Adolfo Bioy Casares (1914-1999) idazle argentinarrak 1940an idatzitako La invención de Morel (Morelen asmakizuna) eleberria mugarritzat jotzen da gaztelaniaz idatzitako literatura fantastikoaren esparruan. Nobela motza bezain sakona da, aparta bere bakantasunean, batez ere generoak nahasteko eta iraultzeko erakusten duen ahalmenagatik. Lagun min zuen Jorge Luis Borgesek lan “perfektua” zela esan zuen, nobelaren ahalegin berritzailea tarteko.
La invención de Morel liburua genero fantastikoari lotzea, idazle argentinarraren lana gutxiestea litzateke. Ehun orrialde eskasean, askotariko generoak eta kontzeptuak biltzeko kapaza da Bioy, hala nola detektibe-nobeletako trama, bakardadea, maitasuna, zinemako teknikak edota errealitate birtuala, hori guztia irla batean kokatuta.
Morelen itzala hainbat diziplinetara zabaldu da –Wikipedian jasotako erreferentziei begiratua ematea baino ez dago eragin horren dimentsioaz jabetzeko–. Bada, eleberriak aurten 85 urte beteko ditu, eta urteurren horren harira, Ellice irletara, egun Tuvalu gisa ezaguturikoan kokatutako Villings uhartera bidaiatuko dugu, iheslari bakarti bati loratuko zaion maitasuna betikotzeko asmoz.
Jorge Luis Borges idazleak, La invención de Morel liburuko hitzaurrearen egileak, zera esan zuen: “(Adolfo Bioy Casaresek) mirarien Odisea bat zabaltzen du, zeinak ematen duen haluzinazioa edo sinboloa beste gakorik onartzen ez duen, eta guztiz deszifratzen du naturaz gaindikoa ez den postulatu bakar baten bidez”.
Irla ustez bakartia
“Gaur, irla honetan, miraria gertatu da: uda aurreratu egin da”, esaldi zoragarri horrekin abiatzen da liburua, nabigazio bideetatik kanpo dagoen uharte batera iritsi den iheslari baten istorioa kontatzeko. Iheslaria, letra larriz: hori baino ez dugu ezagutuko protagonistari buruz.
Uhartea ustez hutsik dago, ez da inor bizi. Harik eta protagonistak hotel edo bainuetxe itxura duen eraikin bat topatuko duen arte. Bertan ostatu hartzen ari den turista talde bat ezagutuko dugu. Horietako batek, Faustine izeneko emakumeak, gure protagonistaren jakin-mina piztuko du, andrearekin grinatsuki maitemintzeraino. Emakumeak, baina, ez dio kasu ziztrinik ere egingo. Izan ere, ematen du Faustinerentzat iheslaria ikusezina dela. Egoera honela deskribatzen du protagonistak: “Ez zen izan entzun ez banindu bezala, ikusi ez banindu bezala; belarriak entzuteko balio ez balute bezala izan zen, begiek ikusteko balio ez balute bezala”. Egoera arrotz horren aurrean, iheslaria detektibe bihurtu eta ikertzen hasiko da; laster jakingo du turistek behin eta berriz errepikatzen diren gertakizunak bizi dituztela, eta ez direla haragizko gizakiak, baizik eta irudiak, proiekzio halografiko baten bidez mugitzen direnak, egungo errealitate birtualean nola. Iritsiko da antzematera sistema teknologiko horren arduraduna turisten artean dabilen Morel izeneko asmatzailea dela.
Kontakizunari erantsitako izaera tekniko horren bitartez, Bioyk bestelako dimentsio fantastiko bat sortzen du, zeinak generoaren konbentzio ezezagun bat sortzen duen; izan ere, ordura arte, literatura fantastikoan oso ohikoak ziren irudien edo mamuen errepresentazioak. Baina argentinarraren kasua erabat desberdina da: Morelen asmakizunak benetako izakiak irudietan harrapatzen baititu, izakiok eternitate espektral batean betikotzeko.
Zientzia fikzioan aditu den Teresa Lopez Pellisa ikerlari espainiarraren arabera, “Morelen makinak errealitate birtual moduko bat sortzen du, teknologia zinematografikoaren eta holografikoaren arteko fusioan oinarritua, zeinak uhartean astebeteko oporraldia errepikatzen duen, betirako itzulera lazgarrian murgildua”.
Horren guztiaren jatorria Bioyk txikitatik zinearekiko zuen pasioan aurkitzen da –grina hori oso agerikoa zen XX. mende hasierako hainbat idazle latinoamerikarrengan–. Idazlea txikitatik izan zen zinemazale sutsua. Amak, baina, txikitan debekatu egin zion zine-aretoetara joatea. Heldu ahala, ordea, zinemazale amorratu bilakatu zen, eta bere biografian nabarmentzen denez, zine mutuko emakumezko aktoreekin maitemindu zen, hala nola Louise Brooksekin; Faustine pertsonaia, hain justu, aktore horretan inspiratzen da.
