Hasiera »
Mari Artanoren bloga - Sareedunak eta sareegabeak
Mari Artano
Laino guztien azpitik, sasi arteko istorioak eta sorginak bilatzea gustatzen zait. 'Emakume euskaldun bat Indian' naiz orain eta blogean emakumeak elkarrizketatu eta kooperaziorako ideiak emango dizkizuet. Ea nik elkarrizketak egiten bezain ondo pasatzen duzuen blogarekin.
Azken bidalketak
Iruzkin berriak
- martano(e)k RAQUEL (II) bidalketan
- Naiara(e)k RAQUEL (II) bidalketan
- martano(e)k Behi indiar baten memoriak bidalketan
- Maialen(e)k Behi indiar baten memoriak bidalketan
- martano(e)k Behi indiar baten memoriak bidalketan
Behi indiar baten memoriak
Aza 25, 2013 // Sailkatugabeak // 8 iruzkin
“Eta jiratu nuen burua, ikusi nuen ikusi nuena, baina, edozein modutara, zerbait berriaren aurrean nengoela iruditu zitzaidan, eta agian mundu honetara etorria nintzela”
Bernardo Atxaga.
Atxagaren imajinaziotik sortutako Mo behi maitagarri hark munduratzean sentitu zuena sentitu dut nik sarritan sortaldera etorri nintzenetik. Indiak egunero harritu nau. Eta batzuetan behi indiarren tankera hartu diot nire buruari: pasatzen denari begira lelotuta bezala, ikusitakoaz hausnarrean, juiziorik egin ezinik. Baina ni ez naiz behia eta orain zapatak jantzi eta banoa. Bukatzear da; bai bidaia eta bai bloga. (gehiago…)
Askatasuna paretean
Aza 18, 2013 // Sailkatugabeak // Iruzkinik ez
Puneko zalapartaren erdian oasi bat, hiriko erritmo eta tradizioak ahazten dira horma honen inguruan. Kasualitatez iritsi nintzen lehenengoan eta koadernoa eta boligrafoa hartuta bigarrengoan. Puneko eskalada mundutxoa ezagutu dut, giroa aparta da, adin, sexu eta klase guztietako jendea ongietorria da hemen.
Annie-k Hogeita bederatzi urte ditu eta bere buruari urtebeteko epea eman zion bizitzeko, gauzak aldatzen ez baziren bere buruaz beste egingo zuen. Aitorpen hori bota dit bat batean, eskaladak bizitza aldatu diola azaltzeko. Baina gero kostata eta isilune askorekin atera zaizkio hitzak: «Duela lau hilabete anaia galdu nuen. Auto istripu batean hil zen hamasei urteko anaia, eta nolabait horren arduradun sentitu nintzen. Gainera oso iragan gogorra izan dut… baina ez dut nahi horri buruz hitz egin». Lagun batek eskalatzera ekarri zuen duela bi hilabete eta hemen «bakea» aurkitu du, «askatasuna».
Apartekoa da Annie, bakarrik bizi da eta ez ezkontzeko erabakia hartu du. Lana ere bere kasara egiten du, arkitekto freelance-a baita. Eta bi urtez egon zen New Yorken bizitzen hirigintzako masterrak egiteko Columbiako unibertsitatean. Eta horrela ere bere ametsa pertsona independenteagoa izatea da.
Ederra da Anniek eskalada nola deskribatzen duen: «Zerbait meditatiboa da, burua eta gorputza erabili behar dituzu, mina eta plazera elkartzen dira, adiktiboa da. Gainera hemen familia bat bihurtu gara, ez dago juiziorik, giro zoragarria dago, berdin dio neska edo mutila izan, guztientzako kirola da eta guztien babesa eta laguntza duzu».
Oraindik berria da horma hau, 2011an ireki zuten eta ez du jende gehiegik ezagutzen, orain emakumezko eta gizonezko kopuru antzekoa biltzen da hemen.
