argia.eus
INPRIMATU
Turismotik bizi, ala nekez bizi?
Sukar Horia @HoriaSukar 2025eko apirilaren 30

Duela urtebete eskas Espainiako aireportuen sarea kudeatzen duen AENA enpresa publikoak iragarri zuen Loiuko aireportuko terminala handitu nahi duela. 2024an 7 milioi bidaiariren langatik gertu gelditu zen eta, handitzeak aurrera eginez gero, 2030. urtetik aurrera 13-14 milioi inguru hartzeko gai izango litzateke. Hau da, bost urteren buruan bikoiztu egingo litzateke gurera inportatu eta guretik esportatzen dugun turista kopurua.

Handitze horrek, dagoeneko turistikoki tentsionatuta egoten hasi den Hego Euskal Herriaren testuinguruan kokatuta, ondorio kaltegarri nabarmenak izango lituzke, ez bakarrik ingurugiroan, baita euskal gizarte-ehunean ere. Dagoeneko nabaritzen hasiak gara horren eraginak: geroz eta agerikoagoak dira turismoaren izenean eta instituzio publikoen babespean egiten den euskal kulturaren merkantilizazioa eta folklorizazioa, gune berdeen artifizializazioa, ondare historikoaren suntsiketa, eta, zer esanik ez, turistifikazioak eragiten duen etxebizitza larrialdia.

“Baina turismoa ona da ekonomiarako eta enpleguak sortzen ditu”, errepikatzen digute. Egia da, turismoak aberastasuna neurtzeko erabili ohi ditugun adierazleak puzten ditu, baina mozkin horietako zenbat heltzen zaizkio benetan herri xeheari? Enpleguak sortzen ditu, baina zer baldintzatan? Turismotik bizi gara ala turismoa da gure miserien kontura bizi dena?

Egia da, turismoak aberastasuna neurtzeko erabili ohi ditugun adierazleak puzten ditu, baina mozkin horietako zenbat heltzen zaizkio benetan herri xeheari?

Horren aurrean ezinbestekoa dugu antolatzea, aliantzak sortzea, begirada ekofeminista eta antirrazista txertatzen dituzten balizko alternatibak artikulatzeko. Errealitate bizigarriak eraikitzea beharrezkoa da, turismoak okupatutako espazioari beste erabilera bat emateko eta sortu dituen lanpostu prekario horien ordez lanpostu duinak aldarrikatzeko. Maiatzaren Lehenean, inoiz baino zentzudunagoa da turismoak sortzen duen prekaritatea salatzea eta hori zuritzen dutenak seinalatzea.

Eta zu (ni, gu), urtero maparen ifrentzua kolonizatzera zoazen hori, planteatu ezazu nondik datorren behar hori, zer dela eta sentitzen duzun zure bizitzatik ihes egiteko beharra. Ea bizitza hori bizigarriagoa egiten duen sistema batean ez ote ginatekeen etxean geldituko, lagun eta senide artean, komunitatean, zoriontsu.

Horregatik, Sukar Horiako kideok maiatz antituristikoa antolatu dugu, Turismoa, inbasio isila? izenburupean, eta gonbidapena luzatu nahiko genioke nahi duen orori, hilabete osoan Bilbon beste herri mugimenduetako eragile batzuekin egingo ditugun ekintzetara. Turistifikazio suntsitzailearen aurrean, antolakuntza!