“Nire oroitzapen intimoenak filmetako gogorapenekin uztartuta daude. Baina ez dakit zer neurritan eragin duen zinemak nire narrazioetan”, hitzok Carlos Dámaso Martínezek 2007an plazaratutako El arte de la conversación. Diálogo con escritores latinoamericanos liburukoak dira. Bioyk argi zuen, baina, bere eleberria “tranpa bat izan daitekeela zinemazaleentzat”, testua film baten bidez kontatzeak dakarren zailtasunengatik, zineak berak istorioan duen garrantzia tarteko.
Zine areto bat
“Munduaren amaierari itxaroteko aukeratuko nukeen lekua zine areto bat izango litzateke”, aitortu zuen Bioyk bere memorietan, 1994an. Bada, La invención de Morel zinemara eramateko Bioyk aipatutako zailtasunak gorabehera, eleberri labur horren eragina agerikoa da ikus-entzunezkoaren arloan, eta bere influentzia sarritan azaleratu da pantailetan.
1960ko urteetako modernitatearen ordezkari Alain Resnais zinegilea eta Alain Robbe-Grillet idazlea film bat egiteko bildu zirenean, azken horrek lau zirriborro eraman zituen. Zine zuzendariari laurak gustatu zitzaizkion, baina L'Année dernière (Pasa den urtea) izenekoa aukeratu zuen. Filma aretoetara iritsi zenean, 1961ean, izenburuak Marienbad hitza gehituta zuen: L'Année dernière à Marienbad (Pasa den urtea Marienbaden). Hilario J. Rodríguez idazle eta zine kritikariak 2024ko hondarretan plazaratutako El año pasado en Marienbad. Recuerdos del futuro (Pasa den urtea Marienbaden. Etorkizuneko oroitzapenak) liburuan biltzen duenez, Marienbad hitza gidoia lantzen ari zela erantsi zion Robbe-Grilletek izenburuari, hain zuzen, La invención de Morel iturri hartuta, liburuaren pasarte batean hauxe irakurtzen baita: “Dantzan egiten duen jendea, paseoan ari dena eta igerilekuan igerian egiten duena, Los Tenquesen edo Marienbaden aspaldi finkatutako udatiarrak nola”.
Eleberriaren influentzia agerikoa izanagatik ere, Robbe-Grilletek eragin hori ukatu egin zuen filma estreinatuta egindako zenbait elkarrizketetan. Eleberria frantsesera itzuli zenean, 1950ean, Robbe-Grilletek Critique aldizkarian kolaboratzen zuen, eta Bioyren nobelaren inguruko testu bat proposatu zuen argentinarraren lana laudatzeko. Haatik, frantziarraren aburuz, liburuan jorratutako gai nagusiak hobetu zitezkeen: memoria, bakardadea eta iragana aldatzeko gaitasuna. Antza denez, nobelaren eragina oso nabarmena izan zen gidoiaren lehen zirriborroan, zeinetan pertsonaiek izen latinoak zituzten, nobelan kontatutako antzeko egoerak agertzen ziren eta istorioa irla batean gertatzen zen. Film enigmatikoak bi sari lortu zituen, Frantziako kritikaren Méliès saria eta Veneziako Zinemaldiko Urrezko Lehoia, bai eta Oscar sarietarako gidoi onenaren hautagaitza ere.
Irla galdua: Lost
Morelen asmakizunaren izpiak telebista pantailara ere iritsi dira; esaterako, telesailen kulturan gaur arte iraun duen haustura eragin zuen Lost (2004-2010) laneko laugarren denboraldiko laugarren atalean, Sawyer izeneko pertsonaia La invención de Morel irakurtzen agertzen da. Telesailaren sortzaileak eleberriaren zaleak dira eta behin baino gehiagotan adierazi dute nobelatik zanga-zanga edan zutela telesaila sortzeko.
Hilario J. Rodríguezen iritziz, Lost telesailaren arduradunek mashup bat egiten jakin zuten, zeinak The Flinstones eta L'Année dernière à Marienbad bateratzeko gaitasuna zuen, herri kultura goi kulturarekin aurreiritzirik gabe uztartuz, eta, era berean, La invención de Morel-en oinarritu ziren.
Telesailaren eta nobelaren arteko loturak, baina, ez dira beti hain nabarmenak, lausotu egiten baitira beren sotiltasunean. Halere, zantzu batzuk detektagarriak dira. Adibidez, irlan daudenek burua galtzeko duten arriskua. Telesailaren bigarren denboraldian, pertsonaietako batek, Hurleyk, gogoratzen du flashback baten bidez amak eroetxe batean sartu zuela. Nobelako iheslaria ere antzeko kinkan dago, bizi dituen gertaera sinestezinen zioa zoroetxeko egonaldi bat dela amesten duenean: “Bart hauxe amestu nuen: eroetxe batean nengoen. Mediku batekin kontsulta luze bat izan ondoren (prozesua?), familiak bertara eraman ninduen. Morel zuzendaria zen. Laster jakin nuen irlan nengoela; laster sinetsi nuen eroetxean nengoela; laster eroetxeko zuzendaria nintzen”.
