Defentsarako gastua handitzeko Europako herrialdeen apustuaren atzean, asko dago propagandatik, eta askoz gehiago interes ekonomikotik. Kontrakoa sinetsarazi diguten arren, XVIII. mendean Ingalaterran Industria Iraultza jaio zenean, armak eta gerra izan zituen oinarri, eta ez merkatu librea edo berrikuntza teknologiko baketsua, Priya Satia historialariak Empire of guns (Armen inperioa) liburuan erakutsi duen moduan. Segurtasunaren izenean industriari bultzada emateko tentazioaren aurrean, ispilu hori begiratu beharko genuke.
Inbertsioa erasorako baino defentsarako bada, ni lasai geratzen naiz”. Baieztapen hori agian sinesgarri eta guzti egingo zitzaion martxoaren 11n Euskadi Irratia entzuten ari zenari. Baina Eusko Jaurlaritzako Industria sailburu Mikel Jauregik gurinarekin janarazi zigun mezua –Guau.eus atarian daukazu zintzilik audioa–, ez da batere xaloa. Gerra propaganda da. Edo hala dio gerra propagandari buruzko lehen manamenduak behintzat.
Anne Morelli historialari belgikarrak 2001. urtean argitaraturiko Principes élémentaires de propagande de guerre (Gerra propagandarako oinarrizko printzipioak) liburutxoan dator gerraren beharraz konbentzitzeko aipatu lehen argudio hori: “Ez dugu gerra nahi, defendatzen ari gara!”. Morelliren printzipioak oso ezagun egin ziren, garbi erakusten dutelako botereak zein erraz manipulatu dezakeen iritzi publikoa komunikabideak erabilita. “Orrialdeotan Morellik azaltzen duen guztia egunero ari gara bizitzen, Ukrainako gerrarekin eta Palestinako zibilen masakre handiarekin”, dio orain Rafael Poch kazetariak gaztelaniazko enegarren berrargitalpeneko hitzatzean.
Europako mandatari nagusien artean zabaltzen ari den diskurtsoa errepikatu baino ez du egin Jauregik. Europako Batzordeko presidente Ursula Von der Leyenek 800.000 milioi euroko berrarmatze plana aurkeztu du, “preparatuta egon gaitezen”, eta Defentsa ministro ugarik jadanik eskatu dute euren aurrekontua handitzea, horretarako zorpetze muga kendu eta arau fiskalak aldatu behar badira ere. “Putinen gerra Europaren kontrakoa da”, esan du Alemaniako kantziler berri izango denak, Friedrich Merzek. Bigarren manamendua: egotziozu ardura etsai zitalari.
Gerra pedagogiaz sartzen da
Europar Batasunean lau urtetan gastu militarra –utikan “defentsa”, “segurtasun” eta bestelako eufemismoak– ia bikoizteak albo kalte sozialak izango dituela jakina da, Net Hurbil-en jadanik abisatu genuen (Europak armak erosiko ditu, zuri pentsioa kenduta, 2.863 zk.) eta urtebete geroago, Le Monde Diplomatique-n antzeko zerbait esatera etorri zaizkigu Fréderic Lebaron eta Pierre Rimbert soziologoak, L’Europe martiale, une bombe antisociale (Europa martziala, bonba antisoziala) deituriko artikuluan.
Lebaronek eta Rimbertek gogora ekarri dute Le Monde-k editorial batean esandakoa: gastu militarra handitzeak “sakrifizio mingarriak” suposatuko dituela eta, horren aurrean, iritsi dela garaia boto-emaileen artean “pedagogia” egiteko. Frantziako Estatuan pedagogia hitza ezarri zen, besteak beste, 1980ko desindustrializazio garaian edo 2005ean Europar Konstituzioari baietz esateko. Orain, “gerraren pedagogia” ezarriko dute, “eta ez da merke aterako”, dio soziologo pareak.
Nola egiten da hori? Adibidez maitekiro, gure sailburu jaunak egin bezala, irratiko entzuleari belarrira xuxurlatzen egungo gerrak “digitalak” direla. Akaso misil balistikoek mikrotxipak daramatzate soilik tripetan? Edo mehatxuka, NATOko idazkari nagusi Mark Ruttek bezala: “Ez badute behar militarretara BPGaren %2 baino askoz diru gehiago bideratzen, hemendik lauzpabost urte barru errusiarra ikasi beharko dute”.
