Garai kuriosoak bizi ditugu eta bizi gaituzte, zinez. Hezkuntza krisian dela dioten garaiak dira eta, gutxien-gutxienean, aliritzira, ba aizue, 2.361 urte ditu gaurgero boladatxoak.
Ez zen ba debalde joan Aristoteles bere maisu maite Platonen akademiatik lizeo bat muntatzeko. Lizeo bat, bistan dena, akademia zahar horiek ez bezala, garai berrien joeretara ongi ekarritakoa, beraz, modernoagoa (klasikoagoa?), memoria instrukzio kontzeptual hutsa gainditzera zetorrena, non hondar helburua pentsatzen ikastea izanen baitzen, askatasunean pentsatzen ikastea, hain zuzen ere.
Pen-tsa-tzen-i-ka-si, ez disimula, ezaguna egiten zaizu, hezkuntza komunitateko kamarada aunitz eta arras sufritu hori. Bazen haiena begirada luzeko proiekzioa gero! Ai, Aristotelesek baleki... Ai, ai, maistrak baleza.
Afera da horretarako metodologia eta teknika berriak ezartzea ezinbertzekoa iruditu zitzaiola urrezko mediaren filosofoari, eta, gauzak horrela, pentsamendu, hausnarketa eta dena delakoak paseatzen irakastea erabaki zuela. Hartan, hasi ziren peripatetikoak korridorean goiti eta beheiti pentsatzen ikasten eta ikasten pentsatzen, ttipi-ttapa. Hezkuntzaren krisiaren kontu hori ere akaso silogismora ekartzeko tentazioa izanen zuten lizeo ibilzale hartan; Hezigune guztiak krisian dira. Akademia hezigunea da. Beraz, akademia krisian da. Orain eta in secula seculorum.
Bi mila eta piko urteren buruan, inoren harridurarako, hezkuntza krisian da, izan ere, hezkuntza krisian egotea behar duen sistema batean bizi gara
Bi mila eta piko urteren buruan, inoren harridurarako, hezkuntza krisian da, izan ere, hezkuntza krisian egotea behar duen sistema batean bizi gara. Eta asmatzen ditugu hortaz teknikak eta programa berriak, metodologiak bernizatzen dira eta tramankuluak ekartzen, ikasle bakoitzeko bana, akabo miseria! Bide batez, izena aldatzen diegu oinarrian beti hor izan diren eta izanen diren edukiei eta aztoratzen gara, gaitasunik gabeko kontzeptuak eta kontzepturik gabeko gaitasunak posible balira bezala eta pedagogia kritikoak horretarako tresnarik eman izan ez baligu gisan. Finitzeko, enpresari gorbatadun horien hiztegi eta erran-moldeak gurera ekartzen dizkigute denak serios itxura har dezan, nahiz eta zuk eta biok badakigun Lanpostuen Eskaintza Telematikoan zein Ordezkagunean gure lehen lana lortu eta erretreta egunera arteko bidea krisi hutsa izanen dela diskurtso ofizialetan.
Han joan da magisteritza graduko ikasle bat, praktiketako bere lehen egunean, Mari Carmenen gelara, eta eskatu die honek haurrei ailegatu berriari azaldu diezaiotela zer behar den maisu on bat izateko. Erantzun dute, erantzun dutenez: zenbakiak eta letrak jakin beharko dituzu, haurren izenak baita ere, ongi zaindu beharko duzu, jostailuak izan beharko dira pilaka, leitzen eta kartak idazten erakutsi beharko duzu, baita errieta egiten eta poesia idazten ere, haurren sekretu batzuk gurasoei kontatu beharko dizkiezu, dantzan eta kantuan jakin beharko duzu, antzerkia egiten, ipuinak kontatzen, antolatzen eta lan ederrak egiten, triste dauden haurrak animatu beharko dituzu eta urduri daudenak lasaitu, haurrekin egunero-egunero solas egin beharko duzu. Kitto.
Eta gutxi ez denez, ba, aizue, hor duzue curriculum bat, jakintzak, plazerak, aitortzak, arauak, afektuak dakarzkiena, kontzeptuzko, prozedurazko eta jarrerazko edukiz betea, gaitasunak kontuan hartzen dituena eta, bidenabar, hezkuntza kontu hauetan adituenek pentsatutakoa eta garaiz kanpokoa dena, berdin balioko dizuena bihar zein etzi zein 2.361 urte barru.