IRAKASLEEN UDAKO IKASALDIAK
Loiola eta Hazparne
Jakin dugunez, Loiolan 120ren bat irakasle bildu dira datorren ikastaroaren programaketaren zenbait arazori atxikirik. Ez dugu guk geuk informazio haundirik, eta haietako irakasle batzurengana jotzea erabaki dugu.
Lan ekinaldian erabili duten egitaraua nahiko betea da, nahiko sakona, hiru egunetan serioski berari heldu ahal izateko. Bainan badakigu, jakin ere, oso serioski jardun direla.
Zein ziren zuen helburuak?
Helburuak baino egokiago litzake "helbie" hitza, lan ekinaldi honetan helburu batzuen jomugak aztertzea izan bai da gure egitekorik nagusiena. Bi arazo nagusi ikusten ditugu irakasle mailan gure ikastoletan: Batez, erderaz Madriltik programaketa bidaltzen badigute ere, ez digula inork euskararen programaketa bat egin. Ze euskara irakatzi behar dugu maila bakoitzean eta nola? Irakasle bakoitza ahal duena egiten ibili da orain artean, eta noski, hau ezina da. Bestalde, euskeraz dagoena ere ez dugu ondo ezagutzen.
Baina euskeraren programaketa zuen eginbeharra ahal da?
Ez dakigu eta ez digu axolarik ere. Dakiguna, hau da ezin gintezkeela goitik etorriko zaigun argi-izpi miragarri baten zai egon. Gauzak honela izanik, guk programaketa bat osatu nahi dugu. Programaketa hori zabalduko da, eta nahi duenak kritikatu, kritika dezala. Prest gara sujerentzi guziak kontuan hartzeko.
Eta zergatik ez da lan hau lehenago egin?
Zail da erantzutea, baina gure ikastolaren haurtzaro zail honetan, beste arazo askok betetzen du gure burua: Ekonomia dela, estatukoak direla, gurasoak, gizartea, haurrak... Garrantzi haundiko arazoak denak. Baina, hain xuxen ere, ahazten ari ginen nunbait zertarako sortuak ziren ikastolak. Eta pentsatzen dugu norbaitek ekin behar diola lan honi ere. Ez da, beraz beste lanak txartzat hartzea gure nahia. Ez horixe. Baina bakoitzak bere alorrean lan egiteko eskubiderik ez duen garaian...
Eta nola egin duzue zuen lan hori?
Gure lana hasi egin dugu, besterik ez. Urtean zehar egindakoak emanen du gure nahien erantzuna jator ala zitala den. Dena dela, lan "prebio" edo aurreko bat egin zuten Xabier Mendiguren eta Anjel Lertxundik. Lehenak gramatikaren programaketari buruzkoa, eta hizkuntzaren kreatibitateari buruz bigarrenak. Ondoren, bi programaketak eztabaidatu ziren mailaz maila. Bestalde, zenbait ikastolatan erabili den materialaren kritika egin zen. Gainerontzean, zenbait ikastolatan egindako lana ezagutzeko bideak ere izan genituen. Honela, egun badakigu maila bakoitzerako zer dagoen eginik, eta ze hutsune dauden. Eta zein dauden hutsune hoiek betetzeko prest.
Baina baziren lan ekinaldian ez ziren irakasleak ere...
Noski... bainan guk egindakoaren berri zabalduko dugu ikastola guztietara, eta baita lan honetan jarriko liratekeen zenbait euskalzaleren eskutara ere. . Hitzaldiak, mailaz-mailako bileren txostenak, erabakiak, taldeen osaketa... Hitz batean, lan ekinaldiaren "dossier" osoa zabaldu nahi da.
Taldeen osaketa esan duzu. Zertarako lirateke talde hauek?
Lehen hutsuneak aipatu ditugu, eta taldeak hutsune hoiek betetzen ahalegintzeko sortuak dira. Mailaz osatu dira taldeak. Bestalde, eginik dauden lanen kritika bat, eta behar den kasoetan aldaketaren bat egiteko ere bai. Lan luzea, beraz.
Gogoa...
Lanerako gogo izugarria nabarmendu dugu. Urtean zehar lanerako gogo berdinarekin jarraitzen badugu, garrantzi haundiko ikastaroa jo genezake 1973-1974 ikastaro hau.
