Imanol, Egia Latzetatik Samurtasunera


2021eko uztailaren 28an
Imanol abeslariari elkarrizketa
Bere Azken Diska «Iratze Okre Geldiak» Dela Medio
Imanol, Egia Latzetatik Samurtasunera
Aspalditik samar genbiltzan Imanol azken diska zela eta, zer edo zer egiteko asmoz. Alde batetatik, elkarrizketa hau egin orduko diskaren kritika egina zeuian gure ohizko kritikoa den Xalbardinek. Gerora elkarrikuska bat ere izan genuen Imanolekin berarekin eta biak eskutan genituela, ordena erabakitzeko buruhauste dexente izan ondoren lehenbizi ondoko elkarrizketa argitaratzea. Irakur itzazue, bada, ondoko lerrok eta datorren astean diskaren kritika irakurtzeko aukera aparta izango duzue.
ARGIA.- Zer moduz hire haserari ekingo bagenio? Zeren hi dantzari bezala hasi hintzen, ezta?
IMANOL.- Bai, dantzari bezala "Argia" taldean. Ibiltzen gintuan herriz herri, Nafarroako eta Bizkaiko zenbait herritan dantzak biltzen, eta esate baterako enteratu gintuen Otxagabiko dantza galzorian zegoela, batek bakarrik zekiela eta duela bi urte ez zela atera. Orduan hura ikastera joan gintuan, problemak izan genizkian ez bait zigun erakutsi nahi baina beste baten bitartez lortu genian. Horrela ibili gintuan bada Nafarroatik Bizkairainoko dantzak biltzen.
A.- Kantuarena, beraz, geroko gauza al duk?
I.- Batera izan huen. Tartean ere kantuak ikasten genizkian, eta horien artean gogoratzen nauk behin Barkoxen izan ginela "Argia"rekin dantzatzen eta han bazegoen Lesardoi bat, Germain, eta hark erakutsi ziguan "Ai zer plazerra" eta "Oihanian" Eta guk "Argia" taldean, Xabier Larreak eta biok kantatzen genizkian kantu horiek.
A.- Heure kantuekin eta, noiz ausartu hintzen lehen pausua ematera?
I.- 1968rako "estado de excepción" izan huen, eta "Argia" taldean nengoela gartzelan sartu ninduten. Gartzelan gauza nahiko latza zegoean, gauza militarra genian, baina azkenean gure taldeko baten osaba militarra zenez "orden publiko"ra pasa gintuztean eta atera gintuen. Orduan nire gauza erabat politiko huen eta kantuaren beharra ikusten nian politika baten beharra bezala. Orduan horrela ikusten nian. Horrela, gartzelatik atera eta ondoren berehalaxe hasi gintuan zenbait lokaletan (Antiguoko, Ibaetako eta hainbat lekutako lokal parrokialetan) kantaldi txikiak emanez.
A.- Nortzu ibiltzen zineten taldetxo horretan?
I.- Xabier Larrea, Joxe Mari Ostolaza, Gabriel Gurrutxaga, Duo Erlak, Mikel Arregi... gutxi gora-behera horiek. Horrela ibiltzen gintuan eta gure asmoa huen piska bat pentsatzen genuela aurrera ateratzca eta han ere oso inportantetzat jotzen genian publikoarekin elkarrizketa bat lortzea. Epoka hartan nire kezka batez ere huen egiak kantatzea, egia gogorrak askotan, eta beste guztiaz (estetika mailan, etabar) ez ninduan gehiegi arduratzen. Gure boste eskema bat ere huen zirkuito normaletatik kanpo kantatzea, zeren horrelakoetara joaten bahintzen zentsurak hartuko zizkian letra guztiak eta horietatik bat edo bi bakarrik kantatu ahal izango dizkiagu. Hori "Ez dok amairu"k egiten zian, baina guk ez genian hori onartzen.
A.- "Ez dok amairu" aipatu duk; zein zen orduko panorama kantagintzaren aldetik, eta zer paper jokatzen zenuten zuek?
I."Ez dok amairu" eta Gipuzkoan gu, eta gero Bizkaian "Oskorri". Beno, orduan ez hituen "Oskorri" "Natxo eta Itziar" baizik, eta horiekin jadanik kontaktu batzu edukitzen hasi gintuan, pentsatzen bait genuen auzoetako lan hori interesantea zela. Bi edo hiru bileretaz gogoratzen nauk, kristoren burutazioak "frente kulturala" zela eta frente kultural horren barruan guk zer paper jokatzen genuen... beharbada interesantea, zeren gogoratzen naiz garai haietan oso kezkatuak ginela ideologi kontutan, kultura mailan teatro eta poesia asko irakurtzen genian... bazen behar bat.
A.- Ba al dago berezketa bat egiterik orduko kantagintzan "Ez dok amairu" eta zuen artean?
