Ez Gartzia, ez Garcia; akademia guztien gainetik zu.
Lehenbiziko liburua argitaratu nuenean
, Garzia eta
Gartzia, biak zeuden ondo. Orain euskarazkoa jarriko banu, eskizofrenian behar nuke, eta orain arte ez naiz animatu.
Garzia: saltsa guztietako perrexila?
Axolako kontuetan buru-belarri aldekoa naiz, eta horrek perrexil fama ekartzen badit, hor konpon.
Agoniko, hala deitzen digute postmoderno batzuek errukirriz. Nik nahiago
agoniko ezen ez
egoniko.
Hasi zara jolasean…
Hizkuntza erabiltzean plazerik ez bada, alferrik da gainerako guztia. Kanpotik artifizialki erantsitako motibazioek erabilera folklorikoa sustatzeko baino ez dute balio, kasurik onenean.
Hizkuntza lehenik, ala hiztunak?
Euskaldunentzat ari garenez, hiztunen alde ni. Baina erdaldunentzat –hemengo zein hangoentzat– aritzean, ez dut uste dikotomia hori erabiltzea komeni zaigunik.
Komunikaziorako tresna egokia bada, ona omen hizkuntza.
Koldo Mitxelenaren esana, nahiz aspaldi neure egina dudan. Hizkuntzak hobeto bizitzeko balio behar dio hiztunari; beste alternatiba museoa da.
Euskara nola saldu ari gara, aspaldi saldu genuena.
Euskararen munduan ari garenak ari gara, eta ari ez direnak nahi ez dutelako ez dira ari. Euskarara erakarri beharra daukagu jendea eta estrategia bateratu koherenterik ez dut ikusten. Lehengo agintariei ez, are gutxiago oraingoei.
EITB etorri zait gogora: ez da hedabide arrunta. Ez luke behar.
Hemen komunitate bat dago, euskaraz bizitzeko hautua egin duena. Komunitate horrek bere buruari eusteko zer behar duen pentsatu eta erabaki behar du, eta horren araberako tresnak sortu, EITB barne.
Zentsura aipatzen da orain, ezagutu zenuen zuk Hitzetik Hortzeran.
Barregarria da uste izatea zentsura oraingo agintariek asmatu dutela. Hori ere gaizki egiten ari direla, hori da aldea.
Aspaldion, ez ote zauden isil xamar. Edo telebistan ez agertzearen ajeak.
Hedabideetatik sarri samar hots egiten didate, baina iruditzen zait oilategi formatua nagusitu dela. Baldintza horietan ezinezkoa da ganorazko ekarpenik egitea, eta nahiago ez joan.
Irakasletzak buruhauste gutxiago, beraz.
Irakaslearen funtzioa ez da burua haustea, burua zabaltzea baizik. Ikasleena, jakina, eta berea. Alde horretatik, ez dago lanbide esker hobekorik.