Alfonso Cardenalek Vidas Perras. Cuentos musicales del Sofá Sonoro (Bizitza Latzak. Soinu-sofako musika-ipuinak) izenburuko liburua argitaratu berri du. Bertan, herri-musikaren historiaren bazterretan abandonatutako kultuzko hogei musikariren zorigaiztoko biografia... [+]
Roald Dahl idazle irakurriaren umeentzako hainbat lan berritu dituzte: “lodi” eta “itsusi” bezalako adjektiboak desagertu dira, baita esaldiren bat gehitu ere ileordea eramatea ez dela ezer txarra adierazteko, esaterako.
Galizian jaioa, Bruselan egin du kasik laneko aldi guztia. Biologia eta Medikuntza ikasketak eginagatik ere, gisako lanik ez herrialdean bertan, eta bakailao-ontzi batean itsasoratu zen, noizbait, biologo. Europako arrantza ikuskaritzan zen lanean laster. Idazle aipu eta sona... [+]
Annie Ernaux idazle frantsesa saritu du Suediako akademiak. Nobela autobiografikoak idatzi ditu batez ere, eta hainbat irakur daitezke euskaraz, 'Pasio hutsa' eta 'Gertakizuna' eleberriak, besteak beste. Bere obraren ausardia eta zehaztasun klinikoa saritu ditu... [+]
Ekain honetan hamar urte bete ditu Pasazaite argitaletxeak. Nazioarteko literatura euskarara ekartzen espezializatu den proiektuak urteurren hori baliatu du ateak itxiko dituela iragartzeko.
Voltairine de Cleyre (1866-1912) XX. mendeko mugimendu anarkista eta feministako emakume garrantzitsuenetariko bat izan zen, Emma Goldmanekin batera. Feminismoa boto-eskubidearen aldeko borrokara mugatzen zen garaian, Cleyrek bide berriak ireki zituen eta gaur eguneraino iraun... [+]
Anbereseko Central Staationen aurkituko du liburu honetako narratzaile izenik gabeak Jacques Austerlitz, bere iraganaz oroitu ezin den gizona. Hamarkadaz hamarkada eta hiriz hiri luzatuko dira bien arteko solasaldiak, lainoan bildutako memoria argitzeko ahaleginean. Idoia... [+]
Esloveniako literaturak azken mendea begien aurretik pasatzen ikusi duen idazlea galdu du. Boris Pahor 108 urterekin zendu da astelehen honetan Triesten.
Mundua dardarka jarri duen gerra baten lekuko garen une honetan, joan den mendeko lehen gerra handian girotutako nobela bat publikatu da ostegun honetan Frantziako Estatuan. Eta ez edozein nobela: 78 urtez “desagertuta” egon ondoren iaz berreskuratu ziren... [+]
Alda Merini (Milan, 1931-Milan, 2009) poeta italiarra izan zen. Lan asko argitaratu zituen, tartean hamarnaka poesia liburu eta bi-hiru autobiografia (L'altra verità. Diario di una diversa, La pazza de la porta accanto eta Reato di vita. Autobiografia e poesia).
Aste honetan aurkeztu da Joseph Brodskyk idatzitako Ur marka. Veneziari buruzko saiakera. Rikardo Arregi Diaz de Herediak itzuli eta Katakrak argitaletxeak publikatu du poeta errusiar atzerriratuari euskarara itzuli zaion lehen liburua.
"Emakumeak egon ziren, han zeuden, nik ezagutu nituen, baina haien familiek eroetxeetan giltzaperatzen zituzten, elektroshock-ak ezartzen zizkieten. 50eko hamarkadan, gizona bazinen, errebelde izan zintezkeen, baina emakumea bazinen zure familiak giltzapetzen zintuen. Izan... [+]
Gauza garrantzitsua gertatu da astelehen honetan literatura euskaraz irakurtzea atsegin dutenentzat: W. G. Sebalden Austerlitz argitaratu du Igela argitaletxeak. Idoia Santamariak egindako itzulpenari esker, idazle alemaniarraren obrarik ezagunena nobedadeen artean aurkituko du... [+]
Asteazken honetan aurkeztuko dituzte Erein eta Igela argitaletxeek Literatura Unibertsala bildumako hiru lan berriak, tartean Maryse Condéren Bihotza negar eta irri (ene haurtzaroko istorio egiazkoak). Joxe Mari Berasategik euskaratua, idazle guadalupearraren obra... [+]
Wu Ming literatur kolektiboaren Proletkult (2018) “objektu narratibo” berriak sozialismoa eta zientzia fikzioa lotzen ditu, Sobiet Batasuneko zientzia fikzio klasikoaren aitzindari izan zen Izar gorria (1908) nobela eta haren egile Aleksandr Bogdanov boltxebikearen... [+]