“Kriminal egitatea da laborariak defendiatzea hitz ederrez eta lehertzen uztea ezarriak diren politika neurriez. Laborantzako giderrak dauzkatenak axolatu gabe badaude, hilerazte hori baiesten dute”. Indartu elkarteko biltzar nagusian entzun ziren hitz ozen horiek, Marc Crepon filosofoak zituen jalgiak nekezia gorrian diren laborarien izaite dorpea aipatzeko.
Tanpez bete dira behin eta berriz gure Euskal Herri huntako zinema gelak, “Au nom de la terre” filma agertu delarik. Kanboko ikusaldi hartan, bururatu zelarik pelikula, jendea iltzatua bezala gelditu zen nor bere jargiari. Errespetuz ala errabiaz, eztakit. Eta jende multzo batzu egon ziren gero kanpoko aldean solasean, hain segur elgarri sustengu ekarri beharrean, etxerat itzuli aitzin.
Bortitza zen zinegilearen ikusgarria, eta kausitu du ikusliarren inharrostea. Bere aitaren heriotz mina hor dauka gogoan sekulako. Bizkitartean bageramatza etxeko oroitzapenetik haratago, aitaren omenetik zabalago. Argi salatu du laboraria inguratzen duen sistema guzia urrikigabea dela huts erdi bat egiten duenarentzat, izan dadila etxaldearen kudeaketa nekezien gatik, ala osagarri arranguren gatik. Bankoak, axurantzak, material ala zaldare enpresak, eta beste zenbat holako, hor dituzu denak berehala berena eskuratu nahian. Orduan hasten bakar bakarrik senditzearen infernu gordina, den emazte ala gizon sorraioenaren estimu eta indar gabetze beltzena!
Gorestekoa da Indartu eta Solidarités Paysans elkarteek eramaiten duten lana. Gure lurralde bakotxean gertatzen baitira oraino filma hunek erakutsi dauzkigun laborarien itotzeko egoerak. Eta elkarte hauetako kideek, berantegi gabe deituak badira, badakite laguntza ekartzen. Entzuten egonen dira lehentasunez, emazte ta gizon laborarien bihotz zaurtuak baitira artatu behar, etxaldeko konduak ikertu behar diren bezainbat. Ihardokitzeko gogoa berpizten izaten dira lanak, handik hara gaindi ezinik ez da.
Bortizkeria eta inguruko maltzurreria salatzeraino ausartu behar da, dio Crepon-ek: “… laborarien eta hazleen munduak sofritzen du. Ez da aski sofritzen duela erraitea, nahiz inportanta den horren ikustea, nahiz gure herritar askok nekez onartzen duten, nahiz hainbeste arduradun publiko ari diren alegia ez ikusi edo nekeziaren mendratzen. Hori ez da nahikoa, baitezpadakoa da konprenitzea oinaze horik bortizkeria baten ondorioak direla. Garrantzizkoa da bortizkeriak salatzea zehazki, gero ta larriagoak diren bortizkeriak. Orduan baizik ez da ihardokipena nagusituko eta antolatuko...”