argia.eus
INPRIMATU
Azala eta mamia

Koldo Aldalur Hirigoien 2011ko martxoaren 22a

Azalekoari mamiari baino garrantzi handiagoa ematen zaionean, erreka ondoko zuhaitzaren antza hartzen du askotan egoerak: kanpotik gogorra eta sasoikoa, baina barrutik usteltzen hasia.

Azala. Bilboko ezker hormako pilotaleku berria inauguratu berri dute Miribilla auzoan. Kanpotik nahiz barrutik beltza, dotorea. 3.000 lagunentzako tokia eserita, mugikortasun urrikoentzat moldatua, trigenerazio sistemaz berotu eta hoztuko dena. Trinketea ondoan, txukuna oso. Komunikabideek lana egiteko plaza aproposa. Euskal Herriko pilotaleku handiena Erreinu Zaharreko hiriburuko berria amaitzen ez duten bitartean. Hogeita lau milioi eurotik gora behar izan dira Euskadi pilotalekuak ateak zabaldu ahal izateko. Bertan Bizkaiko Kirol Federazioak batuko dituen lokal sorta ere bada. Azken helburua profesional mailako partidak eta txapelketetako final handienak bertan jokatzea bada, Miribillako pilotaleku berriak “akats” txiki bat besterik ez du: ez dago kotxea uzteko ia lekurik.

Azken urteotan sarri ikusten ari gara erraztasun guztiak emanda ere oso zaila dela pilotazalea pilotalekuetara eramatea. Txapelketako partidetan hainbestean, baina gainontzekoetan pilotaleku askok izaten dute sarri itxura tristea, kantxan diren pilotariak goi mailakoak izan arren.

Bizkaia Bilbao Basket saskibaloi taldeak ere Miribillan jokatzen du, eta zaleak, familia osoak sarri, biltzen dira partidak ikustera azken metro geltokitik, edo Mirafloresen kotxea utzita bizi-bizi joanda ere, ordu laurdenetik gora ibili behar badute ere. Pilotazalea, ordea, adinez eta izaeraz, ezberdina da eta erabat harrituko ninduke, esate baterako, Deportivon edo Astelenan biltzen direnak ahalegin horretan ikusteak.

Mamia. Orea galtza zuriak janzten dituztenek osatzen dute. Pilota eskolak gauzatzeko arazo dexente dago oraindik. Pilota ogibide izan dutenetatik gutxi dira, atzetik datozen gazteei ofizioa irakasteko behar adina denbora eta, batik bat, pazientzia dutenak. Herri txikietan takean-takean sortzen dira pilotari berriak, baina herri handienetan ez dago kimu berririk.

Pilotari izena ondo irabazia duten hainbatek debuta egin eta hilabete gutxira, sasoi eta joko bete-betean direla, kalera bota dituzte. Etorkizun izugarria dutenek eta izar dizdiratsuenek bakarrik eramaten dute jendea pilotalekuetara, eta multzo horretan ez dauden pilotariak ez omen dira komeni. Eta horrela beste hamaika kontu ilun.

Euskadi arbel beltzez egin dute. Pilotak bizi duen egoerari irtenbideren bat topatzeko lanean hasten ez bagara, gure kirolaren etorkizuna kolore bertsukoa izango da.