Zenbait estatistikak berretsi dute begiak hondar urteotan ikusten ari zirena: gimnasioak (eta estetika-zentroak eta nolako-edo-halako-terapia eskaintzen duten negozioak) nabarmen ugaldu dira gurean. EITBk plazaratutako datu bat emateko: EAEn 2010-2019 urteen bitartean, zazpi gimnasio berri zabaldu ziren urtero; 2019tik 2023rako epean, ia boskoiztu zen aurreko hamarkadaren proportzioa, eta 34 gimnasio ireki ziren urtean.
Gimnasiora joateko arrazoiak askotarikoak direla diote zenbaitek, eta osasunaren garrantzia handitu dela diote hainbatek. Halarik ere, nekez uka daiteke fitness-aren gorakadak edertasun-kanon garaikidearekin duen lotura estua: gure diskurtsoa bestelakoa izanagatik ere, gorputz tonifikatuak (eta argaltasuna) maite ditugu. Gero eta gehiago, iduri duenez. Hitzak eta begiak –honetan ere– ez datoz bat.
Beharrik guztia ez den txarra: bakoitza bere jarduera fisikoan zentratzen den bitartean, aurikularrak belarrietan, ongi tonifikatua dugu bakardade kolektiboa. Auzoko dendak gainbeheran, liburutegiak –azterketariak kenduta– husten, baina gure muskuluak definituta daude.
Batzuk beste batzuk baino gehiago, betiere.