Salaketak, adostutako ordutegiak eta murrizketak dira Donostiako tabernek gaur egun duten egoera egokien azaltzen duten hitzak. Donostia 2016an Europako Kultura Hiriburu izateko lehian dabilen garai honetan, zuzeneko kontzertuak murriztuz doaz.
“Udala orain arte Le Bukowskin programatzen aritu da legedia betetzen ez zuela jakin bazekien arren” dio lokal horretako arduradun Asier Aizpuruak. Izan ere, Le Bukowskin Donostikluba zirkuituko kontzertuak ematen dira, eta Udalak erabakitzen du horietan zein taldek jotzen duen. Tabernak hogei urteko ibilbidea du eta Donostiako musikan erreferentea da, baina orain debekuaren itzalak ilundu du. Lokala intsonorizatuta dagoen arren ez du Kafe Antzoki izaerarik eta, legediak azaltzen duenez, bereizgarri hori izatea beharrezkoa da kontzertuak eman ahal izateko. Orain arte Udalak Le Bukowskiri kontzertuak emateko trabarik jarri ez badio ere, eraikinean bizilagun berriak sartu eta legedia betetzen ez duela jakinda, salaketa jarri du batek. “Ez da soinuagatik izan, aurreko astean dezibelioen neurketa egin genuen eta legearen barruan geunden” dio Aizpuruak. Halere, azken hilabeteetan Udaleko langileak dezibelio maila ikustera “mila bider” gerturatu dira eta hori kontuan hartuta salaketa ez da ezustean etorri.
Le Bukowskiko jabeak uste du salaketa etorri dela legedia ez delako urtetan moldatu; zaharkituta dagoela, alegia: tabernak dituen bafleez gain, beste batzuk jartzea debekatzen da, adibidez. Hau da, muga jartzeko ez da soinuaren dezibelioetan oinarritzen, bafle kopuruan baizik. “DJak kontzertu batean baino ozenago jar dezake musika eta legearen barruan egongo da, baina kontzertua ez. Ez da logikoa” dio Le Bukowskiko jabeak.
Hilero hamabi kontzertu inguru ematetik, Donostiklubaren egitaraukoez gain soilik lau eskaintzera pasa da Le Bukowski. Hasieran Udalak Donostikluba zirkuituan programatuta zeuden saioak bakarrik eskaintzeko baimena eman zien. Tabernako jabeei onartezina iruditu zitzaien, eta horren aurrean kontzertu guztiak bertan behera geratuko zirela jakinarazi zioten Udalari. Horrek mugimendua sortu zuen kalean, baita sare sozialetan ere (Twitter-en adibidez, hamaika mezu zabaldu zen #freebukowski etiketarekin) eta Udalak jarrera aldatu zuen azkenerako. Kontzertu kopurua asko murriztu dieten arren, tabernako jabeak ez daude erabat triste, gutxieneko akordio hori lortu dutelako.
Urtetan ikusi da mota honetako lokal guztiak iraunkorrak eta indartsuak direla. Asteburuetan jendeak deskantsatu eta lasai egoteko gogoa izaten du eta musika horretarako tresna bikaina da. Bada Donostian kontzertu gutxi emateaz kexatzen denik. Horiei erantzunez, tabernariek diote kontzertuak egiten direla; Donostiako kultura musikala klandestinoa den arren, eta gaur egun musika komertzialak indar gehiegi duen arren, Donostian ere badela underground eszena. Taberna hauetara mota guztietako jendea joaten da, musikaz gozatzeko gogoa duena. Batzuek musika komertzialagoa jartzen dute eta besteek aldiz alternatiboagoa. Le Bukowskik, adibidez, orain arte kontzertua eskaini nahi izan duen talde orori baiezkoa eman izan dio. Egoera berriaren aurrean kalitate oneneko taldeak hartu beharko dituzte, hasiberri askori ateak irekitzeko aukerarik izan gabe.
Eta legediaren zaharkitzea gogorren jasan duen taberna Le Bukowski den arren, besteek ere murrizketak eta ordutegi mugatuak jasaten dituzte, Dokak eta Leize Gorriak, kasu.
