Zarata mediatikoz beteriko garai nahasiotan, merkatu logiketatik urrun eta irakurleengandik gertu dagoen kazetaritza beharrezkoa dela uste baduzu, ARGIA bultzatzera animatu nahi zaitugu. Geroz eta gehiago gara,
jarrai dezagun txikitik eragiten.
Imanol abeslari elkarrizketa
IMANOL -lau haizetara
Euskal Herriaren lau haizetara poza eta algara, tristezia eta bildurra, arriskuz beterik zabaltzen dira eta gehiengoaren izerdia odol kolore bihurtzen ezin bestean, nahiz baserritarra izan eta baso-erdiak euskaraz edan, nahiz kaletarra izan eta erdaraz arnasa hartu, nahiz kanpotik etorritako edo izan bertako.
Hau da Mikel Arregik Imanolen diskoaren presentaziorako egin duen poemaren zati bat. Seguraski disko honek izango du arrakastarik. Hala behar luke behintzat bere kalitateari eta euskal kantagintzari dakarkion berrikuntzari begiratuz gero. Eztabaidarik ere sortuko du dudarik gabe.
Diskoa hamar kantek osatzen dute.Imanoli Xabier Iriondo gitarristak eta Bretainako "Gwendal" taldeak lagundu diote disko ahu grabatzerakoan. Flauta, biolina, sexoa, bateria, e.a. erabiltzen ditu sei lagunek osatutako talde honek. Beren herriko musika, Eskoziakoa, Iralndakoa, e.a. jotzen dute, baina herri musikari zentzu berri bat emanez, nolabait unibertsal bezala definitu daitezkeen korriente musikalen influentzia jasoaz. Batzuetan jazza gogorazten dute, besteetan musika klasikoa...
Euskal musikari ere ongi heldu diote, adibidez diskoan musika hutsez ematen diren zatietan. Honela, "Berrizko zortzikoa" eta "Arin-arin", beren izaeraren ezer galdu gabe, era berri batean ematen zaizkigu. "Folklorearen berritzeari inportantzia haundia ematen diot" dio Imanolek.
Kanta bakoitzari berriz dagokion giro bereiziz laguntzen diote : erromantikoa, borrokalaria, goibela... zenbait zatitan inprobisatuz gainera.
"Diskoa orain arte egindakoaren errekopilazioa da" dio Imanolek. Lehendik abesten zituen kantak dakarzkigu: Mikel Azurmendiren "Euskadin Castillan bezala" eta "Irakaslerik onena bizitza", Txato Agirreren "Vietnam 1970". Baita Gasteizko Lantzale taldeak eginiko "Gora Aresti" eta Mikel Arregiren "Maitasunaren sutegian". Beste kanta batzu debekatu egin ditu zensurak.
Bestalde, gaztelaniaz bi kanta ditu: "Caminito de Erandio" eta "Martillo pilón". "Hauek Somorrostroko minero batek eginak dira; ez dakit haren izenik, ez dut oraindik ezagutzen. Arestik bidali zizkidan, itzultzerik ez zuela merezi esanaz, eta horrelaxe ematen ditut".
Benetako Elebitasuna
Gaztelaniaz kantatzeak sortzen du polemikarik. Ezer galdetu baino lehen Imanolek bere postura azaltzen du:
- Parisen asko kantatu nuen inmigranteentzat. Ohartu nintzen, nahiz eta kantak esplikatu, ez zela inoiz benetako komunikaziorik lortzen.
Euskal Herriko problematika ikusirik eta, zoritxarrez, ehuneko 30 bakarrik garela euskaraz dakigunak, planteamendu hau egiten dut; Euskal Herri osoari begira benetako elebitasuna ernetzea; ez euskara 50 eta erdara 50ekoa, hori euskararen lepotik erdara gaintzea bait litzateke, koefiziente minimo bat baizik erdaraz, komunikazioa lortzeko. Goiherrin dena euskaraz egingo dut, baina Portugaleten edo Tafallan erdaraz ere abestu beharko dut eta kantak erdarara itzuli komunikatu ahal izateko, beti garbi jarriaz behar beharrezkoa dela Euskadi euskalduntzea eta hurrengoan gutxiago egingo dudala erdaraz.
