Amaiera masiboa eman diote grebari arratsaldeko manifestazioek

Zuzeneko jarraipena
  • Azaroaren 30ean ARGIAk greba egingo du, gizarte mailan zaintza krisi gordina bizi dugula ikusten dugulako eta bat egiten dugulako zaintza publiko eta komunitarioaren defentsan mugimendu feministak eta hainbat gizarte eragilek planteatu dituzten helburu zehatzekin. Atari honetan egingo dugu grebaren jarraipena.

     


2023ko azaroaren 30ean - 06:00
Azken eguneraketa: 2023-12-12 12:54
Gakoak
Denon Bizitzak Erdigunean:“Gaurkoa mugarri bat izan da, baina ez da ezeren amaiera”

Greba Feminista Orokorra “historikoa” izan dela adierazi du Denon Bizitzak Erdigunean koordinakundeak, egunaren balorazioa egitean. Egungo zaintza ereduak baztertuen dituen sektoreak hartu ditu gogoan, eta enpresari, instituzio eta alderdiak salatu ditu feminismoari “diskurtsoa lapurtzen saiatzeagatik. Grebaren arrakastak zaintza eredu publiko-komunitarioaren aldeko indarrak hauspotu dituela ziurtatu du. Euskal gobernuei “exijitu” die “mahai intersektorial” bat osatzea, “zaintzaren gaiari urgentziaz heltzeko”, eta herritarrei eskatu die Herri Akordioaren aldeko borrokan sakontzeko.

“Zorionak Euskal Herria! Berriz ere herria egiteko, antolatzeko eta mobilizatzeko gaitasun izugarria erakutsi dugu!”. Horrela hasi du Greba Feminista Orokorraren balorazioa Denon Bizitzak Erdigunean koordinakundeak (DBE). “Zaintza sistema publiko-komunitario baten alde izugarrizko urratsa eman dugu gaur”, ospatu du, eguna “historikoa” izan dela ziurtatuta. “Gaur kalera atera gara mundua aldatzeko, beste sistema bat posiblea delako!”

Mugimendu feministak gogoratu du aspaldi salatu zituela “zaintza krisia eta honen dimentsio globala”, eta pandemiak erakutsi zuela “kolapsatuta” zegoela. “Honek guztiak erantzun bat eskatzen zuen”. Gaurko greba izan da azken erantzuna.

Irakurri albistea osorik hemen:

 

ARGAZKI GALERIA | Arratsaldeko hiriburuetako manifestazioak

Milaka pertsona batu dituzte arratsaldean Greba Orokor Feministaren alde deitutako mobilizazioek.

Irudian, Gasteizko (Hala Bediren argazkia)

Galeria osorik ikusteko sakatu hemen.

Sarasate pasealekua lepo bete da Iruñeko manifestazioan

Antoniuti plazan hasi da Iruñeko manifestazioa eta Sarasate pasealekuan bukatu. Auzoetatik zetozen zutabe feministek plazan bertan egin dute topo, martxa hasi aurretik. Zaintzarekin negoziorik ez, Ez gaude denak, egoiliarrak falta dira, Zaintza sistema publikoa eta beste lelo ugari oihukatu dituzte etengabe, euriak eta haizeak kikiltzen ez zituzten emakumeek.

Egun osoan bezala, manifestazio denboran euri-jasa gogorra izan da, baina milaka herritarrek bat egin dute eguneko ekitaldirik jendetsuenean. Ekitaldiaren amaierak eman zezakeen neurriaren maila bat: Sarasate pasealekua lepo bete da. Trafikoa bideratzerakoan izan da deskoordinaziorik udaltzaingoan, manifestazioak Armadaren etorbidetik jo behar baitzuen Nafarroa Beherea kalean barrena, baina lehenago sartu behar izan da Sarasatera trafikoa ez zegoelako behar bezala desbideratuta.

Bukaerako ekitaldia hasi aurretik, etxetan zaintza lanetan aritzen diren dozena bat emakume igo dira oholtzara eta haietako batek bizi duten egoeraren berri eman du. Aipatu du haiek ez dutela grebarako eskubiderik, egoera prekarioan daudela, baina hala ere bat egiten dutela gaurko borroka egunarekin.

Amaieran, egunaren balorazioa eta irakurketa egin dute antolatzaileek oholtzatik: “Euskal Herri osoan herria egiteko, antolatzeko eta mobilizatzeko gaitasun izugarria erakutsi dugu!”. Hizlariak eskerrak eman dizkie egun “historiko” hau gauzatzen aritutako guztiei: “Biba gu!”, oihukatu du ozen.

Bizitza sostengatzeko denbora eman behar dela azpimarratu du, eta nekea ere adierazi du zaintza kontuetan emakumeak eman behar duelako dena, eta sarri egoera oso prekarioan. “Horregatik –jarraitu du– gaur argi diogu: gizon, hartu zuren ardura. Ez egon zain, ez egon begira”. Gizonezkoei egindako erreferentzia hori izan da hitzaldi osoan gehien txalotu den unea.

Nafarroako gizartean, zaintza-lanak, batez ere, emakume migratzaileen lanari esker eusten direla gogoratu du, eta etxeko langileak oraindik ez direla aintzat hartzen Gizarte Segurantzaren Erregimen Orokorrean: “Horregatik, sistema kapitalista, patriarkal eta kolonial hau irauli behar dugu”.

Zaintza publiko eta komunitarioaren bidean, erakunde publikoei ere dei berezia egin diete mugimendu feministatik: “Nafarroako Gobernuarengana zuzentzen gara, argi eta garbi: bihar mahai sektorial bat sortzea exijituko dugu, zaintzaren gaiari urgentziaz heltzeko”. Gaurkoa mugarri bat izan dela aipatu dute hitzaldia amaitzeko eta hizlariek herritarrak akuilatu dituzte oholtzatik: “Euskal zaintza Sistema Publiko-Komunitarioa dugu irabazteko!”.

