Antton Valverde, Julian Lekuona eta Xabier Lete kantariekin
Bertso eta kopla zahar eta berriak
Joan zen astean aipatu genuen bezela Antton Valverde, Julian Lekuona eta Xabier Lete kantari ezagunak, bertso eta kopla zahar eta berrien erakusketa bat prestatzen jardunak zaizkigu, eta lehenengo agerpena datorren martxoaren batean (ostiralez), eta hiruan (igandez), Donostiako "Teatro Principal" delakoan egitekotan ditugu.
Gertakizun hori dela ta, hiru kantariekin mintzatzen jardunak ginen, eta galdera batzuk egin genizkion Hona hemen galderak, eta beren erantzunak.
Antton Valderdekin hasi ginen.
Bertso zahar eta berrien bilduma baten antzeko zerbait prestatu omen duzue kantuz emateko. Nola bururatu zitzaizuen horrelakorik?
Nik bertso eta kopla zaharrak aspaldi danik kantatzen nituen, bai bakarka eta bai Oskarbi taldean ere. Behin batez Xabier Letekin nengoela, elkarri galdera hori egin genion: zergatik ez bertsolarien bertsoak kantatuz errezital bat prestatu? Hasieran, Xenpelar eta Txirritaren konposizioetatik aukeratzea pentsatu genuen, antolojia gisara, baina gero bertsolari zahar eta berri gehiago ere sartzea komeni zela iruditu zitzaigun. Eta idea hortatik abiatuz egin dugu lana. Julian eta Juan Mari Lekuinarekin ere hortaz mintzatu ginen, eta berek ere parte hartu dute, batak kantari eta besteak aukeratzaile bezela.
Oker ez bagaude, zure aita zenak, Antonlo Valverde jaunak, bertsotarako zaletasun haundia zuen. Hari zor ahal diozu zuk zure ahalmen hortatik zerbait.
Bai, hortan zalantzarik ez dago. Nere aita oso artixta izateaz gainera, bertso-zale eta, bereziki Xenpelar-zalea (biak errenteriarrak izaki). Haren mintzaldi bat ilustratzeko hasi nintzen ni Xenpelarren bertsoak kantatzen. Nere aitari asko gustatzen zitzaion ni euskeraz kantuz jardutea, eta hortan asko lagundu zidan.
Gu denok oroitzen gera Antonio Valverde zenaz, eta haren euskal-zaletasunaz. Gizon haren gizontasunaz... Eta Julian Lekuona ere alboan daukagunez gero, honi ere galdetzen diogu.
Zuek kantatuko duzuen hori antolojia bat ahal da?
Antolojia hitz hori harro xamarra ez ahal da...? Gure hori bilduma bat da, aukeraketa baten ondoren prestatutako bilduma bat. Gauza batzuk onartu behar izan ditugu, besteak baztertu; ez bertsoak bakarrik, bai eta bertsolariak ere. Izan ere, zoritxarrez, denak ezin genitzakean sar. Gu bertsolaritzaren aro edo garai klasikoenaren azterketa egin ondoren, muestra batzuk aukeratu ditugu... Gure erakusketa hortan bertsolaritzeren historia guztia ez dago, zati adierazgarri batzuk baizik. Hori bai, uste dugu aukeratutakoa interesgarri dela.
Lekuonatarrak erdi bertsolari eta erdi poeta zerate... Baina Julian Lekuona aspaldian ez zenuen kantuz entzun. Hau itzulera bat ahal da?
Baietz esan liteke. Eta aurrera jarraitzeko asmoz. Ikusiko dugu etorkizonak zer dioen, eta eguraldiak zer arpegi jartzen duen..
Irrifarre egiten dugu, eta Xabier Leteri galdezka hasten gera.
Zuek, kantari izanik, bertsolarien saillean sartu zerate orain. Horrek zer esan nahi du? Bide berri bat aukeratu ahal duzue orain? Bateon batek galdegin lezake besteren saillean zergatik sartu ote zeraten...
