argia.eus
INPRIMATU
Usaina buruan
Jakoba Errekondo 2011ko uztailaren 19a
"William Shakespeare" arrosaren ale bat.Victoria Savidge

Julietari eskean joan zitzaion Romeo gizajoa, mingranondo (Punica granatum) baten abaroan saldu zigun Shakespearek; jakingo zuen, bai, idazleak landare honek ugalkortasunari egiten dion mesedea...

Beste saltzaile batek, landare saltzaile batek, “William Shakespeare” izena jarri zion berak patentatutako landare bati. Arrosa batek du izen hori. David Austin bere egileak. Mundu osoan ezaguna den muintegi bat du eta landare berrien sorkuntzan garai bateko arrosen estiloa lantzen du, batik bat.

Idazle handiaren izena daraman arrosa beste bi arrosen arteko nahasketa edo hibridaziotik sortua da, “The Squire” eta “Mary Rose” ditu guraso. 1987an jaio zen eta harrez gero makina bat izkina bereganatuak ditu, baratzetan, bihotzetan, lore sortetan, sudurretan... Arrosa modernoa izateko lurrin gozo izugarria du, arrosa zaharretan ospetsuena zen Damaskoko arrosa mitikoaren usaina duela diote adituek.
Gaur egun hauxe da landare berrietan topatzen zailena zaigun ezaugarria, usaina. Kolore nahasketa erakargarriak, lore handiak, forma ikusgarriak eta begietarako soilik pentsatzen duen gizarte honek barra-barra erosiko dituen landareak besterik ez dituzte buruan sortzaile-saltzaileek.

Usaimenaz gain beste zentzumenak ere biltzeko asmoa bazuen kaskoan “William Shakespeare” arrosa berri honen egileak. Ikusmenerako, korola bikoitzeko petaloak gorriminetik abiatu eta gorrindol edo purpurara mudatzen dira; gorrimin bizi edo ilunetan dotoreena dela diote. Ukimenerako, belusezko petaloak ditu. Dastatzeko aukerarik ez dut izan, hurrengo batean esango dizut...

Gaitzei aurre egiteko ikaragarrizko kemena duen arrosa da hau eta, beraz, gure isuri atlantikoko lurretarako aproposa. Ikusi nahi duenak, bere izena daraman idazle sonatuaren jaiotetxera hurbildu besterik ez du, Ingalaterrako Stratford-upon-Avoneko Henley kalera, hantxe dago arrosa honen sail eder bat. Sortzaile-saltzaileak jarria. Ez dakit, publizitatea, propaganda, ala biak.