I.- Bai, nik uste diat objetiboki hala zela benetan. Mementu hartan behintzat gure linea politikoa ETAren aldekoa huen erabat eta hortik hain zuzen zetozen "Argia"rekiko kontraesan guztiak. Guk "Argia" taldearekin hautsi genian Lasarteko festetan zeren aktuatzeko hitzartuta geneukanean antolatzaileak etorri zitzaizkiguan mesedez eskatuz ez joateko festak boikoteatzea erabaki zutelako. "Argia"n eztabaida izan huen eta gehiengoak esan zian joan behar zela, ez ginela politikan sartu behar etabar. 1969.an "Argia"tik atera ginenean manifestu bat egin genian eztabaidatzea eskatuz, eta nola "Argia" eta "Ez dok amairu" nahiko nahasiak bait zeuden, esan zigutean ezetz, gurekin bakarrik ez zutela eztabaidatuko, "Ez dok amairu"k ere aurrean egon behar zuela. Haiek ez ziaten ametitu, beraz, eta atera egin gintuan. Hori esplikatzen diat gutxi gorabehera ulertzeko zeintzu ziren gure diferentziak, politikoak eta ideologikoak batez ere.
A.- Eta funtzionatzen al zuen jende aldetik modu horrek?
I.- Guk lokalak betetzen genizkian behintzat, ahoz aho anuntziatuta eta publizitaterik gabe. Jendea askotan sartu ezinik gera.zen huen kalean.
A.- Txakurrekin ez al zenuten problemarik izan?
I.- Izan ere gure expeientzia hori oso laburra zan huen, urte t'erdi besterik ez. Bestalde, suerte genian oso ezagunak ez ginelako. Zeren pentsatzen diat Laboa batek ezingo zukeela horrelakorik egin. Horregatik uste diat posible izan zela. Ni joan egin nintzen eta beste batzuk segitu ziaten baina denbora gutxi.
A.- Hortik nora pasatu hintzen?
I.- Burgosko Prozesuko garaian aldeginda ibili ninduan, Bartzelonan, eta gero hona etortzekotan nengoenean kristoren erorketa piloa izan huen eta bestaldera joan ninduan. Haseran ez ninduan Parisa joan. Lehenbizi Ziburuan bizi ninduan eta gero han lanik ez zegoenez Bordela joan ninduan. Baina ordurako, bigarren diska pirata egina neukean ta Paco Ibañez ere ezaguna nian.
A.- Paco beti ere bultzagarri izan huen hiretzat, ezta?
I.- Ziburun nengoela Pacok tentatu zidaan eta esan "hi, horretaz saiatu behar haiz eta lan gehiago gin; etor hadi hona eta lagunduko haut". Ez ninduan berehalaxe ausartu ta egon ninduan urte t'erdiz Bordelen lanean. Menentu batetan erabat animatu ninduan lehenengo :diska handia eta serioa grabatzera. Izan ere, Paco etorri zen Bordela eta elkarrekin kontzertu pare bat eman genizkian, eta horrekin animatu egin ninduan diska hori grabatzera. Horretarako Parisa joan ninduan eta hantxe gelditu.
A.- Ordurako aldatua al heukan kantatzeko motibazioa, haserako aktibismo politikorik esan nahi diat...
I.- Hor dagoeneko erdibide bat bazegoean. Esate batera, ordurarte ia letra guztiak nik idazten nizkian eta Pacoren bidez lehenik eta gero Mikel Azurmendi ere ezagutu nian Parisen, eta horren bidez ere Mikel Lasaren poesia ezagutu nian, Arestirena. Orduan, nik idatzitako letrak irakurri eta kristoren lotsa ematen zidan. Horregatik aipatu diat erdibide bat badagoela. Nolabait poesia landu beharra ikusten nian... baina hala eta guztiz ere hori nahiko politizatua.
A.- Zer pisu izan dik militantziak hire eboluzio horretan?
I.- Inportantzia handikoa izan duk eta beti oso lotuta joan duk. Nik militatzeaz uzten diat 76an eta ordurarte beharbada nire kalitatea handitzen joan huen baina uste diat ere nire militatze horrek eraman ninduela batzutan egin behar ez nituen gauza batzu egitera. Adibidez gogoratzean zer kantu egiten nituen eta, zeluletan ikusten zirela eta kritikatu.
A.- Ikusgarria duk nola aldatu diren gauzak garai haietatik hona...
