argia.eus
INPRIMATU
Pakistan Euskadi, Bi Bizimodu
2021eko uztailaren 23a
Euskadin bizi diren hiru pakistaniarrei elkarrizketa

Pakistan Euskadi, Bi Bizimodu
Oñatin dauden pakistaniar butzuengana jo genuen elkarrizketa bat egiteko asmotan eta ez ziguten inolako trabarik jarri. Aurreko ale batetan Sharim-ekin mintzo ginen bereziki, oraingo honetan bere aita (Juan edota Khan) Fidel (Afzal) eta Aslam izan dira gure artean egon direnak. Zenbait gauza argitaratu gabe geratuko dira baina hemen papera da nagusi, beraz has gaitezen elkarrizketarekin horixe bait da interesatzen zaiguna.
Ogia Dagoen Lekuan Aurkitu Behar
Nongoak zarete?
Gu Pakistan-goak gara; lehen bi Pakistan zeuden: mendebaldekoa eta ekialdekoa, gu mendebaldekoak gara, Irandik urreago dagoen lurraldekoak. Pakistan honek lau herrialde ditu eta gu PAMYAB deitzen denekoak gara.
Zenbat etorri zineten?
Oñatira etorri ginenean hamar ginen, orain lau geratzen gara.
Hona heldu zinetenean nolakoa izan zen hemengo harrera?
Hasieran nahiko gaizki, ez genekien hitzegiten, ez genuen ezer ezagutzen, eta era guztietako arazoak izan genituen: hizkuntza, lana, bizi maila zeharo ezberdina; dena zen arazo beraz.
Eta nola aurkitu zenuten lehenengo etxea?
Gaizki, nahiko gaizki hasieran.
Denok batera bizi zineten, ezta?
Bai, denok batera bizi ginen.
(Hasieran denak gizonezkoak ziren, gero denboraz beraien emazteak ekartzen joan dira eta bakoitza bere pisuan bizi, ezkongabe bat etxe batetan errenteko bizi dena izan ezik ).
Poliki poliki denbora generaman batera jendea ezagutzen joan ginen eta gero eta hobeto.
Zeintzu izan dira hona moldatzeko izandako arazo gogorrenak? esate bterako, jakin izan dugu hasieran yogurra eta arroza besterik ez zenutela jaten, ez zenekiten janaririk prestatzen?
Janaria prestatzen bai, baina hitzegiten ez; bizitza dena, erosketa, badakizu... hitzegiten ez bagenekien kezka batzu genituen erosketarakoan. Yogur eta gauza horiek gehiago ezagutzen genituen; bazkaria egiten bagenekien, hangoa noski.
Zer egoerak edo arrazoik bultzatu zituzten zuen herritik aldegitera?
Bai, hori garbi dago eta oso sinplea da: bizimodua. Aurkitu behar dela ogia dagoen lekuan, hemengo jendea Venezuela, Alemania edo Suizara joaten den bezala, gu hona etorri ginen.
Ez zen egon gudaren bat edo zuen herrian?
Ez, beno guda badago baina horrek ez gaitu afektatzen, begira hemen 19 urte betetzen dituzuenean soldaduzkara joan behar duzue derrigorrez, Pakistanen ez dago soldaduzka beharturik, han boluntarioa da, nahi baduzu sartzen zara eta ez baduzu nahi ez. Guk ejerzito profesionala dugu eta guda dagoenean haiek joaten dira gure ordez, defendatzen gaituzte; horregatik esaten dizut guri gerrak ez digula ezer suposatzen, ez gaitu afektatzen.
"Zuek Eliza Daukazue Guk Mezkita"
Nola ikusten duzue hemengo jendea, beraien problemak, mugimendua, grebak...
Izan ere hau ez da gure arazoa. Baina hemengo jendea bere problemak erabakitzen ari bada, edo hori uste badu, niri oso ondo iruditzen zait, ez dugu pentsatzen hau dena lelokeria bat denik. Beren independentziagatik, aberriagatik edo pentsatzen dutenagatik ari badira borrokatzen, guri ez zaigu gaizki iruditzen, ondo baizik.
Nola ikusten duzue hemen daukagun jaiak ospatzeko era? Zer diferentzia, antza... dago gure eta zuen jaien artean?
Hasieran nahiko arraro ikusten genituen hemengo jaiak, oso ezberdina... niri ia hangoak baino gehiago gustatzen zaizkit. Oso ondo iruditzen zait. Han kirolak egiten dira eta agian neska bat dantzan ari da eta kristo guztia berari begira. Hemen berriz denak dantzan daude, dena da ezberdina. Han jendeak begiratzen gozatzen du.
Dena den goizeko hiruretan jendea molestatzen egotea ez zait ondo iruditzen, baina jaiak badira etabar, niri ondo iruditzen zait parrandan ibiltzea. Ni ez naiz nor inori zer egin behar duen esateko.
Hemen urtean zehar jai berezi batzu ospatzen ditugu, hemengoak direnak (Olentzero, korpus, San Juanak...) han berriz ez dituzue hauek ospatzen baina hauen ordez zerbait egingo duzue ziur; konta dezaigukezue apur bat?