Manifestazioaren hasiera Antoniuti plazan. (Argazkia: ARGIA / CC BY SA)
Amaiera, Sarasate pasealekua lepo zegoela. Argazkia: (ARGIA / CC BY SA)

 

Hernanin plaza osoa betetzea lortu dute manifestariek

Hernanin manifestazio jendetsuak egin dira arratsaldean. Hiru zutabe antolatu dituzte, bakoitza herriko toki batetik irten da eta Zinkoenea plazan elkartu dira. Ondoren herriko kaleetan barrena jarraitu du mobilizazioak eta udaletxea dagoen Gudarien plazan amaitu da ekitaldi batekin. Jendetza bildu da, euria erruz eginagatik ere, eta plaza osoa betetzea lortu dute.

Amaierako hitzartzean, hainbat emakumek hitz egin du zaintzaren inguruko ertz ezberdinen inguruan eta instituzioei exijitu diete "bihar bertan" has daitezela lanean zaintza publiko komunitario bat eraikitzeko politikak ezartzen. Txalo zaparrada batekin amaitu da ekitaldia.

Sortu Hernanik udaletxetik ateratako argazki ikusgarria.

Bilboko ekitaldia: "Garaia da nahi dugun zaintza sistemarekin amesteko"

Zaintza langileek osatutako bi zutabek ireki dute Bilboko manifestazioa, "Zaintza sistema publikoa orain" lemapean. Bide osoan aldarri anitzak entzun dira, gehienak euskaraz: "Gora borroka feminista, antiarrazista, antikapitalista", "ez gaude denak, etxeko langileak falta dira" edo "zaintzarekin negoziorik ez", adibiderako.

Manifestazio amaierako ekitaldiari bertsotan eman diote hasiera:

Amaierako hitzartzean Palestina izan dute gogoan, bertako ospitale eta zaintza azpiegiturak Israelek jomuga izan dituelako. Greba egiteko aukerarik ez duten etxeko langile egoiliarrak bereziki aipatuak izan dira behin baino gehiagotan.

Gizarteko zaintza krisiaren kritika egin dute, pribatizazioarekin negozioa egiten duten funts putreak eta Sacyr bezalako enpresak seinalatuz. Egoera hori erakunde publikoen erantzukizuna dela salatu dute eta azpimarratu dute 2018 eta 2019ko M8-ko grebetan pina partean zutela argazki bila agertu ziren batzuek ez daudela salaketa egiten duen greba honetan. Baita ere aipatu dute duela bi aste zaintzaren gaian kongresua egin dutenek eduki kritikorik gabe egin zutela eta diskurtsoa lapurtzen ari direla, hitzak bai baina ekintzarik gabe.

Eta konponbiderako eskaera hauek egin dituzte:

Amaiera Aiora Renteria eman dio kantuan:

Zutik emakumeak itxi du eguna:

Gasteizko ekitaldia: egindakoagatik zoriondu, eta helburuak lortu arte borrokan jarraitzeko asmoa azpimarratu dute

Manifestazio jendetsua Gasteizen, Greba Orokor Feministari bukaera emateko.

San Anton plazatik abiatu da Gasteizko Mugimendu Feministak deitutako manifestazioa, Zaintza sistema publikoa orain lelodun pankartak gidatuta. Prentsari eginiko adierazpenetan, emakume trans eta bollerek kaleak hartu dituztela esan dute Gasteizko Mugimendu Feministako kideek, gizonak bigarren planoan egon direlarik. Zaintza guneen garrantzia ere azpimarratu dute egindako deklarazioetan, eta Deriba aldarrikapen zehatzez betetzea lortu dutela.

Manifestazio amaierako ekitaldian, Gasteizko Mugimendu Feministako kideek Araban mobilizatu diren langile guztiak zoriondu dituzte. Azpimarratu dute jardunaldi historikoa izan dela, eta zaintza sistema publikoaren aldeko aurrerapauso handia. Azaldu dute Greba Orokor Feministaren bitartez lekukoa hartu zaiela Martxoaren 8ko grebarekin agendan kokatu ziren zaintza lanei.

Sistema publiko duina eskatu dute, osasuna, hezkuntza eta zaintza ardatz. Horretarako, pentsio duinak, etxebizitza eskubidea, errolda eskubidea, zaintzeko denborak, baimenak, lurrak… eta bizitzak erdigunean jarriko dituen zaintza sistema publiko eta indartsua beharrezkoa dela adierazi dute.

Aurretik egiteke dagoen bide luzea azpimarratuta bukatu dute ekitaldia: Herri Akordioa osatu, euskal gobernuak interpelatu eta zaintza sistema publikoa egikaritu. Horretarako, Euskal zaintza Sistema Publiko-Komunitariora bidean antolatzen zein aliantzak eraikitzen jarraituko dutela adierazi dute.

 

GALERIA | Bilboko arratsaldeko manifestazioa: "Zaintza publikoa orain"

Pello Maudo Herrero argazkilariaren irudiak dira, ARGIAren CC BY SA lizentziapean.

"Zaintza sistema publikoa orain" aldarrikatuz hasi dituzte manifestazioak

Gainontzekoen aldean, lehenbizikotarikoak izan dira irteten Bilbon. Deialdi gehienak 18:00etarako daude eginda.

Egilea: Pello Maudo Herrero / ARGIA CC BY SA

 

Donostian atxilotutako bostak askatzear daude

Dozenaka lagun elkartu dira Antiguoko Ertzaintzaren komisaldegi parean. Donostian atxilotutakoak askatzeko eskatzen ari dira, baita poliziei "zuena ez da zaintza, indarkeria da" oihukatzen ere. Ertzainek esan diete ez dutela baimenik bertan egoteko, eta emakume bat identifikatu dute.

Abokatuak baieztatu duenez, laster askatuko dituzte bostak, deklaraziorik hartu gabe.

