Hezkuntza Saila: ezgai ala ez duin?

MAIDER LETURIAGA

Hezkuntzari buruzko legediak, Ekonomia Lankidetza eta Garapenerako Erakundearen eta planetako jaun eta jabeen aginduei jarraituz, ikasleek ikasketa etapa bakoitzaren amaieran “irteera-profil” jakin bat izatea bilatzen du. Ez pentsa profila zerbait itxia eta bukatua denik, ez, profila aldatuz joango da, bizitza bera bezala; profil hori eskuratzea ezinbestekoa da, esaten digute, bizitza osorako ikaskuntza-prozesuaren zati gisa. Horixe diote eta horrela nahi dute munduko jabeek eta euren nazioarteko erakundeetako zein erkidego-gobernuetako lekaioek. Jakina, irteera-profil hori oinarrizko gaitasunak eskuratzearekin lotzen dute. Dagoeneko ziurtatu dute irakaskuntzak ezagutzaren transmisioan zentratuta egoteari utzi diola eta “oinarrizko gaitasunak” eskuratzera biratu duela. Berritsukeria horren guztiaren emaitza: ikasleek gero eta gutxiago ikastea, irakasleok gero eta etsiago egotea eta, arrazoi beragatik, gero eta gutxiago irakastea (susma dezagun: eta horiek izango balira benetako helburuak?). Ebaluazio diagnostikoak argi adierazi du.

Bada, deabruak naramala hau egia ez bada: Hezkuntza Sailak ez du irteera-profilik eskuratu. Duela urte batzuk hezkuntza-metafora arruntagoak erabiliko genituzkeen, hala nola “irakasgaia ez duela gainditu” edo “etxerako lanak ez dituela egin”, baina irakasgaiak, etxerako lanak, baita irakasleak ere, desagertzeko trantzean daudenez, erabil ditzagun irudi garaikideagoak: ezgai hutsak dira, ez dituzte gutxieneko gaitasunak eskuratu.

Egunotan, komunikabideei esker jakin dugu Hezkuntza Sailak euskal hezkuntza sistemaren azken ebaluazio diagnostikoaren emaitzak aztertu zituenean prentsaurrekoan datu oker batzuk eman zituela. Hasteko, dirudienez, astelehen arratsalde batean gobernuaren prentsaurreko bat egitea oso ezohikoa da, batez ere aipatutako emaitzak bezain garrantzitsua den gai baterako. Sare sozialak egunero gizentzen ditugu eta horrek ondorioak ditu, besteak beste, kazetaritza profesionalaren prekaritatea bultzatzea. Gaur Begoña Pedrosaren prentsaurrekoa eta bihar Zornotzako moto-kros lasterketaren berri eman behar badu, oso litekeena da astelehen arratsaldean Lakuara bertaratzen den kazetaria sailburuak esaten duenaren ohar batzuk hartzera mugatzea eta kito.

Komunikabideei esker jakin dugu Hezkuntza Sailak euskal hezkuntza sistemaren azken ebaluazio diagnostikoaren emaitzen prentsaurrekoan datu oker batzuk eman zituela

Prentsaurrekoaren bideoa Eusko Jaurlaritzako Irekia web orrian ikusgai dago. Nork pasako du ordubete hitzontzikeria burokratiko-pedagogiko jasanezina entzuten? Ordu luze batez hitz egiten dute azpimarratzeko, batez ere, sailaren asmoa eta helburuak, hau da, zer lortu nahi duten. Asmatu daitekeenez, emaitza akademikoak eta irakaskuntzaren kalitatea hobetzea bilatzen dute, erabateko konpromisoa dute hobekuntzarekin, nola ez ba! Oso helburu laudagarria, hobetzeko tartea benetan handia da. Ederto, baina hori wishful thinking da, suposatzekoa baita asmoak ez direla txarrak izango, ez behintzat asmo aitortuak (itxuratuak?). Hala ere, kontua ez zen proba baten emaitzak aztertzea?

Kazetari espezializatu batek –eskerrak oraindik gelditzen direla– ebaluazio diagnostikoaren datuak aztertu zituen eta Lakuara joan zen etxerako lanak eginda. Zuzenak ez ziren datuak eman zirela jakinarazi zuen, eta gero zutabe bat idatzi zuen, “Hezkuntza sailaren manipulazio ariketak” titulupean. Euskaraz egin zuen, gaztelaniaz hedapen handia duen egunkari batean…; susmoa dut oharkabean pasatu zela.

Bi aukera besterik ez ditut ikusten: edo erratu dira (errare humanum est) eta, beraz, agerian jarri dute ez dutela beren lana egiteko gaitasunik (norbaitek ikusi behar baitzuen akatsa, zabaldu baino lehen); edo, bai, datuak manipulatzen saiatu dira eta, kasu horretan, ez dute nahikoa duintasunik saila lideratzen jarraitzeko.

Bidali zure iritzi artikuluak iritzia@argia.eus helbide elektronikora

ARGIAk ez du zertan bat etorri artikuluen edukiarekin. Idatzien gehienezko luzera 4.500 karakterekoa da (espazioak barne). Idazkera aldetik gutxieneko zuzentasun bat beharrezkoa da: batetik, ARGIAk ezin du hartu zuzenketa sakona egiteko lanik; bestetik, egitekotan edukia nahi gabe aldatzeko arriskua dago. ARGIAk azaleko zuzenketak edo moldaketak egingo dizkie artikuluei, behar izanez gero.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Iritzia
Gasteizen, eskaleak soberan daude

Duela aste batzuk, Diputazio kalean, Gasteizko erdigunean, bi gizonek etxerik gabeko pertsona bat bota zuten lo egiten zuen lokalaren kanpoaldeko eskailera-buru txikitik. Bota ez ezik, berehala metalezko baranda bat ere jarri zuten lonjaren aurrean. Lokala luzaroan hutsik egon... [+]


Teknologia
Burokraziaz

Wikipedian bilatu dut hitza, eta honela ulertu dut irakurritakoa: errealitatea arrazionalizatzeko metodologia da burokrazia, errealitatea ulergarriago egingo duten kontzeptuetara murrizteko bidean. Errealitatea bera ulertzeko eta kontrolatzeko helburua du, beraz.

