argia.eus
INPRIMATU
Muga-zergek depresioa areagotzen dute
Nagore Irazustabarrena Uranga @irazustabarrena 2025eko apirilaren 16a
1920ko hamarkadaren amaieran AEBetako nekazariek babes neurriak eskatu zizkioten gobernuari. Argazkia: Agroicultura
1920ko hamarkadaren amaieran AEBetako nekazariek babes neurriak eskatu zizkioten gobernuari. Argazkia: Agroicultura

Washington (AEB), 1930eko ekainaren 17an. AEBetako Kongresuak Muga-Zergen Legea onartu zuen. Smoot-Hawley Legea ere esaten zaio Reed Smoot senatariak eta Willis Hawley diputatuak bultzatu zutelako.

Legeak 900 produktu ingururako inportazio zerga-mugak %40 eta %60 artean igo zituen, estatubatuar enpresak eta nekazariak babestu asmoz.

1920ko hamarkadaren europar nekazariak Lehen Mundu Gerrak eragindako hondamendia atzean uzten hasi ziren, ekoizpena handitzen hasi zen, nazioarteko konkurrentzia areagotu zen eta elikagaien prezioek behera egin zuten. Gainera AEBetako nekazari asko zorpetuta zeuden, urte horietan ekoizpena optimizatzeko inbertsioak egin baitzituzten. Gogoan izan behar da garai hartan herrialdeko eskulanaren %20 inguru lehen sektorean aritzen zela.

Zenbaitentzat muga-zergek mundu osoan izan zuten eraginak Bigarren Mundu Gerraren piztaileetako bat izango ziren hainbat urte geroago

Horregatik, 1928an, Hervert Hoover presidente hautatu zutenean, nekazariek presioa egin zuten neurri protekzionistak har zitzan.
Smoot-Hawley Legea 1929ko maiatzean aurkeztu zuten kongresuan eta Hooverek 1930eko ekainean sinatu zuen. 1929ko kraka gertatu zen tartean, urte hartako iraila-urrian. Beraz, muga-zergak Depresio Handiaren hasierarekin batera iritsi ziren. Eta krisia arindu ordez, areagotu egin zuten.

Neurriak inportazio askori eragin zien: arropa, petrolio-upelak, azukrea, arrautzak… Besteak beste, Kanadak eta Europak antzeko neurriekin erantzun zuten eta, hurrengo bi urtetan, AEBetako inportazio nahiz esportazioek %40 inguru egin zuten behera. Legea indarrean jarri baino lehen AEBetako produktuen atzerriko salmenta 7.000 milioi dolarrekoa zen, eta 1932an ia herenera jaitsi zen, 2.500 milioitaraino. Eta ondorioak ez ziren soilik AEBetan nabaritu.

Zenbaitentzat muga-zergek mundu osoan izan zuten eraginak Bigarren Mundu Gerraren piztaileetako bat izango ziren hainbat urte geroago. Thomas Lamont presidentetzako aholkularia izan zen Hooveren agintaldian, baita J.P. Morgan inbertsio-bankuko akzioduna ere. Bere esanetan, “lege hark nazionalismoa bultzatu zuen mundu osoan”. Eta zera gaineratu zuen: “Ia belauniko jarri nintzen Herbert Hooveren aurrean, legeari betoa jarri ziezaion erregutzeko”. Ez dakigu ahalegin hura benetakoa izan zen ala ez. Dakiguna da muga-zergen ondorio negatiboak jakin ondoren erakutsi zuela kontrako jarrera irmo hura.