Osakidetzan izandako jarraipena, Jaurlaritzaren arabera: %5

Balorazioetan sartu gabe, zifrak ematera mugatu da Osasun Saila. Greba deialdiaren eragina %5,31koa izan da Osakidetzan, haren arabera.

Lurraldeka, gehien Gipuzkoan nabaritu da –%6,22–, eta gutxien, berriz, Bizkaian –%4,63–.

Lan-kategorietan alde nabaririk ez: erizainak eta medikuak ez beste osasun-langileek jo dute grebara gehien.

Une batetik bestera hasiko dira eskualde buru eta hiriburuetako manifestazioak

Nafarroan, ondoko hauek dira hitzorduak: 18:00etan hasita, Iruñean, Altsasun, Elizondon, Irunberrin eta Tuteran. 19:00etan ekingo diote Lizarran, eta 19:30ean Tafallan.

Araban, bestalde, 18:00etan Gasteizen, 18:30ean Agurainen eta 19:00etan Laudion.

Bizkaian lau leku hauetan: Bilbon 17:30ean, eta 18:00etan Durangon, Markina-Xemeinen eta Gernikan.

Gipuzkoan, azkenik, hitzordu bat 17:30ean, Hondarribian. Gainontzeko hauetan 18:00etan: Donostian, Zumaian, Arrasaten, Hernanin, Oreretan, Ordizian, Urretxu-Zumarragan eta Tolosan.

Identifikazio eta miaketak Gasteizen, Deribaren bukaeran

Erroldarik Gabe dinamikako kideek salatu dutenez, Deribaren prestaketan zeudela udaltzainek oztopatu eta hiru kide identifikatu eta miatu dituzte.

Deribaren 5. geldialdia egokitu zaie Erroldarik Gabe dinamikako kideei. Udalak errolda eskubidea bermatzeko eskatu dute. Bizilagun askorentzat politika horiek harresi direla salatu eta udala erroldaren negozioaren erantzule nagusi gisa seinalatu dute.

Arabako osasun-baliabide publikoetako langileek eta erabiltzaileek sortutako Osasun publikoa aurrera! plataformak hartu du lekukoa, osasun sistema publikoaren indartzea eskatu dute parodia bat eginez.

Santa Barbara plazan eman zaio bukaera Greba Orokorreko Deribari. 18:00etan San Anton plazatik abiatuko den manifestaziora batzeko deia egin dute.

 

Argazkiak | Goierrin goizean goizetik nabarmena izan da grebaren eragina

Goizean goizetik Goierriko eta Urola Garaiko industrialde, errepide eta merkatalguneetako sarrera-irteera ugaritan ekintzak eta mobilizazioak izan dira.

Zumarragako ospitalean, CAF lantegian edo Olaberriko merkatalgunean piketeak izan dira, besteak beste, eta eguerdi aldean manifestazioak egin dituzte herri askotan. Eskualdeko talde feministetatik ARGIAri igorritako argazki galeria segidan:

Portugaleten udalbatza eten dute "zaintza sistema duina denon ardura" dela aldarrikatzeko

Goizean goizetik kaleak hartu eta zaintza sistema publiko eta komunitarioaren beharra aldarrikatu dutela zabaldu du Portugaleteko Mugimendu Feministak. Egindako ekimenen artean, udalbatza eten dute, zaintza sistema duina eraikitzea "guztion erantzukizuna" dela azpimarratzeko.

Bideoa: Portugaleteko Mugimendu Feminista

Ehunka lagun batu dira Gasteizko eguerdiko mobilizazio nagusira

'Deriba' izena eman diote mobilizazioari, zaintza eskubide urraketekin zerikusia duten hainbat gune birdefinitzeko ibilbide kolektiboa.

Adurtzako Lanbide bulegotik irten den Deribaren bigarren geldialdia Gizarte Segurantza bulegoa izan da. Emakume pentsiodunek hartu dute hitza: bertsotan, emakume nagusien txirotasuna salatu dute, eta guztiontzako pentsio duinak eskatu dituzte.

Gizarte Larrialdietarako Udal Zerbitzuan egin dute 3. geldialdia. Derecho a Techo eta Ongi Etorri Errefuxiatuak Arabak etxebizitza duinerako baliabide publikoak eskatu dituzte Udaletxearen Gizarte Politikak kudeatzen dituen zerbitzuaren aurrean.

Arabako Foru Aldundian egin dute geldialdia ondoren. Bertan, erresidentzietako langileek hitzarmen kolektiboaren alde egin dute, eta familia elkarteek zaintza publikorako eskubidearen alde.

 

Zaintzaren pribatizazioa salatu dute Iruñean

2005. urtean Nafarroako zahar-etxeetako jabetzaren eta kudeaketaren %25 publikoa zela eta gaur egun, soilik, %2,77 dela salatu dute feministek.

Argazkia: Olaia L. Garaialde

“Gaur, asko dugu aldarrikatzeko. Greba honetan bizitzaren defentsa gordinaz ari gara; hau da, bizimodua sostengatzen duten langileak babesteaz eta zaintza-beharrei erantzungo dieten egitura publiko eta komunitarioak eraikitzeaz”, aldarrikatu dute Ekhiñe Petriatik eta Andrea Torralbak, Nafarroako mugimendu feministako kideek. Nafarroako Diputazioaren aurrean elkarretaratzea egin dute zaintzaren pribatizazioa salatzeko.

“Nafarroako Gobernuari eta Iruñeko Udalari zaintzaren inguruko diskurtso politez ahoa betetzen zaien bitartean, Nafarroako adinekoen erresidentzia gehienak enpresa pribatuen esku daude”, nabarmendu dute. Gaineratu dute pribatizazioa “geroz eta handiagoa” dela. 2005. urtean zahar-etxeetako jabetzaren eta kudeaketaren %25 publikoa zen, eta gaur egun, soilik, %2,77.

