Hurrengo ariketa egin ezazu zure lantokian, euskaltegian edo gimnasioan:
Altxa eskua Minneapoliseko George Floyd nor den dakizuenok.
Altxa eskua Madrilgo Mame Mbaye nor den dakizuenok.
Altxa eskua Barakaldoko X nor den dakizuenok.
Mame Mbaye manteroa duela zazpi urte zendu zen Lavapiesen, bihotzekoa emanda, poliziaren jazarpenetik ihes zebilela.
X ez da hil, baina zorian egon zen eta anputazioak egin behar izan dizkiote. 2024ko martxoaren 21ean, Arrazakeriaren kontrako nazioarteko egunean, hain zuzen ere, Barakaldoko udaltzaingoak tiro egin zion hari eta beste bi mutil migratu arrazializaturi, etxe zuten tuneletik bota nahian. Eraso horren lehenengo urteurrenean prentsaurrekoa eta kontzentrazioa deitu ditu Bizkaiako SOS Arrazakeriak.
Euskal Herriko mugimendu antiarrazistak behin eta berriro salatu du honako joera: “Poliziaren basakeria arrazista” esapideak Estatu Batuetako auzoetara edo Mexikoko mugara garamatza, eta ez gure Sanfranera, Lavapiesera, Hendaiako mugara, atzerritarrentzako zentroetara.
Hiru hipotesik azaldu dezakete joera:
1- Lastoa besteren begian ikusten dugu errazago.
2- Ikuskizunaren gizartean, Hollywoodeko zantzuak dituen irudi batek erakarpen indar handiagoa dauka gure inguruko miseriek baino.
3- Euskal Herriko hedabide hegemoniko eta ofizialek Estatu Batuetako Black lives matter manifestazioen berri ematen dute, gurean udaltzainen bertsioak zilegiztatzen dituzten bitartean.
George Floyd indarkeria arrazistaren martiritzat duen gizartean, X gizon biolentoa da eta udaltzainak haren biktimak. Zehazki, Barakaldoko PSEk orduan zabaldu zuen komunikatuan poliziei eskertu zien “haien lana eta profesionaltasuna Barakaldoko herritarren askatasunaren eta segurtasunaren defentsan”. “Agenteek arauzko armarekin aurre egin zioten erasoari, bizia arriskuan zegoelako”. Hara, autodefentsa estrategia eskasak ikasten dituzte akademian, pistola bada labana baten mehatxuari erantzuteko baliabide bakarra. Bost ziren polizia gixajoak, hiru etorkin arriskutsuen kontra.
Bestalde, “Moros negros fuera” pintaketa agertu da Sanfranen, mezkita baten ondoan. Bilboko polizia gehien dituen auzoan. Ez dute ezabatu.
Euskal oasian gertatzen da, baita ere gure agintariek X eta bere lagunei herritar estatusa ukatzea.