argia.eus
INPRIMATU
‘Gure heroiak. Elkanoren eta Euskal Herriko kolonialisten historia bat’ liburuaren lehen aurkezpena ostegunean Getarian
  • Euskal Herriko kaleetan kolonialismoarekin eta esklabotzarekin lotura duten pertsonaien presentzia aztertu du ARGIAko kazetari Axier Lopezek Gure heroiak liburuan, nazioartean sinbolo horien inguruan dagoen eztabaida Euskal Herriratzearen garrantziak mugituta. Liburua ARGIAren azokan duzue eskuragarri.

ARGIA @argia 2022ko abuztuaren 29a
Axier Lopezen hitzetan, "Euskal Herriko Emakume Migratu eta Arrazializatuen Sareko kideek oso garbi esaten dute Elkano erreferente nazionaltzat hartzea pentsamendu kolonialaren presentziaren adibidea dela".

Datorren ostegunean, irailaren 1ean, aurkeztuko du Lopezek liburua, Getarian egingo den mahai-inguruaren bueltan. ARGIAko kazetariarekin batera, Idoia Arrieta Getariako historialariak eta Luciana Alfaro Euskal Herriko emakume migratu eta arrazializatuen sareko kide ariko dira solasean, Gari Berasaluze kazetaria moderatzaile dela. Getariako udaletxe alboko Berdura plazan, arratseko 19:00etan hasiko da.

“Ez da gure buruen larrutzea”

“Ez zu eta ez ni ez gara kolonialista, inbaditzaile, konkistatzaile, ezta esklabista ere”, irakurri daiteke liburuaren atzealdean, “Munduko beste muturreko indigena basatiak akabatu, gainerakoak Kristoren gurutzearen itzalpean ‘zibilizatu’, eta beren lurrak eta ondasunak arpilatzea ez da egun norberarentzat aldarrikatzeko moduko zerbait. Inork ez ditu bere egiten euskal herritar askok (ere) mende luzez egindako astakeria horiek. Baina konkistatzailea esploratzaile, kolonizatzailea humanista eta esklabista enpresa-gizon bilakatuz gero, orduan errazagoa da.

Hau ez da gure buruen larrutzea. Gu ez geunden han. Ordukoaz guk ez dugu ardurarik. Baina iraganean gertatutakoa hemen eta orain ospatzen dugunean, zuritzen dugunean, hango protagonistak leku pribilegiatuetan mantentzen ditugunean, kaleen izenetan eta plazetako eskulturetan, orduan bai, ardura gurea da. Gu hemen gaudelako”.

Liburuaz elkarrizketa

ARGIAren 2.787. zenbakian elkarrizketa egin zion Peru Iparragirrek Axier Lopezi, liburu berriaren harira: "Dekolonialitateari buruzko eztabaida pil-pilean dagoenean gure zilborrari begirako diskurtsoak gailendu dira hemen".

Gure heroiak ARGIAren azokan duzue eskuragarri.