Annie-ri bizitza aldatu dio eskaladak
(gehiago…)
Jinaten azken laneguna
Aza 11, 2013 // Emakumeak // Iruzkinik ez
Jinat eta Nuzhat alabatxoa
Desberdina da. Irekia eta ausarta. Bakarrik egotetik jendearen errespetua irabaztera pasa da Jinat. Hainbat gauzei egin die uko bere ametsak betetzeko, familiari eta aberastasunari besteak beste. Gernikako enpresa batentzat jardun da lanean ia bi urtez eta gaurkoa azken eguna du fabrika honetan. Egunero bezala arratsaldeko seietan iritsi da etxera autobusean, penarekin laga du Rinder, baina bere erabakiz.
Zeure borondatez utzi duzu lana, zergatik?
Ni gustura nago lanarekin, enpresa oso ona da eta baldintzak ere bai. Auto eta motoentzako argiak egiten ditugu eta Produkzioaren planifikazioaz arduratzen naiz, bezeroen eskaerak kudeatzen ditut. Emakumeek ardura hauek izatea ez da arrunta, niri asko gustatzen zait lan hau. Baina bi urteko alaba bat dut eta egun osoan amaginarrebak zaintzen du. Eta horrek arazoak sortu dizkigu familian: Batetik haserreak bikote harremanean eta senarraren familiarekin eta bestetik inguruko jendearen mesprezua. Hemen gaizki ikusita dago emakumeek etxetik kanpo lan egitea. Ohituraren arabera amaginarrebari lagundu beharko nioke eta pixkanaka bere lana nire gain hartu, adinean aurrera egiten duen heinean.
Gero eta emakume gehiago daude etxetik kanpora lanean baina oraindik oso gutxi. Rinderren sei emakume gaude eta ni naiz ezkonduta dagoen bakarra, emakume ezkondu bakarra da 100 langileko ofizina batean; izan ere, ezkontzean lanari uko egiten diote gehienek. Nik uste dut emakumeok behar duguna autoestimu gehiago dela, gure ametsak defendatzeko.
Enpresa berrian haurtzaindegi bat dago eta alaba nirekin eramateko aukera dut, horregatik Yazaki-ra aldatzea. Hau ere automozioko enpresa bat da eta antzeko funtzioa izango dut.
(gehiago…)
Palak Paneer… edo espinakak espinaka zapore gabe
Aza 4, 2013 // Sailkatugabeak // Iruzkinik ez
Hilean behin edo bitan gertatzen zait: etxera iritsi eta giltzak falta. Giltza etxean ahazteko zaletasun handia dut eta auzoko sarrailagileek ondo ezagutzen naute. Oraingoan etxeko apopiloari deitu diot laguntza eske:
—Kaixo Paula, badakit zita batean zaudela, baina giltzarik gabe nago eta txizak lehertzen gainera. Etortzerik ba al duzu?
—Bai Mari lasai, oraintxe naiz, hamabost minututan,
—Eskerrik asko, eta barkatu…
Hamabost minutu 900 segundo dira, eta horiek segundo asko dira etxeko ateari begira egoteko… Goiko solairuan ahotsak entzun ditut, disimulurik gabe begiratu dut eta zabalik dagoen ate batetik emakume bat ikusi dut haurra besoetan hartuta.
—Kaixoo! –hasi natzaio ahotsa pixka bat altxatuz-. Bosgarren pisuko bizilaguna naiz, giltzarik gabe nago eta… zure komuna erabili al dezaket?
Saritha haurrarekin sukaldeko atean eta bere ama espinakak txikitzen.
(gehiago…)
Beltzezko jostunen bilera
Urr 28, 2013 // Sailkatugabeak // 2 iruzkin
Nilofer-ek ukitu positiboa eman dio bilerari amaieran, emakumeen egoera hobera doala aldarrikatuz
Josten ikasten ari diren emakume batzuekin egon naiz. Slum-eko emakumeak dira, arau eta debeku artean bizi dira. Barrea ere galarazita dute, hori da krudelena. Baina jostera biltzen direnean, euren txokoan, arauetatik ihes egiteko parada dute, hemen barre egiten dute.