I.- Bai. Hor inportantzia asko eduki du alde batetatik nirekin bizi den lagunak, Martinak. Gutxitan hitzegiten diagu emakumeetaz baina niretzat inportantzia asko eduki dik bere izaerak eta adibidez pinturan berak sartarazi nau, musika klasikoan ere bai... Gero, ilusio handiekin bueltatu gintuan hona militatzen segitzeko baina ez partidutan auzoelkartetan eta horrelakoetan baizik. Konturatu egin gintuan ezin zela ezer egin, dena partiduengatik erdibitua zegoelako. Urrundu egin gintuan praktika horretatik eta orduan sentitu nuen behar bat izan huen egiten ari nintzen lan horretan sakontzea izan huen. Partidurik gabe ikusten haiz, eta esaten duk "nik orain zer egiten diat". Hori superatzea nahiko zaila duk lehenengo hilabeteetan baina piskanaka hasten haiz eta prozesu horretan dimensio berri bat deskubritzen hoa.
A.- Bueltatuko galtuk hire disketara. Lehenengo diska handira...
I.- Lehenengo diska handia "Orain borrokarenean" izenekoa izan huen eta Paco Ibañez eta Francois Rabat-en laguntzarekin egin nian. Bigarrena eta hurrengoa beraz "Herriak ez du barkatuko" izenekoa duk eta hor jadanik Gwendal agertzen duk. Hemen ez duk ezaguna diska hori. Gero, gainera, oso boikotatuta izan huen kantu bat erderaz azaltzen zelako etabar. Neronek diska hori asko maite diat eta egunen batetan ahalegin guztiak egingo dizkiat hemen argitaratzeko. Kristoren indarra zeukak eta Brunoren biolina izugarri emotiboa duk.
A.- Eta Hego Euskadira itzultzen haizenean?
I.- Orduan "Lau haizetara" kaleratu nian, oraindik ere Gwendalekin. Hona etorri aurretik bi urte ibili ninduan errezitaletan Gwendalekin eta lan horren erakusgarri bezala diska bat grabatu behar nian hemen nengoenean eta hortik atera huen. Gero ni hemen gelditu eta haek Parisen, ezin genian gehiago kolaboratu... zeren nik taldeko lana oso inportantetzat jo izan diat beti eta orduan berriz musiko berrien bila ihardun ninduan.
A.- Parisen ibili hintzenean, zertan ibiltzen hintzen lanean?
I.- Errezitalekin eta gero ere kabaret batetan lanegiten nian, abeslari katalandar baten kabareta da eta bertan ezagutu nituen Elisa Serna, Lluis Llach, Teresa Rebull, Jean Paul Bernier okzitanoa, etabar.
A.- Baina hi beti kantatzetik bizi al haiz?
I.- Hona etorri nintzenean ez nian kantatzeko permisurik, eta euskarazko klaseak ematen atera nian dirua. Urte t'erdiz ibili ninduan horrela baina hori kenduta kantutik bizi izan niz.
A.- Gwendolekin hasi hintzenetik aurrera desberdintasun handia nabari da instrumentuen aldetik eta... nola eman huen pausu hori?
I.- Beti flash batetaz gogoratzen nauk. Parisko "Palacio de los deportes"en izan huen sei orduko jaialdia Estatu Espainoleko presoen alde. Eta kartela deskribaezina huen: Teodorakis, Stivell, Moustaki, aurkezle gisa Michel Piccoli, Paco Ibañez eta kristoren jende ona. Orduan, ni pasa ninduen Stivellen ondotik eta Teodorakisen aurretik. Nik os o kontent bukatu nian nire kitarrarekin baina nire atzetik hara non Teodorakis ateratzen den, hogeitamar musikorekin, Maria Faranduri eta gelditu ninduan liluratuta. Orduan nire bakarka kantatzeko planteiamendua nahiko zalantzan jarri nian.
Gwendalekoekin harremanetan sartu ninduan, eta haiekin kantu bat lantzerakoan diferente egiten nian nire lana, ez huen jadanik nik kantu bat egin eta haien laguntza gero sartzeko, baizik haiekin batera kantatzeko zerbait. Eta horrez gero inportantzia asko eman izan zioat taldeko lanari. Orain, inportantzia gutxiago ematen zioat, zeren talde osoarekin kantatzea gustatzen bazait ere, baita bakarrik ere.
A.- Hurrengo pausua ematen badugu...
I.- Ondoren "Sentimenduen auspoz" eta "Jo ezan" etorri hituen, biak Klabelin Komiken laguntzarekin eta askoz ere gehiago gaurko bidean dagoena.
A.- Eta orain, berriz, azken hau arte izugarrizko aldea dago, nola ematen duk urrats hori?
