Vienako Simmering auzoan kirol-zelai bat berritzeko lanetan ari zirela, 150 gorpu dituen hobi komuna topatu zuten 2024ko urrian. Erromatar legionarioak zirela ondorioztatu dute, eta K.o. 100 urte inguruan hil zirela. Edo, hobe esanda, hil zituztela.
Gorpuak edozein modutara ehortzi zituzten eta indarkeria arrastoak dituzte. Horrek esan nahi du eraso edo gatazka bat egon zela, eta, Novetus arkeologia enpresako adituen arabera, gertakaria funtsezkoa izan zen hiriaren jatorrian.
Erromatarren porrotak Vindobona garnizioa gotortzea eta sendotzea eragin omen zuen eta hori, Martin Mosser arkeologoaren hitzetan, "giltzarria izan zen Vienaren hastapenetako konfigurazio urbanoan".