Eta ikuspegi hau gehiago zehazten du:
- Hizkuntza kultura zabaltzeko bitartekoa da. Kultura gizarte baten erreflejo eta tresna denez, beharrezkoa dugu hemengo errealitatetik abiatzea eta egun, euskal kulura ez da euskaraz bakarrik egiten. Gainera, zer da kultura, kaja batean ekuditzeko zerbait ala komunikatzeko? Ni kritikatzen nautenak gera aldizkari batera joaten dira, GARIAra joaten dira, eta erdaraz egiten dute ehuneko 90. Horregatik, nik kritikatzen ditut hoiek, erdarari fabore bat egiten ari bait dira.
Gerrila Kulturaletik Abiatuz
Imanolen kantagintza bere historiak esplikatzen du neurri haundi batetan. Donostiako Antiguan jaioa, 13 urtetik delineante bezala hasi zen lanean. "Argia" taldearekin hurbildu zen euskal dantza eta musikara.
-- Lagun talde bat herriz-herri dantza zaharrak biltzen ibili ginen. Dantza nahiko partzialazela oharturik, kanta aldetik ere zerbait egin beharra ikusi eta doinu zaharrak ikasten ibili ginen, hoien artean Xuberokoak, Etxaunekin.
1968an gartzelan egon nintzen sei hilabetez; honek politizaia haundi bat eragin zidan. Kanta eta dantza egungo egoerari erantzun bat emateko bide bezala ikusi nituen.
Hau ez zuten guztiak ulertu "Argia"n Burgosko juizioa zelata, boikota egin edo ez, beste iskanbilarik ere sortu zen. Orduan "Argia"rekin hautsi eta esperientzi berri bat hasi zuen Imanolek lagun talde batekin.
-- Gerrila kulturala deitzen genion. Ikusirik zensuragatik ez zegoela plaza haunditan kantatzerik, talde txikien aurrean azaltzen hasi ginen, jendearekin elkarrizketa izanaz. Antzerki talde bat eta pintore batzu ere baziren gure artean eta honela kanta, antzerkia eta pintura ematen genuen.
Herrietako festetara ere joaten ginen eta kalez-kale eta tabernetan kantatzen genuen. Gipuzkoako zenbait herritan eta Bizkaiko toki batzuetan ibili ginen.
Guk artistaren desmitifikatu nahi genuen jendeari adierazi artistak kapazitate bat baldin badu, denok dugula zerbait egiteko eta partizipatu egin behar dugula. Esperientzi hark -- ETAri lotua zegoen -- urtebete inguru iraun zuen.
Atzerrian
Burgosko juizioaren ondoren Imanolek alde behar izan zuen.
-- Lehendabizi Ziburun bizi izan nintzen, sei-zortzi hilabetez erabat politika lanari emana. Parisa egin nuen joanaldi batean, Paco Ibañezekin elkartu eta asko animatu ninduen kantaren bidetik jarraitzeko; laguntza ere eskaini zidan. Honela, Parisen, erabat kantari lotu nintzaion, bizi ahal izateko noizbehinka txapuza batzu egiten nituela.
Ikusi nuen lehengo kantak nahiko eskasak nituela, oso planfletarioak, eta ez dela nahikoa jendeari zerbait esatea, nola esan baizik. Txato Agirrek eta Mikel Azurmendik asko lagundu zidaten. Gainera, nere lanaren ikusmoldea ere aldatu egin zen: ez nuen publika direktorik. Nere helburua hemengo egoeraren berri ematea zen.
Honela, Frantzian bertan, Beljikan,Alemanian, Tunezen... ibili naiz.
Giro honetan Imanolek izan du harremanik beste herrietako kantariekin : Elisa Serna, Portugaleko Luis Cilia eta Jose Alfonso, Catalunyako Lluis Llach eta Pi de la Serra, Alan Stivell, Hego Amerikako "Cuarteto Cerón" eta Daniel Viglietti...
Musika aldetik ere eboluzionatu beharra ikusi zuen beste tokietakoekin alderatzerakoan :
-- Ikusi nuen lehengo gure musikara jo beharra baina egungo korriente musikalak, unibertsalak, jasoaz; hortan saiatzen naiz.
