Ukrainako gerrar hasierako zergatiak ez dira azaldu zizkigutenak bakarrik, beste arrazoi batzuk ere badaudelako. Errusiak zioen Ukrainako errusiar hiztunen defentsarako urrats bat eman behar zuela; Ukrainako Gobernuak, aldiz, Errusiaren armadari aurre egin behar zitzaiola, inbasioa geratze aldera. Baina ezkutuan geratu zen lur arraroen auzia, Mendebaldeko agintariek begiak ipinita zeuzkaten lur preziatu horietan, etorkizuneko ekonomian protagonismo itzela izango baitute.
Nolanahi ere, lur arraroak gaurko ekonomiarentzat lehengai estrategikoa dira: Adimen Artifizialean, auto elektrikoetan, mugikorretan, espazio ontzietan eta industria militarrean. Lur arraro horien planetako ustiapen gehiena Txinan gauzatzen da. Izan ere, hirutik bat, bederen, Txinako meategietatik ateratzen dira, eta herrialde hartatik inportatzen dituzte, bai AEBek zein EBk, Txinarekiko menpekotasuna uka ezina delako. Eta hor sartzen zaigu Ukraina, non lur arraro ugari dauden, munduko existentzien %7; halaber, meategi gehien Errusiak eskuratutako eremuan kokatzen dira.
AEBetako demokratek “dirulaguntza” andana eman zioten Ukrainari, horrela Errusia ahulduko zutela pentsatzen baitzuten, eta Trumpen garaipenarekin, egoera erabat aldatu da. Nire uste apalean, Trumpek Errusia erakarri nahi du eta Txinatik aldendu, hobe baita Errusia bezalako etsai batekin adiskidetzea borrokatzea baino; gainera, Errusia militarki eta ekonomikoki, antza, ez da hain arriskutsua.
Helburu hori kontutan hartuta, bai Trumpek zein bere aginte taldeak berreskuratu nahi dituzte Bidenek emandako dirutzak, eta lur arraroen ustiapena jarri dute AEBen eta Ukrainaren arteko negoziazioen erdian, horrela zorrak kitatuko dituztelakoan.
Europarrok kontzientziatu nahian, Errusiarekiko izua sartu nahi digute, militarizazioa onar dezagun. Baina Errusiak noiz inbaditu du Europa? Begi bistakoa da alderantziz izan dela
Azken finean, munduko ekonomia banatu nahi dute hiru herrialde nagusiek, XIX. mendean Britainia Handiak eta Frantziako Estatuak egin zuten moduan. Orain, antza, AEBek, Errusiak eta Txinak banatu nahi dute mundua, EB kanpoan utzita.
Bestalde, protagonismoa eskuratze aldera, EBko agintariek pentsatzen dute defentsarako industria izan daitekeela oinarri sendoa, atzeratuta geratu zaigun ekonomiari bulkada emateko. Horretarako, europarrok kontzientziatu nahian, Errusiarekiko izua sartu nahi digute, militarizazioa onar dezagun.
Baina Errusiak noiz inbaditu du Europa? Historiari gainbegirada bat ematen badiogu, begi bistakoa da alderantziz izan dela azken mendeetan. Izan ere, Napoleonek inbaditu zuen; boltxebikeek boterea hartu ostean, errusiar “armada zuriaren” laguntzaile frantziar eta britainiar gobernuek; eta Hitler ere Errusian sartu zen eta 26 milioi sobietar hilotz utzi zituen. Beraz, oso zaila egiten zait nireganatzea, orain, Errusiak Europa inbadituko duenik.
Baina nola defendatu Europa? Izan ere, industria militar europarra ahula da, salbu Frantziako Estatukoa eta Britainia Handikoa. Gainontzeko herrialdeetan gutxitxo ekoizten da eta, berrarmatzekotan, AEBei erosi beharko dizkiegu armak, jadanik armetan gastatzen dugunaren %55 han egiten baitugu. Haatik, AEBekiko menpe jarraituko dugu, eta herrialde horretako industria militarra profitatuko da.
Epe motz eta ertainean AEBei armak erosten jarraituko dugu, bestela, jai. Eta soldaduak nondik lortuko ditugu? Prest gaude soldaduen hilotzei harrera egiteko, gure oligarken patrikek diruz gainezka egiten duten bitartean? Espero dut gure artean, berriro, mugimendu antimilitarista irmo bat sortuko dela.