argia.eus
INPRIMATU
Teknologia
Teknologia kakatsua eskuratzeko kurba
Diana Franco Eguren 2025eko apirilaren 09a

Ekonomialariei asko gustatzen zaizkie merkatuen jokabideak adierazten dituzten grafikoak, kurbak alegia. Deigarria egin zait zentzu horretan Pluralistic webguneko “The future of Amazon coders is the present of Amazon warehouse workers” artikuluan (Amazonen programatzaileen etorkizuna da Amazonen biltegietako langileen oraina) Cory Doctorow egileak egiten duen analogia. Langileen ikuspuntutik ikertzen ditu lan merkatuen kurbak, eta teoria bat du: "Shitty technology adoption curve", euskaraz "teknologia kakatsua eskuratzeko kurba". Teoria horren arabera, etorkizunean zure lanean teknologiak izango duen eragina aurreikusi dezakezu, bazterkeria egoeran dauden pertsonen aurka nola zabaltzen den ikusita.

Azken urteetan, teknologien industria handienek kaleratze masiboak egin dituzte (Amazon, Google, Meta…), nagusien soldatak eta enpresen inbertsioak handitu diren bitartean. Hortaz, kaleratzeak ez ditu beharrak bideratu, baizik eta teknologiak emandako botereak. Langileekiko botere hori handitze bidean, programatzaileek Adimen Artifiziala erabili dezaten Amazon ahalegin handiak egiten ari dela dio artikuluak, haien gain duen mendekotasuna murrizteko. Programatzaileen lanaren zentzua ere aldatzen doa: jada ez dute euren adimena arazo tekniko konplexuak ebaztera zuzentzen, txatbot batek modu automatikoan sorturiko kodea berrikustera mugatzen da euren lana. Eta noski, errazagoa da kode-berrikusleak ordeztea programatzaileak baino. Makinaren zerbitzura jartzen ditugu ez soilik gorputzak, iraultza industrialean bezala, baita adimena ere, gizakion gaitasunen ustiaketan kapitalismoak hartu duen bide honetan.

Artikuluak erakusten duen Amazonen errealitatea gurera etorriko da. Jakinaren gainean gaude. Gure klase onurak langileon arteko segregazioa bultzatzeko balio izan du, baina horri buelta bat eman beharko genioke, joko berean ez jausteko. Teknologia kakatsua eskuratzeko kurba gainditzeko bide bakarra langileon arteko elkartasuna da.