Munduko... [+]


2025-04-02 | Ula Iruretagoiena
Lurraldea eta arkitektura
Hirigintza militarra

Berriki zabaldu da Gazako lurralderako Egiptok egindako hirigintza-antolaketa plana. Marrazki batean jaso dira etorkizuneko kale, eraikin eta iruditeria, oraindik metraila eta lehergailuen usaina darion errealitate baten gain. Hirigintza proposamena, beste bonba jaurtiketa bat... [+]


2025-04-02 | June Fernández
Meloi saltzailea
Zedarriak

Bizitza erdigunean jartzeko abagunea ikusi genuen feministok zein ekologistok Covid-19 pandemia garaian. Ez ginen inozoak, bagenekien boteretsuak eta herritar asko gustura itzuliko zirela betiko normaltasunera. Bereziki, konfinamendu samurra pasa zutenak haien txaletetan edo... [+]


Segurtasuna, etorkinak eta beldurra

Segurtasun falta dagoen irudipena handitu dela azaldu du Eustaten azken txostenak. Gurean, Trapagaranen, Segurtasuna orain, delinkuenteen aurka manifestaziora deitu dute herritar batzuek.

Bi izan dira sentsazio hori zabaltzeko arrazoiak. Batetik, udalak Udaltzaingoaren... [+]


2025-04-02 | Castillo Suárez
Erantzunak

Badira etxebizitzak saltzeko atarietara harpidetuta daudenak, etxe bat erosi nahiko luketelako. Tarteka etxeak ikusteko hitzorduak ere egiten dituzte, eta seguru nago saltzaileak badakiela pertsona horiek ez dutela etxea erosiko, ez bisitan etxeari aurkitzen dizkioten baina... [+]


Haurtzaroaren denbora

Haurtzaroaren amaiera eleberri distopikoa idatzi zuen Arthur Clarkek, 1953. urtean: jolasteari utzi dion gizarte baten deskribapena. Eta ez al da bereziki haurtzaroa jolasteko garaia? Jolasteko, harritzeko, ikusmiratzeko eta galdera biziak egiteko unea. Ulertzeko tartea zabalik... [+]


2025-04-02 | Cira Crespo
Espainiako bandera

Juan Bautista Bilbao Batxi idazleak barku batean egiten zuen lan, eta bere bidaietako kronikak bidaltzen zituen Euzkadi egunkarira. Horri esker, XX. mende hasierako mundu osoko kronika interesgarriak ditugu, euskaraz. 1915eko ekainean, hain zuzen, Murtzian egin zuen... [+]


2025-04-02 | Ximun Fuchs
Nora (eta nola)

Antzokiko argiak piztu dira. Diskretuki, pasabideetan nabil: emanaldi eskolarra hastear dago. Gazteak korrika doaz beraien eserlekuetara, bizi-bizi eta alai. Ateraldiak askapenaren zaporea du, baina askatasun sentsazio hori gaztelaniaz edo frantsesez mintzo da. Goiz honetan,... [+]


Euskara: makila guztien zahagia

Hizkuntzakeriatik edo glotofobiatik eta, zer esanik ez, euskararen aurkako gorrototik, askotan ikusi izan dugu gure euskara makila guztien zahagi bihurturik. Azkena, Anton Arriola Kutxabankeko presidentea ibili zaigu makilakari lanetan gure hizkuntzari astindu eta makilakada... [+]


Badago lotura Euskal Yaren eta AHTren artean Nafarroan

Ez dezazuela lotura hau Ezkiotik bilatu, ez eta Altsasutik ere, are gutxiago Ebro ibaia Castejonetik zeharkatuz. Euskal Yaren eta Nafarroako AHTaren arteko lotura, edo hobeto esanda, loturak, dagoeneko errealitate bat dira. Pluralean dauden lotura horiexek dira kezkatu beharko... [+]


Apirilak 6, justizia euskararentzat

Ez atera zalapartarik, ez konfrontatu, ez biktimizatu... eta obeditu. Subjektu zapaldu gisa, kasu honetan euskaldun gisa, mintzo gara, zenbatetan entzun behar izan ditugu halakoak? Ironiaz, honelaxe esan zuen, duela bi urte, Euskaltzale Independentiston Topaketan, Amets... [+]


Borrokak balio du: Israel Premier Tech, ez aurten, ez inoiz

Aurten "Israel Premier Tech" txirrindularitza talde israeldarra ez da Lizarraldeko Miguel Indurain Sari Nagusia lasterketara etorriko. Berri ona da hori Palestinaren askapenaren alde gaudenontzat eta munstro sionistarekin harreman oro etetea nahi dugunontzat, izan... [+]


2025-03-27 | Kontxita Beitia
Atzo bezain ozen! NATO pikutara soldaduskarik ez

Intsumituek denbora luzez egindako borroka gogorra eta mingarria izan zen, baina irabazi zuten, eta garaipen hura behin betikoa izango zela uste genuen, atzera bueltarik gabea. Baina badirudi, politikari batzuen ahotik aterata, eskalada militaristari gorazarre egin eta berriz... [+]


Eguneraketa berriak daude