Pedro Oyanguren Cabrero (Santiago Txile, 1946). Enpresaburua. Santiagoko Euzko Etxeko zuzendaritzako kide zailduena. Aro zahar eta berriko mundu biltzar guztietan izana da. Vascos en Chile 1520-2005, Euzko Etxea de Santiago liburuaren editore da. Eskarmentu handiko euskalduna Txilen. Aitak erakutsi zion bidea, eta halaxe egin du berak bere hiru alabekin: Amaia Euzko Etxeko kidea da, dantzaria eta pilotaria, eta euskara ikasle. Elvirak kargu politikoa izan zuen Kontzertazioko Gobernuan, begirale izan zen Amerikako Estatuen Erakundean, euskaraz daki eta hango eta hemengo euskaldunen artean zubi lanak egin ohi ditu. Palmira Eusko Ikaskuntzako kolaboratzaile fina da, Ainara izeneko neskatilaren ama. Oyangurendarrak Santiagon, euskaldun belaunez belaun.