Han ez dira hemen bezala gauzak kalera ateratzen, katxondeoa etabar; han bilera bat egiten da denon artean eta profeta edo santu bati buruz hitzegin, eta hauetariko baten eguna denean guk ere ospatzen dugu; jendeari esaten zaizkio hark egin zituen gauza onak eta bere bizitza, nolakoa zen, egiten eta esaten zuena; gero jende guztiak esaten du bere iritzia.
Zuek eliza daukazue eta guk mezkita, han esplikatzen digute lurrean bizi ona eramaten duenak zerura doala eta txarra daramanak berriz, infernura.
Orduan zuen jaiak erlijioarekin zer ikusi handia du, ezta?
Bai, gabonak ere ospatzen dira berdin gure erlijioan eta mezkitan esplikatzen dute zer den ona, zer txarra eta dena.
Jaia zuek mezkita barruan egiten duzue, hemen kalean egiten den bezala?
Ez, kalean ere egiten dugu, esate baterako guk jai bi dugu horrelakoak; bata Ramadan ostean, eta Ramadan eta bi hilabete eta erdi beranduago beste bat kalean. Bi jai hauek kalean dira.
Izan ere bi eratako jai dira: batzu heriotzakoak, penazkoak, eta jendea errezatzen eta triste egoten da, baina beste batzu jaiotzekoak, alaitasunezkoak dira; kalean ospatzen dira handi eta txiki guztiak batera daudelarik, elizetan ere ospatzen dira. Herri bakoitzak ere badu bere santua eta jai horiek besteak bezala ospatzen dira. Hemengo bateren bat haruntz badoa, behar bada jai txarrak irudituko zaizkio, baina niri eta nire lagun hauei guztatzen zaizkigu.
"Hemengo Jendearekin Ondo Konpondu Nahi Dugu"
Hango jaietaz zerbait gehiago esan dezatela eskatu ta zera esan ziguten, han kantuak egiten direla eta ez dutela besteei buruz gaizki hitzegiten, ONGIARI buruz mintzo direla alegia. Hemen ere hango jai bat denean baten etxean denak bildu eta han egoten dira beren herria gogoratzen, hangoak, lagunak, senideak,... gogoratuz. Guk hasieran, lehenengo urtean, Olentzeroren atzetik beraiena ospatzen, hango jantziez, kantu, etabarrez atera zirela gogoratu ondoren zera esan digute:
Gu handik etorri ginenean hangoa eta hemengoa ere ospatu genituen, baina batzuri gaizki iruditu zitzaien hura, KATXONDEO bat iruditu zitzaien, beste batzuri berriz ondo; baina guk orduan pentsatu genuen hemengo batzuri gurea gaizki iruditu bazitzaien, ez egitea gehiago. Guk hemengo jendearekin ondo konpondu nahi dugu, ez dezatela gaizki pentsatu gurengandik, pentsa dezatela haiek bezalakoak garela, normalak... eta ondo konpondu. Ez dugu ERRIDIKULORIK egin nahi.
Orain jaiak etxe barruan ospatzen ditugu.
Nola bizi izan duzue ekialdeko artzain-nekazari bizimodutik mendebaldeko kontsumistara ematen den aldaketa? (Fidel izenekoak hartzen du hitza)
Ni hona etorri aurretik estudiatzen ari nintzen, 17 urte nituen eta etxetik irtetzea guztatzen zitzaidan, egia esanda ez neukan estudiatzeko gogo handirik eta nahiago nuen lanean ibiltzea hortik zehar; eta nahiz eta lana oso ona ez eduki orain arte –ez daukat lan onik baina gustatzen zait-; ondo nago eta bizitza horrelakoa da..
Zu nekazaria al zinen han, Juan?
Ez, nik bulego batetan egiten nuen lan.
Eta zu Aslam nekazaria zinen, ezta?
Bai, beno textil lantegi batetan ere lanegin nuen, denetara.
Gauza berdina al da hango lantegian edo hemengoan lanegitea?
Ez. etxegintzan askoz ere hobe, textilak gaitza erakartzen du eta etxegintzan haize librean zabiltza: hango lantegietako lanean kutsadura handia zegoen eta hemen nahiz eta lan gogorra izan nahiago dugu naturalagoa delako.
Zuek hona etorri aurretik Euskal Herriari buruz zerbait bazenekiten?
Ez, ez genekien ezer: ez genuen ezer ezagutzen. Gainera gu etorri ginenean ez zen horrela hitzegiten, jendeak ez zuen horrela hitzegiten Francoren garaian, ez genekien Euskadi zela edo bestea zela, guk Espainiako beste edozein herrialde bat bezalakoa zela uste genuen.
"Euskadiri Buruz Ez Genekien Ezer"
Espaina bai, ezagutzen zenuten baina hau ez?
