argia.eus
INPRIMATU
Norberak suziriak botatzen ikastea
  • Sputnik 11 :: Batzuen artean.

    Bonberenea ekintzak.

    Iraupena :: 32’29’’.

    8 euro.
Iker Barandiaran @IkerBarandiara 2012ko otsailaren 28a
Tolosako lau talde gazte hauek bina kanta grabatu, eta Izaskun auzoko eta Tolosako labela ezarri diote Bonberenearen laguntzarekin lan eskergaz egindako emaitzari. Lau taldeotan da Bonberenean lanean aritzen den norbait, baina musika estiloetan antzekotasun gutxi dute: Switch taldeak metala lantzen du, tarteka melodikoagoa, tarteka gordinagoa. Indekitxenek, berriz, intentsitatearekin jokatzen du pop-rocka egiteko zein musika dantzagarria eta noisea batzeko. Glaukoma Sound Systemek erakutsi du Euskal Herrian reggaeaz gain, raggamuffina ere egin daitekeela eta uste baino giro epelagoa dugula. Azkenik, Dolce Tanganak rocka eta ska uztartzeko gaitasuna erakusten du ia The Mighty Mighty Bosstonesen pare. Talde berriei lagundu eta beraiek ikasteko ekimen aproposa da Bonbereneak ahalbidetu duena.
Juantxo Arakama: "Sputnik 11ren helburuetako bat diskoa egiten ikastea zen"

Nola sortu zen ideia?

Lau taldeetako kide asko gabiltza Bonberenearen orbitan ekintzak egiten eta aspalditik elkar ezagutzen dugu. 2010eko abenduan Indekitxen, Glaukoma eta Dolce Tanganak kontzertua eskaini genuen Bonberenean eta Switch taldekoak ere han ziren. Orduan elkarlanean zerbait egiteko gogoa piztu zitzaigun. Talde bakoitzak bere kontura ezingo zuen disko propioa egin, grabaketa kontuetan eta abar geneukan esperientzia eta baliabide faltagatik. Hala, bilduma egitea erabaki eta Bonbereneako kideek berehala eman ziguten baiezkoa.

Zer baliabide eskaini dizkizuete Bonbereneak?

Disko osoa Bonberenean garatu zen, zortzi abestiak han grabatu eta nahastu baitziren. Imanol Urizar eta Mikel Zelaia, Bonbereneako kideak biak, izan dira grabaketaz eta nahasketaz arduratu diren gazteak. Bonberenearen laguntzarik gabe pentsaezina da guretzat horrelako ekimen bat burutu ahal izatea, beharrezkoak diren era ugaritako baliabideak bertan aurkitu ditugulako. Ulertezina da Sputnik 11 Bonberenea gabe.

Nolako esperientzia izan da?

Sputnik 11ren helburuetako bat disko bat egiten ikastea zen, grabaketatik hasi, promoziotik pasa eta aurkezteko behar diren kontzertuak antolatzen amaituz. Horretarako oso baliagarri izan zaigu lau taldeoi, etorkizunean izan ditzakegun erronka edo proiektuei aurre egiteko.

Zergatik Sputnik 11?

Sputnik historian jaurti zen aurreneko satelitearen izena da, baita diskoaren azaleko Tolosako dorreei ematen zaien izena ere –duten “kohete” itxuragatik–. Guretzat ere aurreneko jaurtiketa izan da disko hau, lau taldeen aurreneko satelitea musika munduaren espaziora. Eta aurkezpen kontzertua Sputnik dorreen plazan, Otsabi Auzo Elkarteak antolatzen dituen Izaskun Auzoko Festetan egin genuen. Dorre horiekin Tolosako taldeak garela irudikatu nahi izan dugu.