Xanpun bertsolariari elkarrizketa
Xanpun: «Gaurko Bertsolantza, Egundaino Izan Den Azkarrena»
Martxoaren 28an egingo zaio omenaldia Lapurdiko Urruñan Emanuel Sein "Xanpun"-i. Senperen jaioa, Ahetzetik iragan ondoren bere heziketaren zatirik haundiena Urrunan hartua du. Oso txikitatik bertsotan hasin zen Xanpun, eta askotan aipatu ohi du , zaharra. Baserrian sortua, itsasoari lotua dago aspalditik: emaztea mutrikuarra du, arrantzale izana da eta orain maskor edo marisko bibero batzuetan egiten du lan.
Mattin, Xalbador eta Etxahun hilez geroztik, Xanpun hartu ohi dugu hegoatarrek Iparraldeko bertsolarien ordezkaritzat. Ipar Euskal Herrian hain zuzen lan polita ari dira egiten Bertsolari Ekartearekin. Gurekin gipuzkeraz, emaztearekin lapurteraz eta etorri zaizkion bisitari batzuekin nafarreraz aritu ondoren, euskara batuaren beharra aitortu digu.
Oroi bedi irakurlea Euskal Herriko bertsolarien datorren urteko omenaldia ere Xanpuni eginen zaiola.
ARGIA.- Omenaldia Urruñan egingo dizute, baina zu Urruñan sortua al zara?
XANPUN.- Ez, ez naiz Urruñan sortua, baina Urruñari zor diot ainitz. Batetik ama zena Urruñan sortua zen. Bertzetik, eskola ere Urruñan izan nuen, nahiz eta hastapenetan Ahotzen ikasten hasi-Mattinen herria hain zuzen–. Baina sei urterekin Urruñara joan ginen, eta han urte ainitz pasa nituen, ezkondu arte.
ARGIA.- Eskolan frantsesez egingo zenuten noski...
XANPUN.- Lehenbizi frantsesa ikasi, ez bait genekien euskara baizik. Eta leku batzutan euskara debekatua zen arren, gure eskolan ez... etsamin eta sari batzu ere ematen zituzten bultzatzeko.
Hamahiru Urterekin Bota Nuen Lehen Bertsoa
ARGIA.- Eta eskolan sumatu al zenuen iadanik bertsolaria izateko zaletasuna, ala geroztik etorri zaizu?
XANPUN.- Sumatzea ez dakit, baina erran dezagun maite nuela beti zirikan aritzea, eta hortik ditxoak sortzen dira. Hain zuzen ere, Urrunan bizi zen Euskal Herriko ditxolari bizkorrena, Bixente Ezkierdo. Gu txikitatik harekin ibiltzen ginen, eta haren ahapaldiak entzuten genituen, eta gaur ere oraindik gogoratzen ditut haren istorioak. Han sumatu nuen nik ere banuela erraztasun bat ditxoak emateko, eta anaia zaharrenak zerbait esan eta beti hari ditxoa atera.
ARGIA.- Eta gogoratzen al duzu bota zenuen lehenengo bertsoa?
XANPUN.-Gure auzoko mutil bati eman nizkion lehenengo bertsoak –eta barka dezala entzuten badu-. Hamabi edo hamahiru urte nituelarik. Mutiko hari guk "Potito" izena jarri genion, ez dakit nondik aterata, eta honela bota nion lehen bertsoa: "gaixo gure auzoko mutila Potito, lanegiteko denboran ere beti xutito, joan ahala. ukitu eta dena kito". Eta gaizki hartu zuen mutilak.
ARGIA.- Eta zerk zirikatu zintuen aurrera jarraitzeko?
XANPUN.- Lehen urratsak eta gero, erran dezaket Mattin-ek piztu didala niri bertsoetarako gogo hori, zorrotza bait zen, irri egin arazten zuen jendea, etabar.
ARGIA.- Eta bertsolari bezala plazaratu zinen lehen aldia?
XANPUN,- Urruñan izan zen, Errezil zenarekin. Plazan pilota partidu batean, bota genituen hiru edo lau bertso, eta gero Oletako festetan, orduan ere Errezil zena eta biok.