Herrialde hau ez, besteak ere ez baina estudioagatik entzunda genuen Espainia nolakoa zen, bere kultura, irakurrita genuena munduko historian... zuk Pakistan edo Indiako historiaz edo hortik zehar dauden beste batzuetaz irakurri zenezakeena bezala. Baina Euskadiri buruz bereziki ez genekien ezer.
Euskarak zer itxura ematen dizue, arraroa, zaila Guretzat berdin da euskara edo gaztelera, hona etorri ginenean ez genekien gaztelera, eta guretzat berdin zen euskara nahiz erdara ikastea. Euskara hitzegiten zen baina ez normalki, kalean eta, hitzegingo zuten baina gurekin ez; lanean eta gurekin beti erderaz mintzatzen ziren, horregatik jendearekin hitzeginez, ondo edo gaizki erdera ikasi dugu.
Hemengo jendeak euskaraz hitzegin izan baligute, guk berdin ikasiko genukeen euskara nahiz erdara.
Nola ikusten duzue gure hizkuntza: bazterturik, ez duela ezertarako balio, arraroa...
Guk ez dugu esan nahi ezertarako balio ez duenik, hemengo jendea euskalduna da eta ondo iruditzen zait eta badago kanpoko jende asko edo hemen lanegiten duena euskara dakiena edo ulertzen duena behintzat. Denbora asko badaramazu hemen edo hemengo lagun batekin hitzeginda, ikasten da beste edozein hizkuntza bezala. Guk lagunekin ibiliz badakigu zerbait euskaraz baina erderaz hitzegiten dugu askoz gehiago dakigulako eta hemen ez zigutelako euskaraz egin. Gure artean gazte bat dago eskolara joan dena eta ikasi duena–Sharid-i buruz ari da–eta euskaraz mintzatzen da zuek bezala, ez du esaten zaila denik, gustatzen eta ondo iruditzen zaio.
Ba al dago urdu–Pakistango hizkuntza nazionala–eta euskararen arteko erlaziorik?
Ez dute zer ikusirik, badago hitz bat bi hizkuntzetan berdin esaten dena, AMA. Baina hortik aurrera ez dugu gehiago ikusi: bada ude antzeko beste hitz batzu, baina erlaziorik ez dut uste.
Juanek bere bi ume txikiei–hemen jaio direnak–euskarazko izenak zergatik jarri dizkien galdetu diogu eta hemen erantzuna:
Bi izen daukate hangoa eta hemengoa. Aitor hemengoa eta Asad-Raza hangoa, eta besteak Arantxa hemengoa eta Asia-Nasrin hangoa
"Urdua Dugu Hizkuntza Nazionala"
Pakistanek lau herrialde ditu, eta herrialde bakoitzak bere hizkuntza du. Gu han beste herrialde batera goaz eta ez dugu ulertzen, oso zaila da guretzat. Hemen euskara eta katalana bezala, dena ezin da ulertu. Bestalde guk beti geure herrialdeko hizkuntzaz hitzegiten dugu eta ez hizkuntza nazionalaz-urduz. Izan ere ezin dugu, ezinezkoa zaigu: ohituta gaude gurera, urdua hitzegiteko ez dugu erreztasunik, geurea zuzenki, nahi gabe, ateratzen zaigu.
Lau herrialdeek urdua hitzegiten dute?
Bai, lau herrialdeetan urdua da hizkuntza nazionala; hiriburuarekin mintzatzeko, paperak egiteko, hori erabili behar da: baina jende xeheak herrialde bakoitzean, nahi gabe, bere herrialdeko hizkuntza erabiltzen du. Hots, zu bazoaz beste herrialde batera berahala nabaritzen dute nongoa zaren. Gehiago erabiltzen da herrialdekoa landan (baserri giroko lurraldeetan), hemengo baserritarrek erdera gutxi hitzegiten duten bezala; guri tokatu izan zaigu baserri aldetan lan egitea eta hangoak beti hasieran euskaraz mintzatzen zitzaizkigun, gero konturazen direnenan ezin diegula erantzun ondo edo erderaz egiten dugula, orduan buteren bat hasten zaigu erderaz mintzatzen baina badaude beste zaharren batzu erdera apenas dakitenak.
Han ere badaude pertsona nagusiak hizkuntza nazionala ez dakitenak eta beti ari direnak herrialdekoaz hitzegiten; eskola duen guztiak, ordea, urdua daki, baina ez du -hitzegiten beharrik ez badago (etxetik kanpo); eta kalean, egunerokoan eskualdekoa, herrialdekoa hitzegiteko okasioa badu, hura mintzatuko da.
Bukaeran ea hemen geldituko diren edo haruntz joan galdetu diegu, baina ez zekiten. Denborak esango du erran digu batek eta egia da denborak esango du zer egingo duten hauek... eta beste denok. Elkarrizketa bukatutzat jo genuenean hango musika jarri ziguten eta lasai lasai hitzegiten jarraitu... baina dena ezin konta.
Roberto ALTUNA. Xabier ETXANIZ
16-18

GaiezGizarteaBesteak
EgileezALTUNA6Gizartea
EgileezETXANIZ3Gizartea