Zuen abestien helburua zein da, komunikatzea, sentiaraztea, entzulearengan eragitea, dantzaraztea?
Abestien helburu nagusia sentimenduetan barrena bidaiaraztea da. Horretarako, ezinbestekoa da bidaia hori lehenik guk egitea. Gustatuko litzaiguke sentsazio hori entzuleekin konpartitzea, beraiek ere gure musika entzutean zerbait berezia senti dezaten. Eta horien artean, badira dantzarako aproposak ere izan daitezkeen kantak.
Zuen myspace-an diozue ez duzuela diskoetxeekin harremanik nahi. Zergatik?
Musika industrian gertatu ohi diren gorabeherak gertutik bizitzeko parada izan genuen. Musikaren gainetik beste hainbat interes egon ohi denez, guretzat garrantzizkoa dena bigarren mailan gelditzen zen. Orain disko hau gure kabuz egin dugu; gure esku egon dira lan honen prozesuaren nondik norako guztiak. Ezin diogu inori erantzukizunik eskatu, gu geu izan garelako erabateko arduradunak.
Gaztelaniaz abesten eta poperoegiak batzuentzat; musika komertziala entzuten dutenentzat gordinegiak; eta gainera Andoainen. Asko sinesten duzue egiten duzuen horretan…
Bai, arrazoia duzu. Beti sentitu gara lekuz kanpo. Hasieratik barneratuta daukagu hori eta ez gaitu gehiegi arduratzen. Hala ere, horrek ez du esan nahi jendeak egiten duguna baloratzen ez duenik. Arazoa da askotan kosta egiten dela gure musika jendearengana helaraztea, baina behin hori gertatu eta gero, jendeak asko baloratzen du egiten duguna; eta horrek izugarri pozten gaitu, berez lorpen ikaragarria delako.
Bada helmugarik gaur egungo musika taldeentzat?
Gure kasuan helmuga eta irteera-puntua berdinak dira. Guri musika egitea eta musikaz gozatzea gustatzen zaigu. Asmo horrekin hasi ginen eta urte mordoa pasa bada ere, berdin-berdin jarraitzen dugu, musika egiten jarduteak ematen digun guztiarengatik.