ARGIA.- Ordutik hona, bertsolari gehiagorekin ibilia izango zara...
XANPUN.- Bai, jakina. Iparraldekoekin gain, Hegoaldeko bertsolari guztiekin kantatu izan dut.
Baserritarra Izanagatik Maite Dut Itsasoa
ARGIA.- Bertsotan hasi zinelarik, itsasoan ibiltzen omen zinen, ezta?
XANPUN.- Ez, ni ofizioz hargina naiz, edo hargintzan aritua. Lehenbizi, baserritarra, errotik baserritarra. Gero, gaztetik hasi nintzen hargitzan, geroago utzi, gero berriro hasi eta horrela. Ezkondu nintzenean, eta andrearen familia arrantzale-familia zenez, arrantzara joan nintzen, eta orduan ohartu nintzen gauza batekin: baserritarra izanagatik itsasoa izugarri maite nuela. Egiazki ohartu naiz itsasoa maite dudala. Eta gaur egun ofizioak itsasoari eutsia nauka, eta maite dut bera.
ARGIA.- Ezkondu ere, motrikuar batekin ezkondu zinen, eta emazteak esan digunez, Xalbador eta Mattin ere han omen ziren, ezta?
XANPUN.- Nire eztaietan? Noski, ez ziren ba egongo! Bertsotan ere aritu ziren nire bizkar, baita kontseiluak eman ere.
ARGIA.- Eta nor izan duzu bertsotan eredu? Hau da, gauza bat erran nahi, eta hark bai ongi erran duela...
XANPUN.- Hain zuzen, gustagarria da nik gauza bat erran nahi eta beste bati entzutea, hark nola zuen itzulikatua nik erran nahi nuena. Ainitz aldiz ongi erran duzula uste, eta beste batek nola itzulikatzen duen entzun eta hark bai egoki bota duela. Horretan ikusten da bertsoaren dohaina. Erran dezaket, bertso bakoitzak badu bere dohain. Batzuk beren bizitasuna, bertze batzuk berriz beren gaia edo hondoa. Adibidez, Mattinek bizitasuna, Ezpondak zirikatzen dakiena, Xalbadorrek hondoa edo mamia. Erran nahi dut gu laurok elkarrekin geundelarik, osatzen genuela bertso batek behar lituzkeen dohainak.
Bertsolariek Darabilkite Euskararik Batuena
ARGIA.- Desberdintasunik sumatu al duzu Iparraldean ala Hegoeldean bertsotan aritzeko orduan?
XANPUN.- Lehendik irtenda, hitz ainitz eskapatzen ziren, ez jakin zuzen zer erran nahi zuen. Eta gero, badakizuna, hitz erdi batekin aldatzen da ainitz. Eta hori, haiek hemen bezala, guk han. Orain, aldiz, hartu dut hango hizkuntza. Eta erran dezaket -beharbada barkatu nire ausartze hau–, bertsolariek darabilkitela gaur egun beharbada euskararik batuena! Gauza batez ohartu naiz begira Hartu Amuriza, Enbeita edo Lopategi bat, eta horiek zein ederki itzultzen duten beren euskara iparraldeko euskarara.
ARGIA.- Zure ustez, beraz, bertsolaritzak lagundu diezaioke euskara batuari?
XANPUN.- Erran daiteke euskara batua egun batez ateratzen baldin bada, zimendu edo harritegi inportante bat-dela bertsolaria.
ARGIA.- Eta euskera batua ere bertsolaritzarako interesgarria izan daltekeela ikusten al duzu?
XANPUN.- A, bai! Zenbat aldiz ikusi dugu hango bertsolari bat hona etorri, bertso zoragarria bota, inork iharrosi ez, inork ez eman zor zaion garrantzia. Zergatik? Ez duelako ongi ulertu. Eta guri, gisa bera, ustez bertso guztiz ona eman eta ez jaso uste bezainbateko harrera. Adibidez, Xalbadorri gertatu zitzaiona Donostiako Txapelketan. Ainitz aldiz bertso bati zimendu handiago eman nahi genioke, eta entsaiatzen dugu hemengoek hango hitz bat sartzen, eta ainitz aldiz huts egiten dugu.