Etxez Etxeko Laguntza Zerbitzuak ere pribatizatzen ari direla salatu dute: “Ezinbesteko zerbitzua da mendekotasuna duten pertsonak artatzeko, eta Iruñeko Udalaren lehentasuna zerbitzua hobetzea izan beharko litzateke”. Hala ere, 2021. urtean, Iruñeko Udalak atzera bota zuen zerbitzua publikoa sortzeko prozesua:  “Udalak Etxez Etxeko Laguntza Zerbitzua pribatizatu zuen, eta langileen lan-baldintzak okertu”.

Azkenik, argi utzi dute erakundeek eta alderdiek ezin dutela diskurtso feminista lapurtu eta berenganatu: “Kanpaina huts, alferrikako txosten eta argazki irribarretsuetatik haragoko politikak behar ditugu, zaintza eskubide kolektibo bilakatuko duten neurri errealak behar ditugu”.

Elkarretaratzeaz gain, egunaren balorazio txiki bat ere egin dute. Saioa Urrizak, ELA sindikatuko kideak esan du “zaila” dela neurtzea nola doan greba: “Zaintzarekin zerikusia duten soldatapeko lanetan zerbitzu minimoak oso altuak direnez zailagoa da grebaren segimendua egitea. Hala ere, jantokietan eta ehungintzan parte hartzea handia izan da”.

Imanol Karrerak, LAB sindikatuko kideak azpimarratu du zaintza lanak “gaizki” banatuta daudela, eta gizonen ardura dela lan horietaz ere arduratzea:  “Ezinezkoa da emakumeek zaintza lan guztiak arduratzea; horregatik, gizonak interpelatzeko garaia da. Gizonok ardurak hartu, eta zaintza lanak bete behar ditugu.

Sei pertsona atxilotu dituzte Donostian, Diputazioan kateatzeagatik

Donostiako kaleak hartu eta hiru geldiune egin dituzte, eguerdi partean: Donostiako Udala, Ogasunaren egoitza eta Gipuzkoako Foru Aldundia. Instituzio publikoak interpelatu nahi izan dituzte, zaintzaren pribatizazioan, zaintzaileen baldintza prekarioetan (eta zaintzaileak eurak zaintzeko premian), zaintza kolektiborako eskubidean eta zaintza sistema publiko bat gauzatzeko bidean duten ardura leporatuta.

Zaintzaren eredua gutxi batzuen etekinerako pentsatuta dagoela salatu dute, etxeko langileen kaltean. Zaintza pribatu hau diru publikoz finantzatzen ez jarraitzeko eskatu diete administrazioei.

Tentsioa eta atxilotuak

Gipuzkoako Diputazioko atera bost pertsona kateatu dira eta aurrean eserialdia egin dute lagun ugarik. Ertzaintza agertu da eta eserita zeudenak atera ditu, gehienak arrastaka. Tentsio handiko uneak izan dira. Bukaeran, kateatuta zeuden bost pertsonak Diputazio barrura sartu dituzte, atxilotuta, eta beste hainbat lagun identifikatu dituzte. Donostiako asanblada feministatik jakinarazi dutenez, kateatuez gain seigarren pertsona bat ere atxilotu dute: adin txikiko mutiko bat.

Donostian zehar egindako manifestazioan, lelo ugari aldarrikatu dituzte, ozen: "Zaintza sistema publikoa", "Greba feminista, antirrazista, antikapitalista", "polizia gutxiago, haurreskola gehiago", "lan internoa esklabotza da", "patriarkatu kapitala, negozio kriminala", eta gehien errepikatu dutena: "Zaintzarekin negoziorik ez".

Gazako genozidioa salatzeko aprobetxatu dute greba feministan parte hartu duten Ikasle Sindikatuak eta Ezker Iraultzaileak, pankarta propioarekin.

Bestalde, Itaiak ere jende andana mobilizatu du Donostian. Manifestazioa egin dute, Bulebarrean elkarretaratzea, eta Correosen aurrean eserialdia, bertako garbitzaileekin elkartasunez. "Gora emakume langileon borroka" lelopean, kalitatezko lan eta bizi baldintza berdinak eskatu dituzte guztiontzat.

Ikusi eguerdiko gertakarien argazki eta bideoak:

BIDEOA | Aurreikuspenak gaindituta, Durangaldeko piketeak kaleak astindu ditu

Iurretatik Bilbora doan N-634 errepidea ere moztu dute piketeek. 100 pertsona espero zituzten antolatzaileek, eta kopurua bikoiztu dute: 500 lagun baino gehiagoko zutabe luzea osatu dute industriguneko trafikoa oztopatzen, Durango, Iurreta, Izurtza eta Mañariatik etorritakoak.

Ondoren industriaguneko merkatalgunera joan dira, supermerkatuetan (Lidl, Aldi, Mercadona...) piketeak egitera.

Iurretako industriaguneko Mercadona, Aldi eta Lidl-en piketeak egin dituzte. "Gaur greba eguna da" eta "bajatu pertsianak" oihu artean interpelatu dituzte supermerkatuetako langileak. Zaintza eskubide kolektiboaren aldarriak zabaldu dituzte hiru komertzio handi horietan, eta erosleen sartu-irtenak oztopatu dituzte. Mercadonan atzeko atera bideratu dituzte erosleak.

Ertzainak bertaratu dira piketeak kontrolatzera, eta emakume bat identifikatu dute margoketa batengatik. ARGIAko kazetari bati ere akreditazioa eskatu diote bai Mercadonan bai Lidl-en, piketeak grabatzeagatik.

Gasteizen, mugimendu feministak poliziaren jarduna salatu du

Gasteizen bildutako eragile sindikalek eta Mugimendu Feministako kideek deriban eta arratsaldeko manifestazioan parte hartzeko deia egin dute. Mugimendu Feministak poliziak "neurrigabe" jokatu duela salatu du. Goizean atxilotuekin elkartasuna luzatu eta gogorarazi dute jadanik aske daudela. Eragile sindikalek, bestalde, administrazioei interpelazio berezia egin diete, zaintza "pribatizatzen" ari direlako, zaintza "negozio" bilakatuz.