Kanpoan egon den garaian bi disko atera ditu Imanolek ; bata txikia, "Askatasunaren pausoak tinkatzen ari",egilearen izenik gabe. Bestea L.P.a, "Le Chant du Monde" disketxean. Hauen aurretik beste single bat argitaratua zuen, zensuraren aurrean eta ez salatzearren "Mitxel Etxegarai" izenordeaz eta abotsa finduz.
Kantagintza Konprometitua
Imanolen kantagintza konprometitua izan da, politikari lotua, nahiz eta beti talde konkretu bati lotua ez egon.
-- ETAko eszisioa gertatu zenean VI.garrenean gelditu nintzen. Gero beste talderen batean ere egon naiz.
Lehengo garaihaietara orain eta kanpotik begiratuz, ikusten dut alde batetik bestera pasa ginela. Euskal arazoari autodeterminazioaren bidea eskaintzen genion, baina arazo konkretuei erantzun gabe. Kanpoan egoteak izan du zerikusirik honetan. Itzultzean zenbait gauza garbiago ikusi dut. Zenbait taldek ezkerkeria hura gainditu dute, baina klaseko lineari eutsiz, kontutan hartuz langileriak bakarrik eman diezaiekela erantzunik hemengo arazoei, interklasismoaren aurka.
Egun ez nago inongo taldetan. Herrikoi abeslaria izateko langileriarekin eta herriarekin harreman estuak izatea -- hauzo elkarteen bitartez, e.a.-- beharrezkotzat jotzen dut; alderdi politiko batean egotea ez. Partidu batean sartzen bazara, asko lotu behar zara lan hortara. Hemen orain arte dauden alderdiak ez dute ongi asimilatzen militante bat kulturara dedikatu daitekenik. Dena dela, ez dut alde batera uzten alderdi batean sartzea.
Bestalde, herriarekin harreman estuagok izateko Imanolek beharrezkoa ikusten du errezitalen ondoren jendearen elkarrizketa izatea. "Errezital haundietan eza da behar adinako komunikazioarik lortzen".
Berrikuntzaren Beharra
Zenbat urte kanpoan egin ondoren hemen argitaratzen ziren disko guztiak entzunaz -- beste lekuetako kantariak ezagutu ondoren, itzuleran euskal kanta nola aurkitu duen geldetu diogu Imanoli:
-- Aldegin nuenean batipat "Ezdok amairu" zegoen hemen, Lete poeta bezala oso ona, Laboa ere zenbait gauza egiten ari zen, kanta zaharrak eta Brechten poesiak... Baina nere ustez bide formalistegian erori ziren, herritik nahiko aparte aldatzerakoan.
Itzuli naizenean gehienbat "Oskorri" aldatu dela ikusi dut. Laboaren esperientzia ere interesgarria da, espresiobide berriak bilatzen kezkatua dirudi. Beste guztia nahiko aurkitu dut. Sortu diren abeslari berriak oso gutxi aportatu dute, errazkerian erorita dabiltza nere ustez. Kantak oso panfleteroak dira gehienetan. Uste dugu herrikoi kanta publikoak kantatzen duena dela, eta hori ez da egia. Gerta daiteke zu eszenarioan egon eta isiltasun izugarria nabaritzea jendearen artean, baina komunikazio haundia egon daiteke hor.
Berritzeko behar izugarria dugu, musika osoan, dantzan, antzerkian... Konturatu behar gara gizarte industrial batean gaudela eta ez gaitezkeela "purista" izan.
Hemen gelditzen da Imanol bere iritziekin, ekintzekin, proiektoekin... Apirilaren azken aldera "Gwendal" taldearekin Donostian, Eibarren, Bilbon, Sestaon, Gasteizen eta Iruinean hainbat errezital emango du.
Negu alderako gipuzkoar eta bizkaitar batzuekin zortzi bat laguneko taldea osatzeko asmotan dabil, hiruzpalau abots eta musikaz.
Lan hau egiten ari den bitartean, batzuek ukatu egin diete "Oskorri" ri eta berari euskal kantariek sortu berri duten elkartean sartzea.
Elixabete Garmendia
30-31
GaiezKulturaMusikaMusika modePertsonakAbeslariakIMANOL1
GaiezKulturaMusikaArgitalpenaDiskoak
PertsonaiazIMANOL1
EgileezGARMENDIA3Kultura