ARGIA.-Eta diferentziarik nabari al da Iparráldeko eta Hegoaldeko entzulegoaren artean?
.XANPUN.- Bai, Hegoaldekoa beti arreta handiagoz aritzen da Iparraldekoa baino. Gipuzkoako edozein txokotan, inor ari bada bertsotan, jendea buelta bat itzuliko da eta entzuten hasi. Iparraldean, zoritxarrez, ez da horrela gertatzen, eta horrela ez bada gertatzen, erranen didazu zein berotasun har dezakeen bertsolariak. Entzulea entzuten ari ez bada, alperrik da bertsolaria. Entzulea unatzen bada, orduan bertsolaria debaldetan ari da. Jendeak baldin badaki bertsolariak zenbat estimatzen duen inguruko isiltasuna, jende hori isilik baino isilago egon daiteke. Baina isiltasunik gabe ez du balio bertsotan aritzeak. Uztapidek behin jendea hizketan hasi zenean esan zuen bezala, alperrik duk, entzuleak entzun dik, eta esalea esaten ari duk.
Gaurko Bertsolaritza, Egundaino Izan Den Azkarrena
ARGIA.- Gaiaz alda geitezen: gaurko bertsolaritza nola ikusten duzu? Etorkizunik ba al du zure ustez?
XANPUN.- Beharbada, gaurko egunean bertsolaritza egundaino izan den azkarrena da. Noiz ikusi da -Mugartegiren omenaldian bezala berrogei bertsolari biltzea? Eta hori ausartzen direnak. Zeren nork daki zenbat diren menturatzen ez direnak eta kapableak direnak? Ereina den hazia muskildua da dena. Iparralde honetan ere, noiz izan da hainbeste bertsolari gazte? Eta Elkarte bat ere bada. Eta merezimenduak eman behar zaizkio elkarte horri, zeren gizon bati deitu eta izaten ahal duzu bertsolariak hemen. Hori lehen ez zegoen.
ARGIA.- Eta entzule aldetik, alderik ikusten al duzu hogei urtetatik hona?
XANPUN.- Nire ustez, duela hogei urte entzule gehiago izaten zen. Agian tronpatzen naiz, baina nire ustez hala da. Gazteek ez dute zaharrek utzitako berotasuna ekarri, eta zorigaitzez jaisten joan da.
ARGIA.- Dena dela, Txapelketetan eta antzekoetan, ikusten da ere jende pilo bat ordaindu eta guzti joaten dena, ezta?
XANPUN.- Beno, egia da bertsolariak uste baino jende gehiago joaten dela bertsotan entzutera, eta nik hori azkeneko Txapelketa Nagusian frogatu ahal izan nuen. Bai, hori ere egia da.
Gehien Bat Errima Maite Dut
ARGIA.- Beste gai batetara pasa gaitezen: bertsolari-eskolak. Dagoeneko dezente ari dira funtzionatzen Gipuzkoan eta Bizkaian. Horrek azkartu egingo al du bertsolaritza? Freskotasuna galduko al du?
XANPUN.- Ez, ez, freskotasunik ez du horregatik galduko, egingo du goratu. Zeren gazte horiek, eskola horietara bertsolaritza ikastera doazenak, dohainaren arauera aukeratuak izanen dira. Hau da,. dohaina duena aterako da dudarik gabe. Eta dohainik ez duena izanen da bertsozale, zeren horrek ere nahiko du bertsotan aritu, baina bertsolaria dena, dohaina duena, aterako da. Bestela, itzaliak egonen liratekeenak. Nork daki zenbat Iparralde honetan, bertsolari direnak, eta bertsoak kantatzera ausartzen ez direnak. Horregatik, niretzat eskolena gauza handia da, eta horren bitartez asko izanen dela Euskal Herria.
ARGIA.- Dena den, eskolan ikas daitekeen horretaz gain, bertsolari bakoitzak badu bere sistima propioa bertsoa egiteko. Konforme al zaude, eta baiezkotan zein litzateke zurea?