XVIII. eta XIX. mendeetan Erresuma Batuak armak milioika esportatu ahal izan zituen mundura, berdin esklabotzarako nola gerretarako
Azken bi mendeetan europar liberalismoak zabaldu duen kontakizunak dio, librekanbioa dela inperioen arteko gatazkak saihesteko modurik onena. Montesquieuk berak ere la paix hartu zuen ahotan: bakea lortzea omen da merkataritzaren “ondorio naturala”. Baina halako baieztapenak ebidentzia historikoak kontuan izan gabe egiten direla nabarmendu dute Lebaronek eta Rimbertek: “Munduko historiak argi erakutsi du inperialismoaren –militarra zein ideologiko-erlijiosoa– eta globalizazio kapitalistaren arteko lotura”, eta hori guztia ez zela preseski eraiki modu baketsuan. Ai la paix ditxosozkoa, zenbat gerra egin dira bere izenean?
Birminghamen hasi zen engainua
Inperioetan handiena Erresuma Batuak eraiki zuen, eta kasu paradigmatiko hori aztertu du Priya Satia historialariak. 2018an idatzi eta hedabide nagusien artean kritika oso onak izandako Empire of guns (Armen inperioa) liburuan, Industria Iraultzari buruz orain arte iritsi zaigun historia mitifikatuaren oso bestelako ikuspegia dakar.
Ingalaterrako ehungintza tailerretako aurrerapenek eta lurrin-makina bezalako asmakizunek bultzaturiko prozesu baketsu baten gisan irudikatu dugu Lehen Industria Iraultza. Baina Satiak erakutsi duenez, gerra inperialisten altzoan egindako kontratu militarrek bultzatu zuten industrializazio hori: “Erresuma Batua momentu oro egon zen gerran, edo gerrarako prestatzen, edo gerratik errekuperatzen. Bake garaietan ere, jendeak egintzat jotzen zuen gerra berehala etorriko zela”, dio historialariak.
Londresko Dorretik, Ordnance Office (Artilleria Bulegoa) arduratzen zen kontratu horiek banan-banan egiteaz, eta Birminghamgo tailerrak izan ziren onuradun nagusiak. Hiri hartan eskulangile bakoitzak bazuen bere zeregina: honek mosketoientzako giltzak egiten zituen, beste honek kanoiak limatu, hangoak hurritz-kulatak moldatu... Inork ez zuen zuzenean armarik egiten, baina denek parte hartzen zuten industria militar erraldoi hartan. Horrela, XVIII. eta XIX. mendeetan Erresuma Batuak armak milioika esportatu ahal izan zituen mundura, berdin esklabotzarako nola gerretarako. Adibidez, Napoleonen kontrako kanpaina militarretan, 1803 eta 1815 artean, hiru milioi moskete ekoitzi ziren.
“Britainiar estatua hasieratik inplikatu zen armagintza industriaren garapen teknologikoarekin”, dio Satiak. Hainbesteraino inplikatu, ezen arma ekoizleak estatuaren menpeko bihurtu ziren. Orduan, armagintza auzi “publiko-pribatu” bihurtu zen eta gobernuak fiskalitatea aldatu zuen hori guztia ordaindu ahal izateko.
Industria Iraultzaren garaian kuakero ingelesek arma ekoizpen masiboa zalantzan jarri zuten, euren erlijio eta moralaren kontra zegoelako
Hamargarren manamendua: edo nirekin, edo nire kontra
XXI. mendeko “gerra keynesianismo” berria erretrobisore horren bidez ikus dezakegu agian –Rolls Royce autogintza enpresak edo BAE Systems konpainiak, milioi askotako kontratuak sinatu dituzte Erresuma Batuko Defentsa ministerioarekin–.
Baina badago historiako beste ispilu bat kasu askorik egiten ez zaiona: antimilitarismoarena. Industria Iraultzaren garaian kuakero ingelesek arma ekoizpen masiboa zalantzan jarri zuten, euren erlijio eta moralaren kontra zegoelako. Ondorioz, armen trafiko globala arautzeko lehen saiakerak egin ziren herrialde hartan, Satiak bere liburuan nabarmendu duenez.
Kuakeroen postura hori aitzindaria izan zen. Hurrengo mendeetan militarismoaren kontrako eta armagabetzearen aldeko mugimenduak suspertu ziren han eta hemen. Hala, 1901ean Glasgowen egin zen Bakearen Kongresu Unibertsalean, ekintzaileek pacifist (bakegile) hitza erabili zuten aurrenekoz. Langileen artean, berriz, klase kontzientziak piztu zuen antimilitarismoa.
Testuinguru horretan, Lehen Mundu Gerraren atarian, intelektual askok bakearen aldeko manifestua sinatu zuten. Gauza bera egin dute oraingo testuinguruan 3.000 intelektual inguruk, europar agintarien adierazpen belizistek aztoratuta. Baina kontuz! Hemen Morelliren gerrako propagandako hamargarren manamendua: gure printzipioak zalantzan jartzen dituena, traidorea da. Edo nirekin zaude, edo nire kontra.
