epea, baina Errioxako PSOEk adierazi du Forestalia enpresak "interesa baztertu" duela. Enpresak bi parke eoliko eraiki nahi zituen Aragoiko lurretan, baina oraindik ez ditu lortu baimenak eta hori dute egitasmoa... [+]
Muga-zergak apirilaren 2tik aurrera ezarriko dira eta altzairuari eta aluminioari ezarritakoei batuko zaizkie. "Gurekin negozioa egiten duten eta gure aberastasuna eskuratzen duten herrialdeei ezarriko dizkiegu", AEBetako presidenteak adierazi duenez.
%90eko jarraipen "ia erabatekoa" izan du grebak, sindikatuen arabera. Gasteizko parkeak, lorategiak eta eraztun berdea mantentzen dituzte Enviser azpikontratako 90 langileek.
Aurten "Israel Premier Tech" txirrindularitza talde israeldarra ez da Lizarraldeko Miguel Indurain Sari Nagusia lasterketara etorriko. Berri ona da hori Palestinaren askapenaren alde gaudenontzat eta munstro sionistarekin harreman oro etetea nahi dugunontzat, izan... [+]