Zer da Oraina galdua?
Liburu honetan pentsamendu narratu bat zabaltzen saiatu naiz denboraren inguruan. Denbora Parmenidesen zentzuan hartuta: izatetik abiatzen naiz, izate hau, ni, erreal bakarra delarik. Orainean kokatua nago. Bestela ezinezkoa zait ni izatea. Eta orainak badu bere presentzia erreala. Nik orain, une eterno honetatik, leiho zabal bat dut nire aurrean, geltoki bat. Geltokia infinitua da. Bizitzak baldin badu oraina, hori heriotza da. Ez dut zabaldu nahi inongo nihilismorik, ez eta pentsamendu ezkor baten zertzeladarik. Instantea da izatearen erreinua, iragana ez da eta etorkizuna ere ez, instantearen erreinutik begiratuta behintzat.
Gizakiok paradoxa ikaragarri batekin bizi garela diozu.
Hala da. Geroari lehentasuna ematen diogu, benetakoa ordezkatuz. Gizakia hilkorra da, baina badirudi, geroari begiratuta, nolabaiteko jainkotiar hilezkortasun batekin amets egiten dugula. Zuk nire hitzak hartzen dituzu, “bihar” Argian atera daitezen. Ustez nire zorionerako. Inuzenteak gu, zoriona, egotekotan, esku artean daukaguna baino ez da. Eta hau, une hau da.
Askatasuna omen da gizakiaren beste patu bat...
Bai. Aukeran datzana. Ni hemen nago aukeratu dudalako. Ez aukeratzea, aukera delako. Ez da erraza esaten ari naizena. Gizakiaren ibilbidean, bidearen zati bat egina nago, bide horrek badu erakusteko asko. Beharbada hau nostalgia, oroimena da. Hau da nire orainetik daramadan gogoeta. Batzuetan astuna, ikusten dudalako orainean ez dudala lortzen arrastoak erakusten duena gainditzea.