I.- Gu "Jo ezan"ekin oso pozik gelditu gintuan baina gero beharra nian etapa elektriko hori bukatzeko, momentaneoki behintzat, nire barruan hobeto sakontzeko eta ezagutzen nuen poesia hori eta euskararen erritmoa gehiago ezagutzeko. Eta horretarako behar nian pianoa (fundamentalki) eta gero esku-soinua. Horiek beharrezkotzat ikusten nizkian. Horretarako haseratik Karlosekin hasi ninduan duela bi urte (egia esan, Karlosekin duela bost urte ari nauk lanean) beste musikoen bila. Zeren hemen musiko on asko zegok baina, zoritxarrez, berbenetara jotzen ditek eta hori kristoren tranpa duk. Gehienek esaten ditek bi urtez berbenetan eta gero beren musika egiten hasiko direla baina hori ez duk horrela gertatzen. Eta nik ezagutzen ditudan kasuetan joera horrek kreatibitatea mozten dik. Orduan benetako problema nian hemengo musikoekin jotzeko.
A.- Horrexegatik hire musiko gehienak beste aldekoak ditut...
I.- Bai horregatik jo nian beste aldera. Batez ere, esku-soinua beste era batetara jotzen zelako, askoz ere kreatiboagoa hemengoa baino, teknika gutxiagorekin baina imajinazio gehiago. Gero kitarra aldetik ere, Pascal aspalditik ezagutzen nian "Urria" taldean eginiko lanagatik, beste era desberdin batetakoa. Gero Jean Louis ere, horren barruan, saxoaren soinu ez estridentea baina zikin hori gustatzen zaidalako. Beraz, joandako bi urte hauetan lanean aritu gaituk, ez esanez datorren urtean diska bat egingo dugula, baizik eta gure lana prestatzen, gure kantuak hobeagotzen. Eta giro horretan kantuak sortu dituk.
A.- Hire letra guztiak poetei hartutakoak dituk. Nola gertatu izan duk kontaktu hartze hori?
I.- Beno, nik hartzen diat ateratzen den ia poesia guztia. Bestetan, haiek ere bidaltzen zizkidatek. Mikelek askotan bidali izan zizkidak, Amurizaren koplak berak bidalitakoak dituk, Henrriette ere behin ezagutu nian eta bere poemetatik hau aukeratu nian. Beste batzu, berriz, liburuetatik. Gerora saiatu gaituk poema horiei beren giroa ematen. Intimistagoak direla? Nik uste diat baietz, baina horrela jokatuta daramadan bizimoduarekin askoz konsekuenteago naizela iruditzen zaidak.
A.- Esan al zitekek forma primitiboago batetara jo duala?
I.- Ez diat uste, zeren ez da forma primitiboago bat. Konturatzen bazarete, hor agertzen diren akordeak ez dira batere primitiboak.
A.- Esan nahi diat sinplifikazio bat medioen aldetik...
I.- Hori bai, sinplifikatu nahia. Askotan gertatzen duk bost edo sei instrumentistarekin lanegiten duanean beti tentagarri duk esatea "hemen hainbeste instrumentu dauzkat" eta leku guztietan nahi dituk sartu. Nik uste diat Klabelin Komik-ekin lanegiten nuenean horrelako zerbait gertatzen zela. Eta experientzia hori edukita saiatu izan nauk poema bati musika bat egin eta gero "Beno, zer iruditzen zaizue, hemen instrumentu?" eta joan gaituk zehazki instrumentu konkretuetara. Igoal instrumentu bakarra sartu, eta gehiago ez dik behar. Askotan tentagarri izaten bait da instrumentu pilo bat sartzea.
A.- Ahotsari dagokionez, nola ikusten duk hire buruaren eboluzioa?
I.- Ahotsaren aldetik lehenbizi askoz gehiago ezagutzen dudala neure burua, nire barruko erritmoan situatzen nauk eta hori gauza inportante bat duk. Gero, uste diat nire ahotsean matizazio gehiago daudela eta samurtasuna ere neurri handiago batetan agertzen duk. Ni nahiko samurra nauk nerez, nahiz eta batzutan beste era batetara agertu, eta hori askoz hobeto agertzen duk orain kantuetan. Lehengo kantuetan berezgarri neukan indarra eta potentzia kontserbatzen saiatu nauk, baina indar hori beste era batetara emanda, askoz neurtuagoa. Eta guzti horretan hasi besterik ez diat egin, kurtso batzutan ari nauk, agudoetatik eta grabeetatik landuz, erritmoak ezagutu eta menderatuz, etabar.
A.- Ingurura begiratuta, bazirudik mementu txarrenean kaleratu duala hire diska, hire diska garai hanetan egokia ez dela alegia...
I.- Baina niri hori ez zeidak gehiegi inportik. Askotan irratietan esaten zidatek "hi lan hau fina duk baina noiz egin behar duk guztiarentzat lan bat?", baina noski, hori kreadore bati ez zegok galdetzerik. Nik diska hau atera diat beharra nuelako, eta merkatua nola dagoen eta hori, ez zeidak gehiegi inportik.
ARTASO. Jexux IKURKO
30-33

