argia.eus
INPRIMATU
Atzo arte isil-isilik eta orain gezurretan

Joxerra Aizpurua Sarasola 2011ko martxoaren 22a

Zentral nuklearren eraikitzearen aurkako mugimendu zabala, 1970eko eta 1980ko hamarkadetan bizi izan genuen Euskal Herrian. Ez dakit gizartearen mobilizazioaren eraginez edota 80ko hamarkadan jasan genuen krisiaren eraginez, edo bien eraginez, baina egia da egun Euskal Herrian ez dagoela zentral nuklearrik; hurbil bai, hor baititugu Garoñakoa edota Akitaniako Le Blayais-ekoa eta Toulouse ondoko Golfech-ekoa, eta gainera, egun kontsumitzen dugun energia elektrikotik auskalo zenbatek duen jatorri nuklearra. Beraz, Euskal Herrian ez dago zentral nuklearrik, baina bagaude energia nuklearraren esparruan.

70eko eta 80ko hamarkadetan gertatu ziren, halaber, energia nuklearren inguruan ezagunak diren istripurik larrienak. Azken bi hamarkadetan aldiz, energia nuklearra ez da hedabideetan aparteko notizia izan, eta izan bada, teknologiak izan dituen aurrerapenak azpimarratzeko izan da, edota energia fosilen ordezko erreala bilakatzeko eman nahi zaizkion aukerengatik izan da. Energia nuklearren aldekoek lan bikaina egin dute, isil-isilik eta pausoz pauso, eta horren ondorio da Garoñako zentralari bizia luzatu izana. Frantzian ere beste hainbeste zentral nuklear zaharren iraungitze data atzeratu izana, Alemanian ildo berean aritu izana; munduko ia lekurik gehienetan ari dira 70eko hamarkadan eraikitako zentral nuklearren bizia luzatzen.

Baina Japoniak mamu guztiak esnatu ditu. Lurrikara handiak jasateko diseinatuta dauden zentralek ongi jasan dute lurrikararen eragina. Tsunamia ere jasango zuketen, ziur naiz, bere horretan eta besterik gabe gertatu izan balitz. Lurrikara eta tsunamia segidan gertatzea aukera mespretxagarria izango zen estatistikoki, baina gertatu egin da, eta orain gertatutakoaren ondorioak jasatea gogorragoa egingo zaie. Eta gainera, askatutako erradioaktibitateak hasieran Pazifikoranzko bidea egin bazuen ere, borrasken ondorioz edozein unetan itzul daiteke, eta euri erradioaktiboaren bidez ondorio are okerragoak eragin, orain arte salbu dauden (zerbait salbu baldin badago) eremuak poluituz.

Eta gertatu dena ez da deus gertatuko denarekin alderatzen bada. Izan ere, Japoniako Gobernua eta munduko energia nuklearren inguruan antolatutako erakunde gehienak gezurretan ari dira. Hasieratik dakite Ozeano Bareari begira dauden zentralak –ez bakar hau, baizik eta denak– bonba geldiezinak direla; hasieratik dakite erreaktoreko kutxen presioa erregulatzean atmosferara erradiaktibitatea isurtzen ari direla; hasieratik dakite errefrigeratzeko erabiltzen den itsasoko ur hori poluituta itzultzen dutela itsasora; hasieratik dakite datozen hamarkadetan milaka pertsona hilko direla jasandako erradiazioaren eraginez; hasieratik dakite, bizirik irautekotan, milioika lagunek euren irla utzi beharko dutela Japoniako lur-eremu oso zabalak milaka urtetarako kanposantu bilakatuko baitira; hasieratik dakite ezin dituztela Japoniako biztanle guztiak (127 milioitik gora) irlatik atera, eta heriotza, minbizia edo aldaketa genetikoak gertatuko direla, eta hori onartzea besterik ez dela geratzen.

Gezurretan ari dira Espainiako Kontseilu Nuklearrekoak esaten dutenean Japoniako Gobernua egoerari eusten ari zaiola eta gauzak ezin direla Espainiara extrapolatu. Agian, egiara hurbiltzen den hipotesi bakarra Frantziako Gobernutik etorri zaigu, adierazi duenean 7ko eskala batean 6an gaudela eta ez 4an.

Fukushimak aberastasuna ekarri omen zien bertako biztanleei, arrantzale eremua zena hiri moderno eta aberatsa bihurtu baitzen. Ez dakit han inoiz izan ote zen energia nuklearra zalantzan jarri zuenik, baina egia da belaunaldi gazteek ez dutela beste ezer ezagutu.
Aberastasuna lortu zuten, baina naturak lurra eta bizia kendu dizkie. Eta orain epe motzean Japoniari argindarra petroliotik lortzea baino ez zaio geratzen. Falta zena!