Goitik behera oihal beltzez jantzitako emakumeen ondoan jartzeak zirrara eragiten du. Behintzat niri eragin dit. Hasieran. Ez naiz kamera ateratzera ausartu. Bere ohiko jarduna eten dudala uste dut, denak begira nituen, ez zekiten joatekoa nintzela. Deeptik aurkeztu nau eta gero emakumeak banan bana beren izena esan dute.
—Gyoti naiz
—Nik Pallabi izena dut
—Shagupta
—Mubina
—Aisha
Nire txanda iritsi da.
—Aïcha, Aïcha, écoute-moi…
Barrez lehertu dira, eroso sentitu naiz.
Josten ikasten ari dira, oraintxe hasi dira; botoi-zuloak josi, ohial zati txikiak albaindu… Mubina eta Aisha ditut alboan, pubertaroan daudenez beltzez jantzi eta eskola utzi behar izan dute. Orain jostun izan nahi dute. Koloretako soinekoak egingo dituzte noizbait. Beltzezko jostunak jarri diot testuari baina ez dira denak beltzez janzten, musulmanak baino ez; Hinduak kolore biziko kurtak erabiltzen dituzte. Horrek bakarrik bereizten ditu, ondo ulertzen dute elkar komunitateko emakume gisa.
(gehiago…)
Bade hokar aap kya banna chahte ho?
Urr 21, 2013 // Sailkatugabeak // Iruzkinik ez
Zer nahi duzu izan haunditan?
Galdera nola galdetu hasi naiz lehendabizi. Etxepeko garbitzaileengana joan naiz eta hasi dira komeriak. Beren ingelesa eskasa ta nire hindia okerragoa, ez dugu elkar ulertu. Atera dut hiztegia, ta parrez hasi dira ni ingelesa, hindia eta gorputz mintzaira nahasten hasi naizenean: “cam” (lana), ”chota” (txikiek), “grown up” (hazi)? Alferrik izan da.
Postetxe batera joan beharra nuen eta han gizon bati galdetu diot:
— Nola galde dezaket hindiz: zer nahi duzu izan haunditan?
— Ni ingeniaria naiz.
— Ez, ez baina umeei galdetu nahi diet, nola galdetu beharko nuke?
— Pilotu izan nahi dute gehienek.
— A bai? Hara… baina hindiz nola galdetzen da?
— Ez, baina ez dizute ulertuko.
Hizketa mota hau klasiko bat da Indian. Eta nire artean “Oommm” pazientziaren deia egin dut.
— Bade hokar aap Kya banna chahte ho?
— Eskerrik asko!
(gehiago…)
Goiz bat Lakshmiren etxean
Urr 14, 2013 // Sailkatugabeak // Iruzkinik ez
–Namaste.
–Namaste.
Indiako ohiturak ahantziz muxuak eta besarkadak eman dizkie Eshanak etxekoei. Hoztasunez jasotzen dituzte mimoak. «Badakit ez zaiela gehiegi gustatzen, baina nire ohitura da eta onartu egiten dute».
Eshana kataluniarra da, baina ez da atzerritar arrunta: Indian jaso zuen izena erabiltzen du (desira esan nahi du Sanskritoz), eta gutxitan elkartzen da gainontzeko atzerritarrekin; txurien planetatik alde egin eta aterpea bilatu du bere familia indiarrean. Duela sei bat urte iritsi zen Eshana Punera, GKE batean lan egitera. Orduan ezagutu zuen familia, GKEko Fundatzailearen bitartez. Eta ordutik ia astero bisitatzen ditu. Nik ere ezagutu nahi nuen bere familia indiarra, eta eraman nau azkenean.
Lakshmi da ama, aitarik ez da ageri, eta hiru seme alaba gora eta behera dabiltza. Beno hirurak ez, seme gazteena kieto dago lurrean, Rangoli bat osatzen ari da etxeko aldare aurrean. Koloretako hareaz zoruan egiten den marrazkia da Rangolia.
