Antifa hardcore
Lee-Kore + Hoben
Autoekoizpena
---------------------------------------------------------
Tamalez ez da ohikoa Arrasaten hardcore kontzertuak egitea, bestelako musika eszenak nagusitzen direlako. Hala bada, joan den larunbatean herriko gazte batzuen ekimenez horretarako parada izan zen Gaztetxean. Bost talde igo ziren agertokira eta doinu gogorrak eta metaleroak nagusitu ziren. Horien artean, lerrootara ekarri ditudan bi talde: Zumaiako Hoben eta Oñatiko Lee-Kore. Ez nuen ez bata ez bestea ezagutzen, eta sorpresa ederra izan zen biak, deskubritzea aurreiritzik gabe, zuzen-zuzenean eta gordinean, haien esentzian.
Lee-Kore-k batez ere harritu ninduen mezuaren irmotasunagatik, nondik gatozen eta zer garen gordinki aldarrikatzeagatik eta duen indarragatik. Eta Hoben taldeak thrash sinesgarri eta zinezkoa egiteagatik, teknikagatik eta indarragatik. Biak ala biak, Euskal Herriko undergroundean aritu eta gauzak oso argi dituzten trebatutako bi talde interesgarri.
Hala, ahots grabeagoa eta harcoretik crust zein death-era hurbildu eta tarteka rapeatzen duen Lee-Kore basapiztiak; eta thrash bortitzenaren sasikume izanda harago doan Hoben laukote zumaiarrak indarrak batu dituzte “mundu mailako faxismo eta eskuin muturraren gorakadaren aurrean euskarri kultural hau sortzeko, zeinek eragin nahi duen pentsamendu eta praktika erreakzionarioen aurka kontzientzia duten horiengan”.
Emaitza Antifa hardcore izeneko partekatutako disko hau da, 24 minutu intentsotakoa. Antifa hardcore izeneko kantua bi ahotsetara abestutako hardcore-metalero pisutsua da, bi taldeek batera interpretatutakoa. Zuen ordua iritsi da crust-ean zein Anestesiaren eremuetan barneratzen den metal pisutsua. Frente a frente ia doinu industrialetan amiltzen den thrasha, tarteka rapeatua. Ezin dutena isilarazi tenpo erdiak eta death-aren mugak uztartzen dituen pieza guturala. Gure historia Slayer eskolara joan zeneko proba. Eta, azkenik, Amorru oihuak, KOP talde kataluniarra inspirazio eta iturri hartuta, bizirik gaudela taldean oihukatu eta abesteko nolabaiteko metal "dantzagarriagoa", koroak ere badituena, baina balekoa, jakina.