Deribara batzeko deia egin dute Gasteizen. Zaintza eskubide urraketekin zerikusia duten hainbat gune berdifinitzeko ibilbide kolektiboa dela azaldu dute. Deribaren abiapuntua Adurtza auzoko Lanbideren bulegoa izan da. Bertan, etxe eta zaintza langileek hartu dute hitza: formakuntza eskuragarria, lan-ordutegietara egokitua eta bizitza duinarekin bateragarri izan dadila aldarrikatu dute.

Bilboko emakume migratuek atzerritarren legea indargabetzea eskatu dute
Emakume migratu eta arrazializatuek atzerritartasun bulegoan egin dute protesta.

Bilboko emakume arrazializatu eta migratzaileek atzerritartasun bulegoaren aurrean egin dute protesta.

Atzerritarren legea bertan behera uzteko eskatu dute. Egoera legal irregularrean dauden emakume gehienentzat zaintza lanak aukera bakarra direla adierazi dute, eta haien lan prekarioen eraginezz ondorio fisiko eta psikologikoak sufritzen dituztela. Ondoez horiek antzeztu dituzte atzerritartasun bulegoaren aurrean.

Etxeko langile migratu batek etxeko langile egoiliar aritutako emakume baten adibidea kontatu du, zeinak sexu gehiegikeriak jasan zituen lan egiten zuen etxeko gizonarengandik. Gizonak hala esan zion: "Zuk salatu, baina inork ez dizu sinetsiko, beltza, migratua eta ilegala zarelako". 

Migratzaileetako batek kideak hauspotu ditu borrokan jarrai dezaten bizitzak erdigunean jartzeko. Eta greba egin ezin dutenak gogora ekarri dituzte "Ez gaude denak, etxeko langile egoiliarrak falta dira!" leloa haizatuta.

"Zaintza ez du erdigunean ipintzen" gaur onartu den Osasun Publikoaren Legeak, EH Bilduren arabera

Eusko Legebiltzarrak Osoko Bilkura eguna izan ohi du osteguna, eta gaurko Greba Feminista Orokorrak ez du eten bere jarduna. EH Bildu eta Elkarrekin Podemos-IU ez dira azaldu plenora; gutxieneko ordezkariak soilik bertaratu dira, eztabaidan parte hartu eta ezezko botoa emateko. Argazkia ezohikoa izan da.

EH Bilduko legebiltzarkide Rebeka Uberak salatu du zaintza ez dela erdigunean jartzen Osasun Publikoaren Legean, eta osasunaren pribatizazioarekin gelditzeko pausurik ez dela sumatzen.

Argazkia: Eusko Legebiltzarra
Bilboko Udaletxeko plenora sartu dira grebalariak

Zaintzarekin negozioa egiteari uzteko aldarria Bilboko Udaletxeko plenora arte eraman du mugimendu feministak. Jendetza bildu da udaletxearen parean eguerdiko mobilizaziorako eta aldarria entzunarazten dabiltza plenoko bilkura herrikoia eginez. Udaletxera sartzen lortu dute ere. Ikusi bideoa:

 

Bilboko Udal Pleno Herrikoiak zaintza publiko komunitarioaren aldeko mozioak onartu ditu
Bilboko Udaletxe aurrera manifestazioan etorri da jendetza eguerdian, Udaleko Pleno Herrikoia egitera.

Umore, zarata eta zorroztasun handiz egin du mugimendu feministak Osoko Bilkura Herrikoia Bilboko Udaletxe atarian, eta txalotu dute goizean udalbatzara sartu direla grebalari zenbait.

Erakunde publikoek zaintza pribatizatuta eta prekarizatuta daukatela salatu dute.

Zain eta Tza pertsonaiek gidatu dute Osoko Bilkura Herrikoia eta lau eragile deitu dituzte, mozioak aurkeztera. Eragile hauek sektoreka errealitate gordinaren datuak eman dituzte, zaintzaren krisi larria bistaratuz.

Udal Pleno Herrikoian hitza hartu dutenak, lehen lerroetan eserita haien txandaren zain.

Atxuri Harrera taldeko kideak paperik gabeko eta kalean lo egiten duten pertsonen izenean hitz egin du egoerak horiek salatuz.

Zain eta Tza pertsonaiak Udal Pleno Herrikoia gidatzen.


Pentsionistek ohartarazi dute zahartzaroan zaindua izateko sistema publikorik ez dagoela, dena dela ordaindu beharrekoa eta pribatizatuta.


Etxez etxeko langileek (Sacyr eraikuntza eta zerbitzu enpresakoa bat) salatu dute zeintzuk diren zaintza zerbitzu enpresen jabeak, Bilboko Udalak etxez etxeko zaintza zerbitzu osoa duela pribatizatuta eta lanean jasaten dituzten eraso psikologiko eta fisikoak ez direla aintzat hartzen.

Udaletxeko hormetan eskegi dituzten pankartak


Auzoen izenean San Frantziskoko Koloretxe emakumeen kolektiboak hartu du hitza eta auzoetan dagoen zerbitzu publiko falta salatu du, "auzoak erdigunera" ekarri behar direla eskatuz.

Mozio herrikoi hauek ahobatez onartu ditu udaletxe aurrean batutako jendetzak.

Iruñeko Erruki Etxeko langileak: "Soilik zazpik egin ahal izan dugu greba"

Eskerrak eta babesa emanez abiatu dute Iruñeko Erruki Etxeko mobilizazioa. "Babesa helarazi nahi diegu zaintza lanetan ari diren kideei eta neurriz kanpoko minimoen ondorioz greba egin izan ez dutenei", esan du Susana Laia Erruki Etxeko langileak eta ELAko kideak. Mugimendu feministak egindako lana eskertu du Ana Rey Erruki Etxeko langileak eta LABeko kideak: "Greba egunetan ezin gara kalean egon beti zerbitzu minimoetan lan egiten dugulako".

