Doinua: Andre txarraren bentajak
Euskal Herriko esnearentzat
(a ze legea hauena)
euskara hutsez jartzea nonbait
billauetan billauena.
Ez da bakarrik esne txar hori
Kaiku ta enaparauena
zigorgarria izatea da
ni asaldatzen nauena.
Berdin zait zein den ontziratoki
Soria edota Marte
baina jokaldi honek boomerang
efekturen bat lekarke
euskaldun askok Kaikuren gaiak
ez ditu izan aparte
saltzeagatik zer saltzeko prest
dauden ikusi den arte.
Monopolio usaina dakar
atzetik berez berriak
baina ez dute ongi asmatu
nola mugitu gerriak.
Horrexegatik beharko ditu
biharko Euskal Herriak
ekoizpen mota berriak eta
kontsumo mota berriak.