Berriki zabaldu da Gazako lurralderako Egiptok egindako hirigintza-antolaketa plana. Marrazki batean jaso dira etorkizuneko kale, eraikin eta iruditeria, oraindik metraila eta lehergailuen usaina darion errealitate baten gain. Hirigintza proposamena, beste bonba jaurtiketa bat bailitzan erabilia. Itsasertzeko etxe banakako eraikinak, hedonismoko arkitektura baten ikur gisa hedatuta, gintonic bat terrazako igerilekutik itsasaldera begira. Genozidioaren lurren gain kapitalari egindako irudiei lizuna eta nazka darie.
Publikoa egin den Gazarako hirigintzako planak (agian boterea publizitatzeko tresna gisa erabilia bakarrik) gerratea gauzatzeko erabili den militarizazio eskema errepikatzen du: militarki kontrolatua izateko diseinatuta dago. Gaza mugako 1,5 km-tako gunea “zor-eremu” bilakatu da hegazkin bidezko eraso kimikoek landa pozoitu ostean. Zoruari emankortasuna kendu eta helburu militarrentzat erabilgarri egin da. Plangintzak eraztun berde bat proposatzen du eremu horretan. Airezko suntsiketa egiteko hainbat igarobide sortu dira ekialdeko perimetroan zehar, eta plangintzak bulebar kale nagusi bilakatu eta itsasaldearekin lotu ditu, Gaza zatikatu eta indarrez hartzeko erraztuko duten bideak sortuta. Gazak defentsarako berezko kale-ehundura korapilatsua zuen bitartean, hirigintza planak ehundura ortogonal sinple bat diseinatu du, erasokorragoa izan dadin.
Gerratearen ondorenean berreraikuntza prozesu bat dator ezinbestean, baina hondeatzaileak lurraldearen lehen sinbolo izatea presazko garbiketarako plan baten oinarria da. Eraikinak, sarraskiaren arrastoen gordailu eta gertakarien testigu isilak. Eraikinen hala moduzko suntsiketa, gerraosteko bigarren biolentzia-eragile.
Gaian adituak direnek diote gerraterik gabeko lurraldeetan militarki frogatutako plangintzak erabiltzen direla gizartearen kontrolerako, erabilitako moduak askoz nahasgarri eta sotilagoak badira ere.