Nafarroako zahar-etxerik handiena dela ere salatu dute: "Makro egoitza honetan 252 langile gaude, 480 egoiliar ditugu, eta soilik zazpik egin ahal izan dugu greba". Gaineratu du behin eta berriz salatu dutela, baina ez dutela aldaketarik lortu. Horrez gain, egutegiaren ondorioz kontziliaziorako arazoak nabarmendu dituzte: "Iazko urritik itxita dugu egutegia eta ezin dugu egun bat ere hartu".

Hortaz, "lan baldintza duinak" izateko eta "kalitatezko zerbitzu bat" emateko Nafarroa osoko lan hitzarmen bat eskatzen diote Nafarroako Gobernuari eta zahar-etxeetako patronalari: "1.700 ordu baino gehiago egiten ditugu urtean; sare publikoan lan egiten duten lankideek baino ehun ordu gehiago". Gaineratu du estatu mailako hitzarmena duten langileek baldintza "okerragoak" dituztela: "1.100 euro kobratzen dituzte urtean 1.800 ordu lan egiteagatik". Horren ondorioz, baja hartzeko arazoak izaten dituztela salatu du: "Ezin dugu %100ean bajarik hartu miseria gorrian geratzen garelako".

Azpimarratu dute ere zahar-etxe pribatuak Nafarroako Gobernuaren laguntzaz aberasten direla: "Langileen, egoiliarren eta familien eskubideak urratuz Nafarroako Gobernuak dirua ematen die zahar-etxe pribatuei".

Horregatik, mugimendu feministak zaintzak erdigunean jartzea eskertu dute langileek: "Zaintza publikoa, unibertsala eta kalitatezkoa izan behar da".

 

Ikama: "Ikasleek hankaz gora jarri dituzte ikastetxe eta unibertsitateak"

"Zenbait ikastetxe itxita agertu dira gaur goizean eta unibertsitateetako campusetako sarrerak blokatuta, greba feminista orokorraren piketeen ondorioz", adierazi du Ikama ikasle mugimenduak, hedabideetara igorritako prentsa-oharrean: "Ikasleek ikastetxeak eta unibertsitateak hankaz gora jarri dituzte goizeko lehen ordutik. Hutsik geratu dira Euskal Herriko hainbat hezigune eta campusak".

EHUn / Argazkia: EHUko ikasle komitea

"Ikasleek zaintza eskubide kolektiboaren aldeko borrokara batu dira, eta argi utzi dute egungo hezkuntza sistema, sistema zisheteropatriarkal kapitalista eta zaintzaren antolamendu soziala erreproduzitzeko oinarrizko tresna dela", gaineratu dute. "Egungo hezkuntza sistemak, generoen arteko jakintzen sailkapena egiten du; generoaren araberako hautaketa egitera bultzatzen ditu ikasleak. Horrek eragiten du sistematikoki Neska* Ikasleak zaintza eremuari lotutako ikasketak hautatzea, eta beraz sektorea feminizatua izaten jarraitzea".

EHUn / Argazkia: EHUko ikasle komitea

Halaber, unibertsitateko ikasleek salatu dute unibertsitate ereduak "zaintza lanak subkontratatzen eta prekarizatzen" dituela. "Euskal Herriko unibertsitateak sistema zisheteropatriakal kapitalistaren mesedetan ari dira, eta zaintza lanen merkantilizazioan sakontzen laguntzen dute". Dozenaka ikaslek hartu dute parte piketeetan, eta EHUko, NUPeko eta MUko campusak blokatu dituzte gorputzak eta zintak baliatuz.

Bilbon sindikatuek eta mugimendu feministak A30en arrakasta nabarmendu dute

Garbiñe Aranburuk Bilboko Udaletxe aurrean egin dituen adierazpenetan adierazi du "zaintzaren iraultza abian dela eta geldiezina dela":

Amaia Muñoa ELAko kideak adierazi du "zaintzaren eztabaida saihestezina dela eta erakundeek erantzun egin behar diotela"

Mugimendu feministako kide Nahia Torrealdai gaurko grebaren arrakasta nabarmendu du eta gogoan izan ditu "greba egin ezin dutenak"

Gasteizen atxilotutako biak, aske

Gasteizko Michelin fabrikaren sarreran egin den piketean Ertzaintzak atxilotu dituen bi pertsonak (LAB sindikatuko delegatuak) aske geratu dira, Gasteizko Mugimendu Feministak jakinarazi duenez.

ARGIAk hartutako irudiak:

 

Osakidetzan %5eko jarraipena izaten ari da greba Jaurlaritzaren arabera

Gaueko txandan, grebaren jarraipena %0,26an kokatu du Jaurlaritzaren Osasun Sailak. Lurraldeka, gutxien Gipuzkoan –%0,17–.

Goizeko txandan, bestalde, datu emaile beraren arabera, langileen %5,26ak egin du greba. Kasu honetan gehien Gipuzkoan.

Manifestazioak, kazeroladak zein piketeak, aitzina doa zaintza eskubidearen aldeko borroka eguna

Goizeko pikete feministak eta gero, aitzina doa borroka eguna. Manifestazioak, elkarretaratzeak zein zaintza guneak, hamaika ekimen daude une honetan Hego Euskal Herriko hainbat herritan.

