argia.eus
INPRIMATU
Gineako txinpantzeek tranpak desaktibatzen ikasi dute
  • Uganda, Tanzania eta Boli Kostako txinpantze askok zauriak dituzte oihanean jarritako tranpen eraginez, baina ez da gauza bera gertatzen Ginean bizi direnekin.
Joxerra Aizpurua Sarasola 2013ko maiatzaren 07a
txinpanzeak
Gineako Bossou eremuan oihan sakonak daude eta hango primateen jarraipena joan den mendeko 70eko hamarkadatik egiten ari dira. Gaku Ohashi eta Tetsuro Matsuzawa japoniar ikerlariek txinpantze arrak tranpak desaktibatzen ari zirela ikusi zuten hainbat aldiz, eta tranpak ez ziren nolanahikoak. Hari metaliko batez –askotan bizikleten balaztetan erabiltzen dena– kizkur bat egiten da; hori liana bati lotzen zaio, eta liana, berriz, arku itxura duen makil bati; animalia batek hanka edo burua kizkurrean sartzean tranpa aktibatzen du, eta harrapatuta geratzen da bertan.
Tranpa horiek oso ongi ezkutatuta egoten dira landareen artean, baina txinpantzeek bilatu eta, behin topatuta, makilari eragiten diote tranpa aktibatzeko.
Baina zergatik Gineako txinpantzeak baino ez dira gai tranpak desaktibatzeko eta ez inguruko herrialdeetakoak? Ikerlarien arabera sekretua txinpantzeen eta bertako gizakien bizikidetzan dago: beraien ustez txinpantzeek pertsonengandik ikasi dute.