(gehiago…)
“Ikusko gara zeruan”
Urr 7, 2013 // Sailkatugabeak // 2 iruzkin
Ezusteko polita hartu nuen Punen, etxetik hamar minutura bizilagun euskaldun bat nuela jakietan: Sister Milagros. Han joan nintzen gazta eta guzti aita santuaren seminariora, sor Milagros Urrutia ezagutzera. Hamazapi urterekin irten zuen Azpilikuetatik, Bartzelonan eta Londresen ikasten eta lanean egon zen eta Indiara 35 urterekin iritsi zen Karmelita misiolariekin, orain 33 urte. Euskara goxoan eta gazteleraz egin dugu elkarrizketa, Gandhiren jaiotzeko urtemugan, urriak 2an baina ahotsa xuabetzen du Kastei buruz hitz egiten duenean, gaia tabu bat da oraindik, Gandhiren berdintasunaren ametsa urrun dago oraindik.
Zergatik erabaki zenuen Indiara etortzea?
Erizaina naiz eta Bartzelonako ospitale batean nengoen lanean. Gogoko nuen lana, baina ez ninduen betetzen, medikuak oso berekoiak iruditzen zitzaizkidan eta nire mundua zabaltzeko gogoa nuen. Misioek eta Indiak asko erakartzen ninduen. Ez nuen erizain bat gehiago izan nahi. Agurra zaila izan zen, gure aitak esan zidan: ez kezkatu niregatik zure bidea han dago eta ikusko gara zeruan.
(gehiago…)
Niharen begirada
Ira 30, 2013 // Sailkatugabeak // Iruzkinik ez
Larunbaterako elkarrizketa hitzartua nuen familia indiar batekin eta azkeneko momentuan, kale! hurrengo astera atzeratu dute zita. Eta ni astelehenean blogean zintzilikatzeko post gabe! Larrituta, motoa hartu eta, benetako kazetariak bezala, istorio bila irten naiz kalera.
Lehenengo helburua bezperan altoa eman zidan polizia bilatzea izan da, neska gazte bat zen, ordubeteko ika-mikaren ostean eta 200 rupiaren truke (2,5€), joaten utzi zidana. Gelditzen bazaituzte ezin ordaindu gabe alde egin, isunik jartzen ez badute ere.
Nekagarria da, aste honetan lau aldiz geratu naute. Behin arrazoiarekin, bale, hiru lagun gindoazen motoan eta oso erakargarria iruditu zitzaien poliziei, kanpotar itxurak gelditzeko aukerak nabarmen igotzen ditu. Baina orokorrean, motibo gabe geratzen zaituzte, eta dirua eskatzeko aitzakia bila hasten dira. Kontuak kontu, gaur ez dut emakumezko poliziarik ikusi.
Bigarren aukera: hiriko gune pijoko taberna hippy-ra joango naiz eta tunika granatez ibiltzen diren atzerritar horietako bat harrapatuko dut. Osho meditazio zentrora etortzen dira, meditatzera. Eta han, tunika artean piztu zait bonbilla granatea: “Nicole!”.
(gehiago…)
40 minutuko nobioak
Ira 23, 2013 // Emakumeak // Iruzkinik ez
Purvi, asteko protagonista
«Ezkondu ondorengo egunak oso gogorrak izan ziren, ezezagun batekin nengoen logelan. Atsegina zen nirekin eta ez ninduen ezertara behartu, baina ohe berean egin behar genuen lo, gau hartan eta bizi guztian. Ezinegona nuen».
Hiru hilabete geroago etxera itzuli zen Purvi familia bisitatzera. India iparraldeko herrixka batera, eta senarraren falta sumatu zuen. «Maitatzen hasi nintzela konturatu nintzen».
Bi baldintzek mugatu zuten Purviren ezkontza, aitak jarritakoak: «Ez da maitasun ezkontza izango (pozoitu egingo zaitut bestela)» eta Purvik horri erantzundakoak: «Pertsona irekia izan dadila».
Zazpi nobio hilabete t’erdian
(gehiago…)