Ikaslez lepo zegoen Leioako Hezkuntza Fakultatea pasa den asteazkenean, Samantha Hudson zetorrelako. 1999an jaiotako Mallorcako artista, abeslari eta influencer transgeneroa da. Kantatzen Duen Herria topaketetako izarrak ilara amaigabea zuen selfie eta autografoak emateko, eta areto nagusiko aforoa gainditu zuen bere solasaldiak.
Zirrara handiz hartu nuen haren solaskide izateko proposamena, celebrity bat ezagutzeko kuriositateagatik, baina, batez ere, Bimboficadas podcastean entzuten dudalako bere diskurtso transfeminista eta antifaxista, abestien letretan ere agerikoa dena. Esaterako, Por España-n “marikoi judutar-masoi, emagaldu, sorgin budu” gisa aurkezten du bere burua eta Paco kaudilloarekin fantasia sadomasokistak irudikatzen ditu ironia lotsabako osoz.
16 urterekin ospetsu egin zen, arte eszenikoetako Batxillergoko ikaslea zelarik. Bideoklip bat filmatu behar zuen ikus-entzunetako ikasgairako, eta abesti sakrilego ikoniko bat sortu zuen (Soy maricón / pero también soy cristiano / Ellos no me aceptan porque follo por el ano). 'Bikain' jarri zion irakasleak, baina bestelako erreakzioa izan zuen Erlijiokoak. Gotzainarengana jo zuen eta Abogados Cristianos gisako erakunde kontserbadoreek nerabearen kontrako izugarrizko kanpaina abiatu zuten. Traumatikoa izan bazen ere, orduan jaio zen Samantha Hudson pop-izarra.
Galdera mordoa egin zioten ikasleek solasaldian: bere pertsonaiari buruz, bisexualitateari buruz, gizon aliatuen paperari buruz… Batek galdetu zion zer bide hartu behar duen gazteriak gizartea eraldatzen jarraitzeko, kontuan hartuta langile mugimendua zein mugimendu feminista klasikoak krisian daudela. “Premiazkoa dugu antolatzea. Etxebizitza eskubidearen aldeko manifara joan zaitezte. Sindikatu zaitezte”, erantzun zuen Samanthak.
Villano Antillanorekin abestia estreinatu zuen biharamunean Hudsonek. Puerto Ricoko raplari transgeneroak Bimboficadas-en azaldu zuen emakume transen mamua astintzea dela Trump administrazioaren agenda faxistaren funtsezko estrategia.
Kuir mugimendua neoliberala dela uste dute askok. Kontrakoa deritzot nik: XXI. mendeko antifaxismoa ez du Marteens eta bomberdun gizon batek gorpuzten, ipurmasailak begi-bistan uzten dituen minigona eta azazkal postizoak daramatzan pertsona trans ez binario politizatu batek baizik.