argia.eus
INPRIMATU
Teknologia
Techbro go home
Diana Franco Eguren 2025eko martxoaren 19a

Aspaldi pertsona oso zatar bat ezagutu nuen, urrun izatea komeni den pertsona horietako bat. Bere genero bereko pertsonengana zuzentzeko, gizonezkoengana, “bro” hitza erabili ohi zuen. Edozein zapaltzeko prest zegoen, bere helburuak lortzeko. Garai hartatik hitz horri halako higuina hartu nion. Bro ingelesezko brother (anaia) hitzetik dator. Berba horren erabilera AEBetako anaiarte unibertsitarioetan zabaldu omen zen. Espresio horretatik eratorritako 'techbro' berba entzuten eta irakurtzen ari naiz hainbat lekutan. Hitz horren bidez, teknologien industrian kultura edo mundu ikuskera bat definitzen da, non hiperlehiakortasuna eta maskulinitatea goraipatzen diren eta planetako gehiengoaren (gizakien zein bestelako bizidunen) bizitzaren sostengurako beharrak mespretxatzen diren, negozio eredu zapaltzaileek mugarik gabeko hazkundean etekinak sortzeko bidean. Lowtechmagazine.com webgunean diotenez, egun dugun digitalizazio ereduak (techbro-en negozio zapaltzaileen kulturak sustatua) dituen energia beharren hazkundea ez da amaituko baliabide energetikoak agortu arte, edota erregularizatu arte. Azkenaldian, gainera, techbro kulturak aniztasunarekiko duen jokabide baztertzaileak arreta piztu du. Oraindik techbro-ak nortzuk diren argi ez baduzu, hona hemen oso ezagunak diren batzuk, Donald Trump lehendakari izendatu zuten urtarrileko protagonistak: Mark Zuckerberg (Meta), Jeff Bezos (Amazon), Sundar Pichai (Google), Elon Musk (X), Shou Zi Chew ( TikTok) eta Tim Cook (Apple).

Teknologien garapenak eta horri loturiko eredu ekonomikoak modu askotarikoak izan daitezke, Euskal Herrian eragile oso interesgarriak ditugu lan horretan, teknologiak birpentsatzen, bizitza eta planeta erdigunean izango dituzten ekonomia eraldatzaileen baitan. Benetan uste dut bertan ez ditugula techbro horiek behar. Pentsamendu hauen harira, Hertzainak taldearen Yankee go home abestiaren letra etorri zait burura, eta esanahi berri ugari aurkitu dizkiot...