Heiden (Suitza), 1910eko urriaren 30a. Henri Dunant negozio gizon, filantropo eta ekintzaile humanitario suitzarra hil zen 88 urte zituela, Bakearen Nobel Saria jaso eta bederatzi urtera.
Askoz lehenago, 1859an, Dunant Italiara joan zen negozio bidaian eta Solferinoko gudu odoltsuaren lekuko izan zen. Austriarren eta Piamonteko eta Frantziako armaden arteko gatazkak 38.000 hildako eta zauritu utzi zituen, baina horiek guztiak sorosteko aukerarik eta ahaleginik ez zen apenas. Hunkituta, Dunantek zibilak biltzeari ekin zion, materiala erosi zuen eta ospitalea prestatzen lagundu zuen. Alde bateko zein besteko zaurituak zaintzeko konbentzitu zituen bertakoak eta, gainera, frantziarrek atzemandako mediku austriarrak askatzea lortu zuen, hauek ere lan egin ahal zezaten.
Solferinoko izugarrikerien oihartzuna Euskal Herrira iritsi zen. Guduan jasotako zaurien ondorioz euskaldun bat itsu geratu zen, eta Jean Baptiste Elizanburuk
Solferinoko itsua kopla sorta ezaguna idatzi zuen. Honela dio bigarren ahapaldiak:
Zorigaitzean baitut ikusi
Solferino-ko hegia!
Alferrikan dut geroztik deitzen
Iguzkiaren argia
Dunantek, aldiz, prosan jaso zituen han bizitakoak, 1862an argitaratutako
Solferinoko oroimena lanean. Guduaren nondik norakoez eta ondorioez jarduteaz gain, etorkizunean zauritutako herritarrak eta soldaduak zaintzeko erakunde neutrala sortzeko beharra aipatu zuen liburuan. Europako buruzagi politiko eta militarren artean banatu zituen kopiak .
Genevako Ongizate Publikorako Elkarteko presidente Gustave Moynierrek gogo onez hartu zuen Dunanten proposamena, eta elkarteak gaia jorratzeko bilera egin zuen 1863ko otsailaren 9an. Bileran bost kidek –Dunantek berak eta beste lauk– osatutako batzordea sortzea erabaki zuten. Batzordea handik gutxira bildu zen lehenengoz, otsailaren 17an, eta, sinbolo ezaguna geroago erabiltzen hasi arren, egun hartantxe sortu zen Nazioarteko Gurutze Gorria.