Historia errepikatzen dela idatzi zuen Marxek, “lehenik tragedia gisa, gero fartsa moduan”. Armagintzaren eta militarismoaren inguruan errepikapen hutsa ez, espiralean goraka doan buklea ari gara bizitzen, fartsatik asko duena, eta tragedian amaitzeko gero eta aukera... [+]
Europako Batzordeak aurkeztu duen plana ustezko gerra edo hondamendi baten aurrean “bizirauteko” kit batetik harago doa: hogeita hamar neurri proposatu ditu eskoletan, enpresetan eta herritarren artean militarismoa eta beldurra sustatuko dutenak.
“Ez dugu gerraren aurrean etsi nahi, ez dugulako hilerrietako bakea nahi”, dio manifestuak, eta agintariei irtenbide politiko baten alde lanean jartzeko eskatu diete. Sinatzaileen artean daude Delàs institutua, Gernika Gogoratuz edo Ongi Etorri Errefuxiatuak... [+]
Antropozentrismoaren aldaera traketsena eurozentrismoa izan zen. Europako mendebaldea, geografikoki, Kontinente Euroasiarraren penintsula txiki bat besterik ez da, baina lau mende luzez gertaera demografiko, teknologiko eta ideologiko batzuk zirela medio, bazter horretako... [+]
Martxoaren 8a, Emakumeen Nazioarteko Eguna, munduan zehar milioika emakumeontzat berdintasuna, eskubideak eta justizia eskatzeko borroka eguna da. Hala ere, gerrek, gatazkek eta politika militaristen hazkundeak markatutako testuinguru global batean, inoiz baino premiazkoagoa da... [+]
"Ez gaude prest lauzpabost urte barru datorkigunerako. Arriskua ziztu bizian dator guregana. Aurre egin behar diogu: Ukrainan gertatzen ari dena hemen ere gerta liteke” (...) “Errusia, Txina, baina baita Ipar Korea eta Iran ere, gogor ari dira lanean Ipar... [+]
Zerrenda honetan, 2016az geroztik armagintza programaren batean parte hartu duten enpresak sartu ditu Gasteizkoak taldeak, edo militarrentzako produktu espezifikoak garatu dituztenak (ibilgailuak, pinturak, bateriak…). Hego Euskal Herrian sortuak, edo Hego Euskal... [+]
Lehen aldia da Hego Euskal Herriko euskal gehiengo sindikalak armagintza industriaren moldaketaz taldean eta modu publikoan hitz egiten duena. Aurreko hilabeteotan mugimendu antimilitaristak bilera bana egin du lau sindikatuokin, produkzio militarra “sozialki... [+]
Armagintzaren “moldaketa eraldatzailerako” proposamena publiko egin berri du mugimendu antimilitaristak. Conversión de la industria militar en Euskal Herria para no fabricar más guerras (Armagintza industriaren moldaketa Euskal Herrian, gerra gehiago ez... [+]
Lau ardatz nagusiren inguruan egin dute 2024ko azterketa: indarkeria matxista; lurraldea; gerra eta gatazka armatuak; eta eskuin muturra. Euskal Herrian “erresistentziak metatzea” funtsezkoa dela ondorioztatu du Talaia Feministak, eta analisiaren sozializazioaren... [+]
Duela aste pare bat Norvegiako zenbait datu plazaratu ziren. Ipar Europako herrialde hartan auto elektrikoak nagusitu dira, eta Tesla marka dute salduena; energia birziklagarriaz sortutakoa omen da han kontsumitzen denaren %90. Aldiz, Norvegiako enpresa publikoek ez dute inolako... [+]
Larunbatean Irala auzoko koarteleko ekintzarekin, #BotaKuartelak koartela eta armada guztiak desagertzea eskatu du. Gune horiek “benetako mehatxuetatik” babestuko dituen auzorako proiektuetara bideratzeko proposatu dute beste behin ere, hala nola desberdintasunetik,... [+]
Armagintzari loturiko Hego Euskal Herriko “enpresa, zentro edo erakundeak” hirukoiztu egin dira azken hamabost urteetan, Gasteizkoak talde antimilitaristak hurrenez hurren 2008an eta 2024an egindako ikerketen datuek azaleratu dutenez. Aurkeztu berri duten... [+]
Poligonoaren Aurkako Asanbladak deituta, igandean egin duten martxan 300 pertsona inguru izan dira. Tiro praktika eremua kentzeko eskaera izan da aldarri nagusia, baina beste bi gairi lekua egin nahi izan diete beren protestan. Batetik, Palestina eta munduan gerra jasaten ari... [+]