Hori garbi gera bedi: guk ez diegu inundik ere bertsolariei tokirik kendu nahi izan. Bertsolariek, beste inork bete ez lezaken eginkizun nagusi bat badute: bertsoak asmatuz herriz-herri kantatzea. Guk ez dugu ordea ezer asmatuko. Jendeak ezagutzen ez dituen edo ahaztatu daduzkan bertso zaharrak kantatzea nahi izan dugu, errezital gisara, kitarraz lagunduz Hau da, gure betiko erara. Gainera uste dugu horrek agian bertso-zaletasuna piztu lezakeala, gazteengan batez ere. Bertso zaharren mundua gure espresio biderik aberats eta herrikelena dugu. Guk horixe nahi izan dugu: gaur kantatzen ez diren garai bateko bertso zahar bikain hoiek jendeak berriro goza ditzala. Jendeak, ahal bada, negar eta farre egin dezala. Entzuleak bi edo hiru ordu gustora pasa ditzala...
Zuen bidean eragozpen asko topatu ahal duzue? Eta nork lagundu dizue?
Eragazpenak, gutxi gora-behera betikoak. Bertso denak zentsuratik pasa behar izan dira, eta guztiak ez dituzte onartu. Hori pena da. Aukeratuta geneuzkan gai batzuk oso kamuts geratu dira. Hortik aparte, eragozpen haundrik ez dugu izan. Laguntzak bai, eta bihotzez eskertzen ditugu. Alde batetik, Juan Mari Lekuonarena, gaiak aukeratzerakoan eman zizkigun argibideengatik. Bestetik, eskertzekoa da bai eta C.A.T.-ko Rafael Agirrek, udaletxearen bitartez, "Teatro Principal" kondizio onetan eskuratzeko eskeiñi digun laguntza ere. Eskertzeko, bai eta ere, Jorge Oteizaren laguntza, kartela egiteko utzi zizkigun irudi zoragarriengatik... Eta jende gehiago aipatu beharko genuke, laguntzarik asko izan baitugu.
Elkarrizketa hau bukatu baiño lehen, Antton Valverderi, musiko bezela, gure azken galdera.
Doinu aldetik zuen errezitalerako zer kriterio erabili duzue? Musika aldetik aberastasunik izan ahal du ?
Guk baietz uste. Alde hori asko zaitu dugu. Hasteko, bertso bakoitzaren jatorrizko doinua errespetatu dugu, jakiterik zegoenean behintzat. Bertsolari-doinu bikainekin topatu gera. Xenpelarren "Amigo batek" bertsoen doinua, Txirritaren "Zuk hil zenuen artzaia", Zapirainen "Brabanteko Jenobeba"-rena, eta beste asko, zoragarriak dira.
Jatorrizko doinurik ez genekien kasotan, neurri bereko beste bertsoren batzutatik hartu ahal izan dugun doinurik ederrena erantsi dugu. Bertso batzuk kitarraz lagunduz kantatuko ditugu, besteak kitarrarik gabe, abots soilez.
Beraz, gure kantari hauek beren saio berezi hortarako prest dauzkagu. Gure ustez, arrakasta izango dute. Izan ere, era hortako emanaldiak ez baitira eguneroko gauza izaten.
Gure bertso eta kopla zahar eta berrien maitaleek aukera ederra izango dute egun gutxi barru bertso ederrez asetzeko.
Emanaldi hoietan, bertso eta kopla anonimo zaharretatik kanpo, gutxi edo gehiago honako bertsolari hauen bertsoak agertuko omen dira: Xenpelar, Txirrita, Bilintx, Otano, Pello Errota, Prantses Txikia, Errenteriako Pello Zabaleta, Tellei Txiki, Urrutia, Zapirain, Uztarri, Iturrino (Markesaren alaba), Antonio Urbieta, Kazkazuri, Zepai, Xalbador eta Lazkao Txiki.
ERRIALDE
6
GaiezKulturaBertsolaritBertso saio
EgileezHERRIALDE1Kultura