Ez da Aberri Eguna, Aberri Aukera da euskaldunok behar duguna. Urtean behin errepikatzen dira balizko alderdi zein talde abertzaleen deialdiak, data hauetan, Euskaldunon aberria Euskadi/Euskal Herria da aldarriaren inguruan. Egun bateko kontua izaten da, hala ere. Eta ez batera egina, gainera.
Egia da txalogarria dela azken bost urteotan Aberri Egun bateratua lortzeko lanetan ari den herri ekimena. Baina ez du gauza handirik lortu, bistan denez. Alderdi eta talde bakoitzak berera deitzen du, toki desberdinetan, Aberri Eguna izena bera bai, baina beste ezer ez. Ez aldarriaren mamia, ez data bera ere ez dituzte adosten.
Aurten, esate baterako, data historiko ofiziala Pazko igandea izan arren, apirilaren 20a, deialdietarako datak multiplikatu egin dituzte. Goiztiarrek apirilaren 4rako deitu dute Aberri Egun propioa Itsasun, “Euskal Estatu Sozialista” eraikitzera; ondorengoek, apirilaren 11rako Donostian “herri gisa elkartzeko”; apirilaren 20rako, Pazko igandez, ugaldu dira deialdiak, eta Gernikara edo Garazira, Bilbora zein Iruñera konbokatu dituzte herritar abertzaleak. Kasu bakoitzean deitzaileak zein edukiak arras desberdinak dira.
Egun bakarrerako entsalada ozpindua bihurtu zaigu askori Aberri Eguna. Ez da hori behar eta nahi duguna. Benetako Aberri Aukera behar dugu, ordea. Euskal Herria nazio batu, burujabe, euskaldun, justu eta librea lortzeko aukera erreala behar dugu. Euskal Herria estatu independentea, Europaren eta mundu osoaren aurrean. Horixe da, hain zuzen ere, alderdi zein talde abertzaleei eskatzen dieguna: bide argi, bateratu eta koherentea ados dezatela, bakoitzaren programa eta alderdi-interesen gainetik, Euskal Herria nazio demokratiko independente gisa antolatu ahal izateko.
Egun bakarrerako entsalada ozpindua bihurtu zaigu askori Aberri Eguna. Ez da hori behar eta nahi duguna. Benetako Aberri Aukera behar dugu
Baina gure nahigabea eta harridura pizten dituzte sarritan alderdi eta talde abertzaleek. Ikus, bestela, nola birsortu duten Ipar Euskal Herrian Batera izeneko plataforma eta, ezagupen instituzionala sustatzeko, zer eta… Lyongo metropolia proposatzen diguten inspirazio iturri! Ildo beretik, EH Bilduko buruzagiek konstituzio espainiarraren barruko estatu konfederala edota itun federala proposatzen dute, PSOEren gobernuekin aliantzak elikatzen dituzten bitartean. Edota EAJn, hor dugu zuzendaritza “berritua” hartu duen Aitor Esteban bera. Madrileko kongresuan egin dioten agur beroaz hunkituta, “arduratsuak izan eta gobernu espainiarraren aurrekontuak onartzera” deitu gaitu euskaldunok, bertoko estatus berriaren esperantzak, aldiz, urruntzen dituen bitartean.
Hortik ezin ekarri Aberri Aukerarik. Ez dugu propagandarako eta zuriketarako Aberri Egun gehiagorik behar. Eskatzen duguna oso bestelako bidea da, euskara ardatz hartuta, Euskal Herri osoak bat egin eta naziogintza adostua garatzea. Bide horretan koherentzian jokatzen duten ordezkari, politikari, alderdi eta talde abertzaleak behar ditugu.
Euskal Herriaren historia moderno eta garaikidean begiratzen badugu, aurkituko dugu eredu baliagarririk. Lehen Aberri Eguna 1932. urtean deitutako ekitaldi bakarra izan zen, Bilboko Kale Nagusian, Sabin Aranaren etxe atariraino, eta 60.000 herritar inguruko jendetza bildu zuen. Aurten, deialdiak, aldarriak eta herritarrak sakabanatu egingo dira. Baina Aberri Aukera zabaltzeko beste adibide baikorrak baditugu gure historia garaikidean, eta horietan Lizarra Garaziko Hitzarmena dugu eredu, 1998ko iraila-urrian 23 euskal alderdi, sindikatu eta talderen artean lortu genuen bide-orri bikaina.
Aberri Aukera egunera ekarri behar dugu, eta askatasunerako bideak zabaldu Euskal Herrian.