argia.eus
INPRIMATU
Norenak ote dira munduaren akabuko uharteak?
  • Gurutzegramen zaletuek –eta beste inork gutxik– ezagutu ohi dute Txagos uhartediaren izena. Irla haietan handiena, Diego Garcia, aipatzen bada, gehixeago izango ginateke aditzera dugunak: ospea –ez batere gozoa– lortu du bertan dagoen base militar estatubatuarrak, besteak beste, Irailaren 11koen ondoren atxilo islamisten “zulo beltza” izateagatik. Handik urruti gabe (esate bat da, edonondik urruti baitago paraje hura) izango da itsaspean Osama bin Ladenen gorpua.

Mikel Aramendi 2024ko urriaren 08a
Txagoko deportatuei eta oinordekoei auzitegiek arrazoi eman diete eta itzultzeko eskubidea aitortu, baina alferrik. Fiona Hanson/PA/PA Photos

Berriketa usatuxea zen garai batean batzuon artean zein kontinenteri ote zegokion Diego Garcia irla: Asiari (Maldivak 1.225 kilometrora dituelako; eta kontinentea bera, Indian, 1.775era), ala Afrikari (Seychelleak 1.775 kilometrora dituelako; eta kontinentea, Somalian, 2.850era). Erantzun “zuzena”, noski, zen Ipar Amerikakoa zela, Baseko estatubatuarrak (3.000 baino gehiago), eta ofizialki irlaren “jabe” liratekeen britainiarren ordezkari bakan batzuk besterik ez direlako bizi bertan.

Ez zen hala, ordea, duela 70 urte. Orduan, Indiako Ozeanoko Britainiar Lurraldearen manupekoak ziren Txagos irletan... txagostarrak bizi ziren. Gutxi ziren, pare bat mila, baina bertakoak ziren, aspaldiko belaunaldietatik gainera. Txagosko kreolea hitz egiten zuten, eta biziraupeneko nekazaritza eta arrantzatik bizi ziren.

Bada, 1960ko hamarkadan, jende hura guztia, salbuespenik gabe, hartu eta deportatu egin zuen aginte kolonial ingelesak. Milaka kilometrora erbesteratu ere: Maurizio eta Seychelles irletara eta afrikar kontinentera. Aziendak, zakurrak eta gainerakoak bertan akabatu zituzten. Irlak “hutsik” geratu behar zuten AEBen eskuetan jartzeko, haiek beren basea eraiki zezaten. Han jarraitzen du 50 urte igaro ondoren.

Deportatuek eta, honezkero, haien ondorengoek, ahalak eta bi egin dituzte ahal izan duten esparru bakarrean: auzitegietan. Britainiarretan lehendabizi, nazioartekoetan gero, Nazio Batuetan azkenik. Alde guztietan eman zaie arrazoia eta aitortu zaie etxera itzultzeko eskubidea. Baina alferrik.

Okupatzaileen azken txilinbuelta da Txagos irlen subiranotasuna 2.000 kilometro baino gehiagora dagoen Mauriziori “itzultzea”..., 1814ko Parisko Tratatuari (bai, Napoleonen gerraren amaierakoari) men eginez; baina txagostarren eskubidea mauriziarren iritziaren mende utzita. Eta, hara, Txagos uharteak ehun urterako okupatzaileei errentan lagaz. Beraz, txagostarrek erbestean jarraituko dute eta baseak Diego Garcian.

Hor baitago koska. Gerra Hotzaren garaian zio batzuengatik, “War On Terror”-aren garaian garaiko motiboengatik, eta orain Estrategia Indo Pazifikoa dela eta, munduaren akabuan dagoen base hark asko balio du.