Besteak beste, piketea Eusko Jaurlaritzaren aurrean:

Iruñean Eskubide Sozialen Departamenduaren aurrean:

Zarautzen:

Gasteizen:

 

Eguerdiko ekimenak: non zer

Goizaldeko piketeen ostean, kalejirak, elkarretaratzeak eta bestelako ekintzak egingo dira hainbat udalerritan. Batetik, sindikatuek eta mugimendu feministak adierazpenak egingo dituzte Bilbon (11:50ean Udaletxean), Iruñean (12:20an Diputazioan), Donostian (12:20an udaletxean) eta Gasteizen (12:45ean Adurtzako Lanbiden). Eta, bestetik, hainbat ekimen egingo da Durangon (11:30ean Barandiaran zahar egoitzatik abiatuta kalejira zaintza langileekin), Bilbon (12:00etan udaletxean pleno herritarraren performancea eta 13:00etan etxeko langileen performancea Extranjerian), Donostian (udaletxetik abiatuta instituzioetan ekimenak etxeko langileekin), Iruñean (12:30ean Diputazioan elkarretaratzea eta ekintzak), eta Gasteizen (13.00etan Zumaquera kaleko Lanbidetik hasita deriba).

Durangaldeko 500 pertsona inguruk piketeak egin dituzte Mercadona, Aldi eta Lidl-en

Iurretako industriaguneko Mercadona, Aldi eta Lidl-en piketeak egin dituzte. "Gaur greba eguna da" eta "bajatu pertsianak" oihu artean interpelatu dituzte supermerkatuetako langileak. Zaintza eskubide kolektiboaren aldarriak zabaldu dituzte hiru komertzio handi horietan, eta erosleen sartu-irtenak oztopatu dituzte. Mercadonan atzeko atera bideratu dituzte erosleak.

Ertzainak bertaratu dira piketeak kontrolatzera, eta emakume bat identifikatu dute margoketa batengatik. ARGIAko kazetari bati ere akreditazioa eskatu diote bai Mercadonan bai Lidl-en, piketeak grabatzeagatik.

Antolatzaileek esan dutenez, indartsu hasi dira goizean goizetik Durangaldean, eta espero zituzten 100 pertsonen zifra askogatik handitu dute: 500 pertsona baino gehiagok hartu dute parte goizeko mobilizazioetan.

Gasteizen atxilotutako biak LABeko delegatuak dira

LABek salatu duenez, Gasteizko Michelin fabrikaren sarreran egin den piketean Ertzaintzak atxilotu dituen bi pertsonak sindikatuko delegatuak dira. Esku-hartze sozialeko sektoreko langileak dira biak.

ARGIAk hartutako bideoan, piketearen irudiak.

 

Zaintza guneak, kolektiboki antolaturik

Denon Bizitzak Erdigunean plataforma dabil greba feminista orokorra aurrera eramaten, zaintza eskubidearen alde. Zaintza borrokaren erdigunean jarrita, kolektiboki erantzungo diote eskubide bezainbat betebeharra den horri. Zaintza guneak, bazkari partekatuak ala beste, zaintza kolektiboki gauzatuko dute egun osoan zehar. Besteak beste, Bilbon hori antolatzen dabiltza:

 

Denon Bizitzak Erdigunean-en lehen balorazioa: greba "jarraipen zabala" jasotzen ari da

Indartsu hasi du eguna Denon Bizitzak Erdigunean plataformak eta Euskal Herriko errepide, enpresa eta zerbitzu ezberdinetan sentitzen ari da greba feminista orokorraren eragina. Herri eta auzoetako greba komiteetatik antolatutako dozenaka mobilizazio burutu dituzte goizean goiz, errepideak hartuta, bideak itxita, gosariak prestatuz eta pikete informatiboak eginez.

Horra grebaren jarraipenari buruz Denon Bizitzak Erdigunean-ek zabalduriko lehen datuak: sektore publikoan jarraipena "esanguratsua" izaten ari da. Adibide batzuk jarraian: Eusko Tren eta Metron adibidez jarraipena oso zabala izaten ari da, zerbitzu minimoak bakarrik lan egiten ari direlarik; hezkuntza publikoan dauden 600 ikastetxeetan du lan uzteak eragina; sukalde eta garbiketan jarraipena "oso zabala" dela dirudi eta sukalde asko itxita egongo dira; haurreskoletan, unibertsitateetan zein ikastoletan oro har, jarraipena zabala izaten ari da.

Segitu balorazioari buruzko albistea irakurtzen hemendik.

Emakume presoen zaintza egoera salatu dute Martutenen

Martuteneko kartzela parean jende ugari bildu da goizeko 08:30ak inguruan, han preso dituzten emakumeen zaintza egoeraren berri eman eta salatzeko.

Donostiako 27 poligonoko biribilgunean errepidea moztu ondoren, manifestazioan joan dira piketeetako kideak presondegia dagoen tokiraino, Ertzaintzaren furgoneta atzetik dutela. Han jende gehiago zegoen zain eta txaloka eta oihuka hartu dituzte. Presondegiko ataria afixez bete dute eta A30eko grebaren aldarriarekin pankarta zintzilikatu dute bertan.

Grebalariek bi gutun irakurri dituzte segidan. Bata, Martuteneko kartzelako patioko emakume batzuek bidalitakoa, bestea, berriz, presoei emandako erantzuna.

Salatu dute, gizonezkoei premia bereziak dituzten presoen zaintza lanak egiteagatik hainbat onura ematen dizkieten bitartean, emakumezkoak zaintza lan horiek egitera derrigortzen dituztela, "erizaindegia ez da aukera bat, denak datoz modulura", azaldu dute gutunean: "Zaintzak emakume presook ere modu berezituan zeharkatzen gaituelako, A30ean zuekin izango gara!", amaitu dute.

Ondoren Denon Bizitzak Erdigunean kolektiboaren erantzuna irakurri dute, haiekiko elkartasuna adieraziz,eta espetxean erregistratu dute, emakume presoek jaso dezaten.

Ekintzak iraun duen bitartean Martutenetik Donostiara doan errepidea moztuta egon da eta ertzainek gertutik jarraitu dute mobilizazioa. Afixa batzuk atariko begiralekuan paratu dituzte baina horiek kendu egin dituzte agenteek.

