Beharbada ez ziren orduak, minutuak baizik, baina hil hurren ziren une horiek luzeak egiten zitzaizkigun oso. Handik egun batzuetara tximeletek beren edertasuna galtzen zuten gure hatzetan itsasten baitziren hegaletako hauts koloredunak eta gure bildumak bota egiten genituen zakarrontzira. Gure artean bazen neskato bat onberatzat genuena. Ihes egiten zuen animaliekin barrabaskeriak egiten ikusten gintuenean. Behin jakari lotu genion kakalardo bat eta jantzi zuen arte ez zen konturatu. Ez zigun oihurik bota. Kontu handiz orratza kendu eta lurperatu egin zuen xomorroa, penatua. Ez dakit noiz galdu zuen besteen sufrimendua ezin pairatzeko sen hura. Zerk narkotizatu zuen, baina neska horrek ez du berdin sufritzen. Nolanahi ere, seguru nago memorian iltzatua duela egun hura –dugula, alegia.