Kontzertuak emateko aukera duten tabernek eta Kafe Antzokiek ordutegia bizilagunekin adostu behar izaten dute. Eurekin duten akordioari esker, Dokak eta Leize Gorriak musika emanaldiak eta poesia errezitaldiak lasai antolatzeko aukera dute, betiere, 23:00ak baino lehenago ixten badute.
Leize Gorriak gaur egun ez du arazorik, baina Le Bukowskin gertatutakoa ikusi ondoren, etorkizunean beraiek ere egoera berdina pairatzeko beldur dira, eta horren aurrean legedia errealitatera molda dezatela eskatu dute. “Kulturaren hiriburua izan nahi badugu, argi izan behar dugu jendea gure hirira musika entzutera eta kulturaz gozatzera etorriko dela, bestela jai dugu” dio Julio Biurrun Leize Gorriako jabeak. Kultura anitza dela eta Euskal Herrian orokorrean oso kultura zapaltzailea dugula ere azpimarratu du: “Zein kultura eskaini dezakegu? Mozala daraman kultura? Non dago tolerantzia? Hori faxismo gogorrenaren herentzia da”.
Udaleko Kultura eta Gazteria saila saiatzen ari da musikarekin orokorrean dagoen arazoa konpontzen, baina Biurrunek dioenez, “Udala da legeak erregulatzen dituena eta argi dago pertsonen askatasuna urratzen duten legeak aspaldi aldatu behar zirela”.
Doka da Donostian dagoen Kafe Antzoki bakarra. Kontzertuak, antzerki obrak, hitzaldiak, bideo ikuskizunak eskaintzen dituzte eta bertara joaten den jendeak 20-30 urte inguru dituen arren, kontzertu zehatzak ikustera joaten dira asko. Dokako jabeek diote mugimendu kulturalarentzat tresna dela Kafe Antzokia eta gizarteak dituen behar batzuei erantzuteko sortu zela. Mota guztietako taldeek jotzen dute bertan, nahiz eta euskaldunei indarra ematen saiatzen diren. “Guk euskara bultzatu nahi dugu, baina Udalaren programaren barruan euskarak ez du lekurik; edo, lekurik badu, ez da behar adinakoa” dio Haritz Barela Dokako arduradunak.
Dokak ere salaketak eta murrizketak jasan ditu azkenaldian. Leize Gorriak bezalaxe bizilagunekin ordutegia adostu du, eta egun batean kontzertu bat emateko baimena eskatu ez zutenez bizilagunek salaketa jarri zieten. “Normalean udaltzainek bost neurketa egiten dituzte bolumenaren berri izateko. Egun hartan hemezortzi egin zituzten eta batez bestekoan positiboa atera zen”. Guztia konpondu bitartean lokala ixtera behartu zituen horrek. Hala ere, gauzak azkar konpontzea lortu zuten eta egun bat baino ez zen egon itxita. Baina gauzak ez ziren hor amaitu, handik gutxira konturatu zirenez, jendea euren kartelei argazkiak atera eta salaketak jartzen hasi baitzen, ezin zen lekuan kartelak jartzeagatik. “Bizilagunarena ulertzekoa da. Kartelaren kontua da gehien mintzen gaituena. Zehazki ez dakiguna da Udalak bultzatutako zerbait izan den edota bizilagunengandik datorren guztia” dio Barelak.
Tabernetako jabeek garbi daukate gizarteak aldez aurretik jakin behar duela zer eskatzen ari den. Gaur egun dauden tabernak mantendu eta hiriak bizitza izatea gustatuko litzaieke, baina horretarako Udalak laguntza ematea eta jendearen jarrera positiboa izatea beharrezkotzat jotzen dute. Gainera, hiriarentzat eta hiriko biztanleria osoarentzat musika lagungarria izan daitekeela azpimarratu dute.