GaiezKulturaArgitalgintArgitalpenaDiskoak
GaiezKulturaMusikaArgitalpenaDiskoak
GaiezKulturaMusikaMusika modePertsonakAbeslariakIMANOL1
PertsonaiazIMANOL1
EgileezIJURKO1Kultura
EgileezARTASO1Kultura

Azkenak
2024-10-09 | Leire Ibar
Erretiro adina aurreratzeko lanuzteak deitu dituzte garraio sektorean

Sektoreko gidarien "egoera prekarioa" salatu eta lan baldintzak hobetzeko premia azpimarratzeko egin dituzte deialdiak CCOO eta UGT sindikatuek. Hiru sindikatuak eskaerak "oso motz" geratu direla kritikatu du. Hego Euskal Herrian 50.000 langile inguru daude... [+]


Leihotikan, Goazen! eta Ibil Bedik piztuko dute Zangozako Nafarroa Oinez

Bi eguneko egitarau oparoa osatu du Zangozako ikastolak urriaren 19rako eta 20rako: 3,5 kilometroko ibilbidea, hiru gune eta hamaika ekitaldi Nafarroako ikastolen festa handirako.


Mugikorrak ez, baina Chromebookak bai?

“Pantaila aurrean denbora gutxiago igarotzeko esaten diegu gazteei, eta aldi berean ikastetxean derrigortzen ditugu gailu digitaletara konektatzera”. Eskoletako digitalizazio prozesuei frenoa jartzeko eta teknologiak (ez bakarrik hezkuntzan) gure gain duen kontrolaz... [+]


2024-10-09 | Sustatu
Nola erabili Telegramen euskararako itzulpen automatikoa

Duela aste batzuetatik aktibatuta dago Telegramen euskararako itzulpen automatikoa (bertsio mugikorrean, bederen). Hau da, ingelesezko edo beste edozein erdaratan jasotako mezu batean, klik batekin, euskarazko itzulpena irakur dezakezu.


