Aitor Esteban izango da EAJko EBBko hurrengo lehendakaria eta jeltzaleek salduko dute horrela, zuzendaritza berrituta, buruzagitza berria prest dagoela alderdiaren berrikuntza prozesuarekin jarraitzeko.
Hori guztia gertatu da egungo EBBko lehendakari Andoni Ortuzarrek Aitor Estebani bidea libre utzi ondoren, eta horretarako Ortuzarrek mahaiaren gainean jarritako argudio nagusia “alderdiaren zatiketa arriskua” izan da. Eta batek ez du halako desberdintasun handirik ikusten bata eta bestearen artean, baina aditu batzuek baietz diote... eta beste batzuek ezetz, dena ongi taularatutako prozesua besterik ez dela.
Hasteko, Enric Juliana La Vanguardia-ko zuzendariaren albokoak dio Jesús María Aznarrek esku bat bota diola Aitor Estebani. Behin haren analisia irakurrita, laster ikus daitezke ñabardurak, baina laguntzaren ideiak zutik dirau. Batetik, azaltzen du bagenekiena, Iñigo Urkullu ez zela batere gustura gelditu EAJko zuzendaritzak Eusko Jaurlaritzako lehendakaritzarako laugarren agintaldirako ateak itxi zizkionean, eta Bizkaiko beste hainbat pertsona esanguratsu ere ez.
Julianak dioenez, Alberto Nuñez Feijóo PPko buruzagiari kosta egiten zaio EAJrekin elkar ulertzea, Juntsekin baino gehiago, eta gogaikarri egiten zaio EAJk PSOErekin daraman bidea, zeina Ortuzarrek bideratu eta sostengatu duen, eta Estebanek egunerokoan Espainiako Kongresutik gauzatu.
Joan den astean José Mariá Aznarrek esku bat bota nahi izan zion Feijóori eta PPko buruzagi ohia Bilbon egon zen, Jualianaren aburuz testuinguru horri oso lotuta, eta PPren izaera foralista aldarrikatzeaz gain, EH Bilduren gorakada EAJri leporatu zion: “Zatiketa usaindu zuten –dio Julianak–. Espazio bat ikusi zuten (...) eta bost egun geroago Ortuzarrek atzera egin zuen Estebanen alde”.
Gara-ko Iñaki Iriondo ere aspaldi ari da jeltzaleen zuzendaritzarako lasterketa hau jarraitzen eta lehia hobeto kokatzeko datu interesgarriak eskaintzen ditu. Adibidez, Ortuzarrek irabazi zuen lehen itzulian, bai, baina militantzia jeltzalearen %20ak bakarrik eman zuen botoa. Bizkaiko sektore batek mugitu du Estebanen aldeko botoa, eta jokaldi horren atzean Estebanen emaztea den Itxaso Atutxaren –BBBko lehendakari ohia– eskua ikusten da, besteak beste. Iriondoren tesia: bi hautagaiek antzera pentsatzen dute, eta botere borroka bat da, orain ikusi beharko da zer ondorio dituen horrek barrura zein kanpora begira.
Baina bada beste ikuspegirik ere, adibidez jeltzaleen bizitza oso barrutik jarraitzen duen El Rincón del protestón blogetik Iñigo Landak ematen duena. Honek zehaztasun handiz jarraitzen du EAJren barne bizitza, eta baita hauteskunde prozesua ere, eta Ortuzar oztopo handi moduan ikusten du alderdiaren biziberritzerako, eta berdin Esteban ere. Zer da Ortuzar bere ikuspegian? Endogamia, nepotismoa, besteen gainetik egotea, harrokeria, Deia-ren kontrol erabatekoa... Bere ustez, bien artean ondo kozinatuta zuten prozesua: “Ez gaitezen engaina, Ortuzar eta Esteban txanpon bereko aldeak dira”.