Beste gairik?
Zenbait ikastolatako esperientziak agertu dira. Interesgarrienak bezala, Errenteriako Itziar Idiazabal-ena "Taldeen heziketa"ri buruzkoa, eta Zarauzko Imanol Urbietarena "Musika heziketa"ri buruzkoa.
Uzta oparoa gerta dakiela zer besterik opa dizaiekegu.
Aldi berean Hazparnen izan da beste ikasaldia. Irailaren 3, 4, 5, 6 eta 7an hain zuzen ere. Hau dela eta hemen izan diren andereño batzutara hurbildu gara.
Bai, bai. Ez daukagu ezer gordetzekorik. Haurrekiko gure zeregina aztertzen jardun gara. Nola lan egin 6 urte bitarteko haurrekin eta zer hortik goragokoekin.
Azaldu ezaiguzu mesedez lehenik, zer egin duzuen haur ttipien mailan?
Haurrak bere barrua azaltzen ikasi behar du eta haurrak hizketan ikasi behar du. Horregatik mintzatu gara haur hizkuntzaren desarroiloaz, elkarrizketa eta pronuntziazioaz, irudi bat nola landu, ipuin bat nola erabil, ipuin baten fitxa nola egin, gauza bat behar bezala ulerezteko ariketaz, marrazki lanean nabari daiteken eboluzioaz, zentzuen funtzinamenduaz.
Irakurtzen ere hasi beharko dute bada noizbait?
Bai, oinarrizko heziera hasi aurretik irakurtzen hasiak egotea egoki da. Gai hontaz hauxe aztertu genuen: irakurketa irakaspen egoera hots, une hontan haurrak zein egoeratan aurkitzen diren; irakurketaren helburu nagusiak eta alderdi jeneralak; irakurketa heldutasuna, hots, irakurketa aurretik egin behar den zenbait ariketa.
Eta aztertu ahal dituzue irakurketan erabili izan diren metodoak?
Noski. Metodo tradizionala, analitikoa, globala, Freineten aportazioa eta abar ikusi ditugu. Hortaz kanpo, irakurketa mekanika errazteko ariketak, gauza uler eraztekoak, irakurketan aurkitzen den zenbait zailtasun, nola gainditu aztertu genituen. Bilinguismoaz ere hitzegin genuen.
Haurrak ordu asko igarotzen ditu ikastolan. Eta zuek ere gauza gehiago egiten dituzue haur hoiekin. Zer alderdi interesgarri aztertu duzue ikasaldi hontan?
Gorputza, espresio bezala harturik. Jokoak, jolasak, abestiak, dantzak, ipuinak duten garrantzia. Zer lortu nahi litzateke ariketa hauen bidez urtean zehar? Nork bere gorputzaren nagusigoa, mugimenduen zailtasuna, irudimenaren lanketa, haurrak bere ideak libroki azal ditzen. Sikomotrizitatea ere aztertu dugu.
Hori guztia sei urte arteko haurrentzat. Baina hortik aurrera oinarrizko heziera hasten dute. Zer alderdi landu dituzue?
Jardun batzuk "gorputza espresio bezala harturik" egin ditugu Mayans gidari genuelarik. Beste batzuk "ingurua aztertzeko metodologiaz" Riudor maixu genuelarik. Hiru puntu nagusi miatu ditugu hortaz: geografiaren, soziologiaren eta zientzien didaktika.
Beste gairik aztertu duzue?
Derriorrezkoa. Hizkuntzaren arazoa. Euskeraren programa mailaz maila. Irakurgaiak, hiztegia, aditza eta abar.
Barkatu. Azkeneko galdera. Pozik geratu ahal zarete Hazparneko azken batzar hontaz?
Gehienok oso pozik. Gure lana aztertu dugu oraigoan. Hirurogeiren bat lagun bildu gara ikasteko gogoz. Agian gai gehiagi izan ditugu hain denbora laburrean aztertzeko. Guk ere dena batera nahi izaten dugu eta. Baina asko egin dugulakoan gaude.
Esker mila denoi. Udako zuen lan honek eman dezala bere etekina haurrengan datorren ikastaroan.
ERRIALDE
12