Azken aldian, asteburuetan, Internet ez dabil ondo. Hasieran, zaila zen webguneei ezarritako blokeoen zergatia ulertzea; orain, badakigu Espainiako La Ligak agindu zituela, futbola modu ilegalean emititzea saihesteko. La Ligaren blokeoak euskal domeinuei eragiten dien... [+]
Bilbon eginiko aurkezpenean iragarri dute ekitaldia, euskarari "arnas berri bat emateko eta behar duen indarraldia gorpuzten hasteko" lehen urratsa izango dela nabarmenduta. Euskaltzale guztiei, baina, oro har, "justizia sozialean eta gizarte kohesioan aurre... [+]
Aljeriatik datoz Mohamed eta Said [izenak asmatuak dira], herri beretik. “Txiki-txikitatik ezagutzen dugu elkar, eskolatik”. Ibilbide ezberdinak egin arren, egun, elkarrekin bizi dira Donostian, kale egoeran. Manteoko etxoletan bizi ziren, joan den astean Poliziak... [+]
Olatz Salvador
Noiz: martxoaren 15ean.
Non: Deustuko jaietan.
------------------------------------------------
Martxoak beti du deustuarrontzat kolore berezia; urtero ospatzen ditugu jaiak, San Jose egunaren bueltan. Bi asteburu bete festa, eta urtetik urtera Deustuko... [+]
Euskal Herrian Euskarazek manifestazioa deitu du apirilaren 6rako, 11n EHEko bi kide epaituko dituztelako. Hiriburuetatik autobusak antolatzen ari dira. Bi helburu bete nahi dituzte, batetik, epaituak izango diren bi kideei babesa erakustea, eta bestetik, euskararentzat justizia... [+]
Pazienteek Donostiara joan behar dute arreta jasotzeko. Osasun Bidasoa plataforma herritarrak salatu du itxierak “are gehiago hondatuko” duela eskualdeko osasun publikoa.
EH Bilduk galdera sorta bat erregistratu zuen Eusko Legebiltzarrean Donostiako Metroaren igarobideko lanen gainkostua argitzeko. Informazio hori atzo jakinarazi zuen Susana Garcia Chueca Mugikortasun sailburu sozialistak.
Kirola eta oroimena uztartuko dituzte, bigarrenez, mendi-martxa baten bitartez. Ez da lehiakorra izanen, helburua beste bat delako. La Fuga izeneko mendi martxak 1938ko sarraskia gogorarazi nahi du. Ezkabako gotorlekuan hasi eta Urepelen amaituko da. Maiatzaren 17an eginen dute.
Seaska Sarean inklusio egoeran dauden 165 ikasleei laguntza bermatzeko hasi dute kanpaina, antolaketa propioa eratuta. Frantziako Hezkuntza Ministerioaren jarrera salatu dute kanpaina aurkezteko prentsaurrekoan, behar bereziak dituzten haurren inklusiorako baliabide... [+]
Martxoaren 19an amaitu zen proiektua aurkezteko epea, baina Errioxako PSOEk adierazi du Forestalia enpresak "interesa baztertu" duela. Enpresak bi parke eoliko eraiki nahi zituen Aragoiko lurretan, baina oraindik ez ditu lortu baimenak eta hori dute egitasmoa... [+]
Muga-zergak apirilaren 2tik aurrera ezarriko dira eta altzairuari eta aluminioari ezarritakoei batuko zaizkie. "Gurekin negozioa egiten duten eta gure aberastasuna eskuratzen duten herrialdeei ezarriko dizkiegu", AEBetako presidenteak adierazi duenez.
%90eko jarraipen "ia erabatekoa" izan du grebak, sindikatuen arabera. Gasteizko parkeak, lorategiak eta eraztun berdea mantentzen dituzte Enviser azpikontratako 90 langileek.
Aurten "Israel Premier Tech" txirrindularitza talde israeldarra ez da Lizarraldeko Miguel Indurain Sari Nagusia lasterketara etorriko. Berri ona da hori Palestinaren askapenaren alde gaudenontzat eta munstro sionistarekin harreman oro etetea nahi dugunontzat, izan... [+]