Topatu eta topa! Tipi-tapa, elkarrekin ekin eta, bidea, eginean egin aurrera. Mahaiak, aulkiak, koadernoak eta boligrafoak, platerak, konfidentziak, tragoak eta ahotsak, eskuak, ideiak eta barreak, borrokarako besarkada gozoak. Txistulariak bileran, erraldoiak lasterka eta txikiak auto-antolakuntzan. Postuetan kilometrorik gabeko trukeak. Keinu txikiak, urrats handiak. Hariak ehuntzen, sarea eta konspiraziorako tartea. Hori guztia eta gehiago, maiatzaren 24an, Tafallan.
Konspirazioa... hori hitz ederra hori! Gure herrian zer edo zer badakigu horri buruz, bai. Hainbat gazte zorok herrietako elizetan ikurrinak jartzen hasi eta elkarri lotuta gotzainari titiak erakusten amaitu genuen; hamaika kartzelatatik ihesi, korrika-korrika etorkinekin mugak apurtu ditugu; harresiak hegaz igo dituzte batzuek, lurrean eserita elkartasun harresiak eraiki besteek; margotu ditugu hamaika mila aldarri, kaleak, kaiak eta hegazkinak; lurrak okupatuz, okupatzaileen handinahikeriak lurrez estali ditugu.
Herri mugimendua zabala eta aberatsa da Euskal Herrian. Elkartzen garenean, indarrak biderkatu eta gauza handiak egiteko gai garela ikusi eta ikasi dugu
Herri mugimendua zabala eta aberatsa da Euskal Herrian. Elkartzen garenean, indarrak biderkatu eta gauza handiak egiteko gai garela ikusi eta ikasi dugu. Horra, azken hilabeteotan egindako ekimen jendetsuak, Palestinaren alde edo Aroztegiaren makro-proiektuaren aurka. Amuarrainak begi bi, sei ezkailuk hamabi, abesten genuen aspaldi. Bada, Burujabetza eta herri boterearen aldeko topaketen helburua da Euskal Herriko herri mugimenduari tresnak eskaintzea elkartzeko eta elkarrekin eragiteko; norbere aldarri eta ekinbideari eutsiz, norgure indar eta makulu bilakatu gaitezen.
Nola egingo dugu hori? Arloz-arloko bilkurak aurrena, janean konspiratu eta dantzan iraultza eginez hurrena. Zer behar da bertan parte hartzeko? Ilusioa, ideiak, grina, begiak, belarriak eta ahoa (azken hiru horiek ez dira halabeharrezkoak). Amaraunaren sarea sareetan ere bada: www.bameh.eus hari muturren harila, guztion artean harilkatzekoa.
Txalapartaren deiadarra kale kantoietan barna dabil, itsasotik mendi tontorretaraino orroka! Euskal Herrian alternatibak badaude, eraiki ditzagun elkarrekin!