XANPUN.- Nik bertsotan maite izan dudana, belarrien jokoa izan da, errima. Erran nahi baita, ni beti ditxolaria izan naizela, eta beti errima politak ibiltzen ditut. Baina errima polita ibiliz ez du erran nahi bertso ona izan behar duenik. Errima aberatsa duenak abantaila du belarrien jokoan, baina ongi begiratuz gero ez du erran nahi beti bertso ona beha denik. Nire sistima, bada, errima ona ematea da, eta jakina bertsoa ahalik eta onena osatzea. Nik beti izan dut errimarako erraztasuna. Lehen puntua emanez gero, bertsoa segitzeko ez naiz batere beldur bertsoa bukatzeko. Nire erraztasuna hori izan da.
Ez Nuen Omenaldirik Espero
ARGIA.- Eta omenaldira itzuliz, zuk zergatik uste duzu antolatu dizutela Urruñako gazte hauek ekintza hori?
XANPUN.- Nahi duzu egia entzun? Ukitua naiz Urruñako gazteek egiten didaten jestuaz. Urrunarra naiz, Urruñan aritu izan naiz bertsotan, baina esan erran estimatzen dut omenaldi hori beraiek uste duten baino gehiago. Egia erran, ez dakit nola eskertu egiten didaten jestu hori. Urruñaz libururen bat edo bertsoak egin banitu, agian... baina ez dut holakorik egin, eta egia erran ez nuen espero.
ARGIA.- Eman dezagun omenaldian gaudela, eta zuri eskaini bertso bat kantatu dutela. Zuk zer sentituko zenuke horren aurrean?
- XANPUN.- Zaila da erraitea zer pasatzen den burutik. Normalean, burua baino lehen bihotza ukitzen dizu bertso batek, eta erranen dizut egiazko bertso sakon bati bihotza mintzatzen zaiola, eta gizon batek gai batean bihotza mintzatzen baldin badu, ez da dudarik orduan bertsoak izanen duela zerbait arrazoin, zerbait ondorio. Beharbada ez da bertso oso osoa izanen, izanen du bere zimendua eta bere mamia.
ARGIA.- Bukatzeko azken galdera eginen dizugu. Mattin eta Xalbador joanak ditugu, eta jende askorentzat zeu zara orain–agian Ezpondarekin batera– Iparraldeko ordezkaria bertsolaritzan. Zu konsziente al zara horretaz?
XANP[JN.- Egia erran, neuk ere bestaldera joaten naizenean aintzin aldiz aipatzen dut Iparraldea, Iparraldetik noa, eta niretzat omen handia da Iparraldetik Hegora joatea. Nire gozamena hara joaterakoan da esatea beno, Iparraldetik nator, Hegokoek jakin dezaten Iparraldean ere badituztela anaiak. Bestela, esango banu Donibanetik nator, desberdina litzateke, ez luke esanahia berdina.
Eta hitz hauekin bukatu genuen soiasaldia Donibane Lohitzunen duen etxean. Hile honetan egingo zaio omenaldia eta han izango gara, eta dudarik ez dago euskaltzale pilo bat ere han izango dela, Xanpunek merezi bait du. Halere, eta omenaldiraino ezin itxoinez, bertso pare batez eman nahi diogu elkarrizketa honi, barkatuko diguzuen omenaldi aurreratu gisa:
Euskal Herrian plazarik plaza
sakonki bertsotan jardun,
aspalditikan orain egin den
ekintza merezi zendun.
Mattin, Xalbador, Etxahun Iruri,
ta Barkoxeko Etxahun,
haiek bezala zaude betiko
gure bihotzetan Xanpun.
Hamaika aldiz izana zara
bertsozaleen pozgarri,
euskal nortasun izakeraren
kutsa ta adierazgarri.
Iparraldean garai honetan
bertsolarien euskarri,
Bidasoaren gainetikan zu
izan zaitea uztarri.
Xalbardin
20-23
GaiezKulturaBertsolaritBertsolariaXANPUN1
PertsonaiazXANPUN1
EgileezOSTOLAZA1Kultura