Tubacex aurrean egindako piketearekin hasi da greba Aiaraldean

Aiaraldean Greba Feminista Orokorraren lehenbiziko pikete feminista asteazkenetik ostegunerako gauerdian egin da Tubacex enpresaren aurrean. Tentsio uneak izan dira Ertzaintzaren eta grebalarien artean. "Hamar bat kotxe besterik ez dira sartu lanera, 300 langile baino gehiago dituen Tubacexeko Laudioko lantegira", adierazi du Aiaraldeako Mugimendu Feministak sare sozialetan.

 

<< <
1 2
> >>

Kanal honetatik interesatuko zaizu: Greba orokor feminista
Analisia
Ez iskin egin zaintza sistemari

Arabako Foru Aldundiaren erabaki batek etxez etxeko zerbitzurik gabe utzi ditu 150 pertsonatik gora, EH Bilduk salatu duenez. 700 euroren truke etxe barruko langile edo interna jarri behar izaten dira emakume etorkin asko, ez dutelako logela bat ordaintzeko modurik, Nafarroako... [+]


2023-12-06 | Mikel Zurbano
Feminismoak ekonomia berrasmatzen

Azaroaren 30eko greba feminista orokorrak bide ematen digu ekonomian genero ikuspegiak ekartzen duen begirada berriaz eta emandako urratsez hausnartzeko. Ekonomia konbentzionalak soilik etekinak lortzeko ahalegina egiten duen bitartean, genero ikuspegiak jendartearen eta... [+]


2023-12-04 | Leire Artola Arin
ANALISIA
Zaintza deserosoa da, greba ere bai

Langile guztiok dakigu greba orokorra nola egiten den, eta zer ondorio dituen. Baina ez genekien greba feminista orokorra egin zitekeenik, ezta eraginik izan zezakeenik ere. Mugimendu Feministak konplexuak alde batera utzi eta erakutsi du zaintza jendarte osoaren auzia dela eta... [+]


Analisia
Bideak egiten adinekoen zaintzan

Eguraldi gogaikarri, hotz eta euritsu batek Donostiako greba feminista lagundu zuen. Grebak estereotipoak hautsi eta adinekoen zaintzaileek emakume langile gisa dituzten eskubideak eskatu ditu, etxeko langile gisa kontratatuak baitira. Greba feminista orokorra! oihuka ibili... [+]


Denon Bizitzak Erdigunean plataformak mahai intersektorial bat sortzea exijitu die euskal gobernuei

Herri Akordio bat osatu dute prozesu honetan batu diren mugimendu feminista, eragile sozial eta sindikatuetako kideek. Greba Feminista Orokorra “mugarritzat” jo dute.


Guztiontzat kalitatezko lan eta bizi baldintza berdinak aldarrikatu ditu Itaiak

Zaintza sektoreko langileen baldintza txarrak eta zaintza zerbitzuen kalitatearen okertzea salatu dituzte. Sektore feminizatuetan borrokan diharduten emakume langile asko batu dira mobilizazioetara; Correosek eta beste hainbat enpresak azpikontratatutako garbitzaileak,... [+]


Analisia
‘Grebondoa’

Euskal Herriko feminismoarentzako gu guztion bizitzak badira nahikoa arrazoi greba orokor bitartez karrikak inarrosteko, berdin etxe barnak ere. Denon bizitzen aldeko aldarriak eta ideiak berak badakarzkielako, bere baitan, bateren batzuek oasitarako duten jendarte hau... [+]


2023-12-01 | Ana Mezo Basaras
Analisia
“Zaintzaren ardurak familia saretik harago joan behar du, zorra beste nonbaiten dago-eta”

Mugimendu Feministak ausardiaz jokatu du, lan handia egin du, eta zaintza, bizitza, erdigunean indartuta jarri du. Eragileen artean egin den elkarlana ere garrantzitsua izan da. Azaroaren 30ean Euskal Herriak urrats handia egin du. Gaur egungo zaintzaren eredua irauli egin behar... [+]


2023-12-01 | Alazne Intxauspe
A30az emakume baserritar feministak
“Zaintza pertsonak zaintzea baino gehiago da, lurra, haziak, ura, abereak, lurraldeak eta ondasun komunalak zainduko dituen sistema behar dugu”

Elikadura Burujabetzaren alde gauden emakume baserritar feministak gara eta ohituak gaude gure proiektu txiki agroekologikoak ez direla errentagarriak entzuten. Ez baititugu produkzio sistema oso mekanizatuak edo teknifikatuak erabiltzen, gure sistemak ez baitira bere tratamentu... [+]


2023-11-30 | ARGIA
Argazki galeria | Arratsaldeko hiriburuetako manifestazioak

Iruñea

(Argazkiak, ARGIA CC BY SA)

Manifestazioaren hasiera Antoniuti plazan. (Argazkia: ARGIA / CC BY SA)

 

Amaiera, Sarasate pasealekua lepo zegoela. Argazkia: (ARGIA / CC BY SA)

 

(Argazkiak: Ekinklik)

[+]


2023-11-30 | ARGIA
Denon Bizitzak Erdigunean:“Gaurkoa mugarri bat izan da, baina ez da ezeren amaiera”

Greba Feminista Orokorra “historikoa” izan dela adierazi du Denon Bizitzak Erdigunean koordinakundeak, egunaren balorazioa egitean. Egungo zaintza ereduak baztertuen dituen sektoreak hartu ditu gogoan, eta enpresari, instituzio eta alderdiak salatu ditu feminismoari... [+]


Eskerrak amorruak grebarako indarrak ematen dizkigun

Neska gazteok ez dugu zaintzen, guk ez dugu grebara joateko arrazoi garrantzitsurik. [...] Zeren “benetako” arrazoiak, “benetako” lana, “benetako” greba, “benetako” dena beste batzuena baita beti.


Eguneraketa berriak daude