2024-10-08 | Julene Flamarique
Euskararen “larrialdi egoerari” aurre egiteko mobilizazioa deitu du EHEk Durangon

Euskal Herrian Euskarazek manifestazio nazionala deitu du abenduaren 7an. "Hizkuntza larrialdiaren aurrean Euskararen Errepublika eraikitzea beharrezkoa" dela aldarrikatu du mugimendu euskaltzaleak. Mundu mailako eskuin muturraren hazkundeari “euskaratik eta... [+]


‘Irati’ pelikula EiTBren Primeran plataformara heldu da

Euskarazko film batek inoiz zineman izan duen ikusle kopururik handiena du Irati filmak: 160.000 pertsona.


2024-10-08 | ARGIA
Trenbidea blokatu zuten bakegile auziperatuek akordioa erdietsi dute

2022ko uztailean egin zuten blokeo eguna, euskal presoen egoerari "aterabidea ematea" eskatzeko. Bederatzi pertsona auzipetu zituzten.


2024-10-08 | Leire Ibar
Urriaren 21ean mobilizatzera deitu du Gernika-Palestina plataformak

Euskal Herriko herri guztietan elkartasun ekitaldiak antolatzeko eskatu du mugimenduak. Goizean, sindikatuen eta hezkuntza komunitatearen manifestazioak izango dira, eta arratsaldean herri guztietako udaletxeen aurrean elkarretaratzeak egitera deitu dute. 

 


Dislexia, sarritan antzematen ez den zailtasuna eta eskola-porrota eragin dezakeena

Irakurtzen eta idazten ikasteko prozesuan traba handia da dislexia, eta hainbat ikerketaren arabera hamar haurretik batek sufritzen du, baina maiz ez da detektatzen, eta ondorioak ditu frustrazioan, autoestimuan eta ikas-ibilbidean. “Tuntuna eta despistatua nintzela uste... [+]


Airbnb eta Bookingek ostatua eskaintzen dute palestinarrei kendutako lurretan
Ehunka etxe, hotel edo apartamentu dituzte Israelek Palestinan okupatutako lurretan. Nazio Batuen Erakundeari entzungor egiten diote.

2024-10-08 | ARGIA
‘Nafarroako Intxaurra’ kalitate-marka sortu dute

'Nafarroako Intxaurra' marka kolektibo berriak Lizarraldeako, Erdialdeko eta Goi Erriberako zortzi ekoizle biltzen ditu. Kanpaina honetan 200 bat tona intxaur merkaturatuko dituzte, Nafarroan ekoizten den intxaur kopuruaren %46 inguru.


2024-10-08 | Mikel Aramendi
Norenak ote dira munduaren akabuko uharteak?

Gurutzegramen zaletuek –eta beste inork gutxik– ezagutu ohi dute Txagos uhartediaren izena. Irla haietan handiena, Diego Garcia, aipatzen bada, gehixeago izango ginateke aditzera dugunak: ospea –ez batere gozoa– lortu du bertan dagoen base militar... [+]


2024-10-08 | Leire Ibar
Hil egin da Funesko lan-istripuan larriki zauritutako gaztea

Lan-istripu larria izan zen igandean Funesen (Nafarroa),  Elaborados Naturales de la Ribera del Ebro elikagai-enpresan. 29 urteko gizona gauean bertan erietxean hil zela jakinarazi zuen Foruzaingoak.

 


2024-10-08 | ARGIA
Hego Euskal Herriko bizilagunek etxe turistikoak debekatzeko aukera izango dute, 3/5eko gehiengoz

Espainiako Auzitegi Gorenak ebatzi duenez, bizilagunen komunitateek eraikin edo urbanizazio batean etxe turistiko gehiago jartzea debekatzeko ahalmena izango dute, betiere bostetik hiruko gehiengoa lortuz gero. Modu horretan, atzera bota ditu Espainiako Estatuan etxe turistikoen... [+]


Eguneraketa berriak daude