PPren Espainiako Gobernuak pauso berria eman du langile klasearen eta herri sektoreen kontra. Duela aste batzuk lan erreforma inposatu zuen, kaleratze merkeagoak eta prekarietate handiagoa ezarriz. Hezkuntzan ere, kalitatean nabarituko diren murrizketak egin ditu. Oraintsu osasungintzako erreforma eraman du aurrera eta kopagoa ezarri du, herritarrek zergen bidez jadanik ordaintzen duten arren. Pentsiodunek, hemendik aurrera, euren botiken zati bat ordaindu beharko dute, eta askorentzat gehiegizko kostua izango da. Osasungintzako erreformaren barruan, berandu baino lehen etorriko den hurrengo urratsa izango da medikuarengana joateagatik ordaindu beharra. Eta segi eta segi, murrizketekin.
PPren Gobernuak ongizate estatua desegiten jarraitzen du, Espainiako Estatu osoko milaka langilek euren izerdiz eta borrokaz lortua. Merkatuen aurrean belaunikatu dira (banku handiak, inbertsio fondoak, aseguruak…) eta espekulatzaile lotsagabe zurrupatzaileek agintzen dutena zehatz-mehatz betetzen ari dira. Euren dirua bermatzea baino ez dute buruan, horretarako gosea, miseria eta munduan milioika lagunen heriotza eragiten badute ere. Merkatuek politikari miserableak dituzte lagun, haiek ohoratzen dituzte. Politikariak eta gobernuak ez dira gai alternatibak aurkezteko, badauden arren, eta ez dira gai politika, espekulatzaile zurrupatzaileen interesen gainetik jartzeko.
Euskal Herrian, gure lurraldean ere inposatu nahian ari diren politika horiek, subiranotasun ekonomiko-politikoaren eta independentziaren aldeko borroka handiagoa eragin behar lukete, gure herria izan dadin politika horiek erabakitzen dituena. Zer egingo dute EAEko eta Nafarroako administrazioek? Belaunikatu egingo dira horiek ere? Okerrena gertatuko delakoan nago.